Mostrando entradas con la etiqueta aketegi. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta aketegi. Mostrar todas las entradas

jueves, 23 de febrero de 2017

Aketegi, "Oublié" kanala, 400 metro, AD+

Aizkorriko aurtengo negua nahiko lehorra doan arren, ezohizko baldintza hotzak izan dira elurra inoiz baino gogorragoa topatuz. Hotzak pasata, elurra biguntzen hasi zen Aizkorriko ohiko elur baldintzetara pixkanaka itzuliz. Dena den, oraindik elur dexente zegoenez bisitatxo bat egiteko beharrarekin sentitzen ginen.

IBILBIDEA

Ibilbidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "Oublié" kanalaren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Ibilbideak Nardagaiztoren eskuinean (Zegamatik begiratzen badugu) pagadiaren erdian dagoen kanal erdi-izkutua jarraitzen du. Kanalaren hasiera Nardagaizto baino 50 metro lehenago dago eta hemendik gora zuzen joko dugu lehen erresalte batera iritsi arte. Erresalte hau baldintza onean topatu ez genuenez honen eskuinetik 10-15 metro eta III+ zailtasuneko bariante bat egin genuen. Bariante hau eskalatu ondoren ezkerrera zeharkaldi bat egin eta berriro ere kanalarekin bat egin genuen.

Hemendik gora kanala jarraitzea besterik ez da eta oso entretenigarria da, 40-45 gradu inguruko elur-malda (tarteka 50 graduetako tarteren bat topatuko dugu) zailtasun eta maila ezberdineko 7 erresalteekin tartekatuz, zailenak bigarren eta seigarrenak, III-IV zailtasunaren baitan daudenak. Beste lau erresalteak III mailako zailtasunaren inguruan ibiliko dira.

Kanalaren amaieran bi aukera ditugu: Aketegi erpinaren azpiko horma bertikala ezkerretik inguratu gailurrera iristeko edo eskuinera jo Nardasakon kanalarekin bat egin arte. Guk bigarren aukera hartu genuen.

Aizkorriko kanalak Zegamatik ikusita. Karratu gorrian "Oublié" kanala.


"Oublié" kanalaren krokis zehatzagoa, honen ezkerrean Nardagaizto.


ERAMANDAKO MATERIALA

Kanal honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, iltze ezberdinak, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.


Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2017/02/aketegi-oublie-kanala-400-metro-ad.html?m=1


lunes, 29 de febrero de 2016

Aketegi eta Aitxuri "Eskirol" irteeratik, 2016/02/20

Aurtengo negu "eskasa" dela eta elurretan aritzeko gogo bizia dago eta kaiolan sartuta dauden lehoiak bezala gabiltza alde batera eta bestera atera nahian. Honegatik ez da harritzekoa elurte baten ondoren inguruko mendiak mendizalez betetzea.

Aizkorriko kanalek, elurrez egoera onean daudenean, aukera paregabea eskeintzen dute kranpoi eta pioletekin jolasean aritzeko. Zailtasunari dagokionez guk nahi adina zaildu ditzazkegu, F edo PD izan daitekeen kanal bat eskalatzetik D edo MD izan daitekeen kanal batera eskalatzera. Kanal hauetan orokorrean ez dugu izotzik topatuko eta gehienetan, kanal edota irteera zailenetan batez ere, mistoan eta belar nahiz lurrean trakzionatuz eskalatu beharko dugu, gure "lasaitasuna" frogatuz.

Otsailaren 13ko astebururako aurtengo bigarren elurtea iragarrita zegoen eta larunbata gauetik astearterarte inguruko mendiak ederki zuritu ziren. Astearen hurrengo egunetan tenperatura hotza mantendu behar zenez, otsailaren 20ko asteburua gorriz markatu genuen, gure "kaiolak" ireki eta aurten lehen aldiz Aizkorriko kanalei bisita egiteko.

Elurraren kalitatea nola topatu genuen ikusita, Aketegi mendira doan "Eskirol" irteera eskalatzea adostu genuen. Jarraitu aurretik argitu beharra daukat "Eskirol" izena guk asmatutako izena dela, gure irteeretan erreferentzi bezala izateko.

Irteera honetara iristeko biderik zuzenena Aketegiko Erdiko kanala ("Nardagaizto" izenaz ere ezaguna) igotzea da. Kanal hau egoera onean dagoenean AD zailtasunaren baitan izango da, baina D zailtasunera iritsi daiteke. Kanalak duen lehen irtengunea zuzen eskalatzen badugu MD inguruan ibiliko dela uste dut. Kanalak lau irtengune ditu eta hauetatik lehenengo biak saihestu daitezke, lehenengoa eskuinetik eta bigarren ezkerretik.

"Eskirol" irteerari dagokionez, 60-70 metro inguruko irteera zuzen eta tentea da, orokorrean 50 gradu inguruan ibiliko dena. Zatirik tenteena (55-60 gradu) hasieran dauka, baina bere eskuinetik ekidin daiteke. "Eskirol" irteeraren inguruko zehaztasunak kronika honetan irakurriko ditzazkezue.

"Eskirol" irteeraren krokisa. Oraingoan Aketegiko Erdiko kanalaren bigarren irtengunea zuzen (orlegiz marraztua) eskalatu genuen.


Ibilbide osoan elurra oso bigun topatu genuen eta ia denbora osoan belaunetatik gora arrastoa irekitzen joan ginen. Irtenguneak nahiz eta elur askorekin izan (laugarrena ezik), elurraren kalitatearen eraginez ez genituen eroso eskalatu eta nahi baino izerdi gehiago bota genituen.

Jaitsiera Iraulera doan Sakonaundi kanalatik egin genuen, Kanalaundi Nagusiarekin batera jaitsiera errazena.



Irteera honen inguruko informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2016/02/aketegi-1545-m-eta-aitxuri-1551-m.html?m=1