jueves, 16 de febrero de 2023

Laukiztik Butroera

 



Laukiz, Uribe eskualdean kokatuta dagoen nekazaritza giroko udalerria bost auzoz osaturik dago. Herriaren erdigunea eta udaletxea dauden Elexalde (Elizalde) auzoan emango diogu hasiera ibilaldi honi. XVIII. mendeko San Martin eliza barroko ederra atzean utzita, Lauaxeta kiroldegiaren ondoan dagoen udaletxera joango gara, euskal olerkari eta kazetaria izandakoaren sorlekura hain zuzen ere. Haur zela, Mungiara bizitzera joan zen eta gero, Durangon, Loiolan eta Oñan, teologia ikasketak burutu zituen besteak beste. Euzkadi egunkarian ez ezik, Jesus’en Biotzaren Deya, Jaungoikozale, Ekin, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan burututako kazetari lanak olergintzarekin uztartu zituen eta, horrela, 1931n bere lehen olerki bilduma argitara eman zuen, Bide barrijak izenburupean, eta lau urte beranduago, Arrats berean. 1936an gerra hasi eta, gudari talde batean komandante modura ibili zen, 1937an atxilotu eta 31 urte zituela Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten arte.


 

Udaletxearen ondoan hasi eta bukatzen den Bazaldu ibilbide seinaleztatuak, tarte batean Gatikako lurretan barneratu eta baso mistoez osatuta dagoen Urrestimendi mendia inguratzen du. Asfaltatutako errepidetik abiatu eta, txalet eta baserri artean egingo dugu aurrera. Kilometro bat eskas bete eta bidegurutzera batera helduko gara. Bertan dagoen bide-seinaleak eskuineko bidea hartzera gonbidatuko gaitu eta bertatik, Gatikako lurretan kokatuta dagoen Libarona auzora iritsiko gara. Puntu honetan, Uribe eskualdeko 23 udalerri zeharkatzen dituen GR.280 ibilbide balizatuarekin egingo dugu topo. Ibilbide luze honek 7 etapa ditu, eta hauek osatuz gero, gure arbasoengandik jasotako ondare historiko garrantzitsua ezagutzeko parada izango dugu.

 
 

Zurigorriz balizatutako bide zabalak Butroe ibaiaren ondora eramango gaitu segidan eta, bere paraleloan kilometro bat bete eta gero, Bazaldu mendi bidea utzi eta eskuin aldera joko dugu ibaia zeharkatzen duen zubitik BI-2124 errepide aldera ateratzeko. Honen bazterretik ibiliz erraz helduko gara Maria Magadalena ermitaren ondora. Aurrez aurre dagoen aldapatik Butroe ibaira jaitsi eta hau gurutzatzen duen zubi bat zeharkatu ostean, Butroeko gazteluaren ondora helduko gara.

 

 

Hasiera batean gaztelu berezi hau dorretxea izan zen, Butroetarren familiaren egoitza hain zuzen ere. Butroe Etxea Bizkaiko leinu noblea izan zen eta, Ahaide Nagusien borroketan (XIII-XV. m.), oinaztarren alde borrokatu zen. Leinuen arteko gerrak amaitzean, gaztelua utzi eta denboraren poderioz hondatuz joan zen. XIX. mendearen hasieran, zaharberritu eta gaur egun duen itxura eman zioten. Europako gazteluetan nagusi zen estilo arkitektonikoak jarraituz, Francisco de Cubas arkitekto ezagunak egin zuen proiektua 1878an. Lau dorre, zazpi solairu eta era askotako apaingarriak dituen gazteluak itxura berezia ematen diote. XXI. mendean, 1989-1992 tartean, espazio guztiak berrantolatu eta ostalaritza zerbitzuak emateko egokitu zen. Geroago, enbargatu eta enkantean jarri zuten. Azken urte hauetan guztietan, berriz jabe desberdinak izan ditu: Bizkaiko Foru Aldundia hasieran, gerora promotore batek, eta azkenik, 2021 errusiar inbertsore batek erosi zuen.

 



Gaztelu eder honi bizkarra eman eta etorritako bidetik atzera egingo dugu Butroe ibaia zubitik zeharkatu eta Bazaldu mendi bidearekin berriro bat egin arte. Bide-seinaleek erakusten diguten norabidean jarraituz, bide zabal eta erosoak Urrestimendiren magala zeharkatu eta abiapuntura eramango gaitu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2022/12/lauzkitik-butroera.html





Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario