viernes, 24 de febrero de 2023

Menditxiki: Erga

 


Irurtzunetik pasatzen Plazaolaren bide berdeti atera eta, mendi aldera jo dugu. Hasieran, asfaltozko pistatik, baina berehala lurrezkoa bihurtu eta balizatutako bidetik igotzen hasi gara, Saien Behatokira doan bidea (SL-NA 138) eta Ergako itzulia (PR-NA 210) hartu dugu, bide-seinale berriek erakutsi diguten norabidean.

 



Aldapa goran, behatokira doan bidea utzi eta, eskuinetik marrazten den xendan barrena (marra zuri eta horiak), Ergako magalean zehar igotzen jarraituko dugu. Basoan zehar ibiliz, jaisteko erabiliko dugun xendarekin bat egin dugu. Bidezidorra sigi-sagan igotzen da eta berehala, basotik atera eta langa bat ikusi dugu. Hau igaro eta ezkerretik segitu dugu. Bide nabarmenak Ergako tontorrera eraman gaitu, erpin geodesikoa eta bi buzoiren ondora.

 



Tontorretik dagoen ikuspegi ederraz gozatu eta gero, etorritako bidetik atzera egin dugu Ergako Hirutasunaren ermitaren ondora jaitsiz. Burdinazko atetik pasatu, eta baselizaren eskaileretan eseri gara atseden hartzeko asmoz. Atea itxita dago, eta ezin izan dugu bistatu, baina horren ondoan dagoen aterpe eder eta txukunean sartu, eta hamaiketakoa egitea erabaki dugu. Tenplu horri zor dioten debozioa oso aspalditik dator. Antzina, gaur egun Aginagako parrokian dagoen Hirutasun Santuaren irudia ermita horretara igotzeko ohitura zegoen. Zehazki, Hirutasun Santuaren igandean idi gurdi batean eramaten zuten. 40ko hamarkadan irudiaren kopia bat egin, eta Ergan betiko utzi zuten. Urte askotan baseliza abandonatuta egon da, 1971n bizilagunek eraikinaren zaharberritze lanen ardura hartu zuten arte.

 



Abiapuntura itzultzeko, berriro langa igaro eta xendan barrena jarraitu dugu jaisten. Lehen etorritako xenda (bide-seinale zuri eta horiak), gure eskuinera utzi eta aurrera egin dugu. Pista zabalera atera gara eta maldan behera erraz heldu gara bidegurutzera. Pistatik segituz gero Aizkorbe herrira jaitsiko ginateke, baina guk eskuinekoa aukeratu dugu, Irurtzun aldera zuzentzen dena hain zuzen ere. Basoa zeharkatu eta bide erosoak ibilaldia hasi dugun lekuraino eraman gaitu.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2023/02/erga.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario