Irurtzunetik pasatzen Plazaolaren bide berdeti atera eta,
mendi aldera jo dugu. Hasieran, asfaltozko pistatik, baina berehala lurrezkoa
bihurtu eta balizatutako bidetik igotzen hasi gara, Saien Behatokira doan bidea
(SL-NA 138) eta Ergako itzulia (PR-NA 210) hartu dugu, bide-seinale berriek
erakutsi diguten norabidean.
Aldapa goran, behatokira doan bidea utzi eta, eskuinetik
marrazten den xendan barrena (marra zuri eta horiak), Ergako magalean zehar
igotzen jarraituko dugu. Basoan zehar ibiliz, jaisteko erabiliko dugun
xendarekin bat egin dugu. Bidezidorra sigi-sagan igotzen da eta berehala,
basotik atera eta langa bat ikusi dugu. Hau igaro eta ezkerretik segitu dugu. Bide
nabarmenak Ergako tontorrera eraman gaitu, erpin geodesikoa eta bi buzoiren
ondora.
Tontorretik dagoen ikuspegi ederraz gozatu eta gero,
etorritako bidetik atzera egin dugu Ergako Hirutasunaren ermitaren ondora
jaitsiz. Burdinazko atetik pasatu, eta
baselizaren eskaileretan eseri gara atseden hartzeko asmoz. Atea itxita dago,
eta ezin izan dugu bistatu, baina horren ondoan dagoen aterpe eder eta
txukunean sartu, eta hamaiketakoa egitea erabaki dugu. Tenplu horri zor dioten
debozioa oso aspalditik dator. Antzina, gaur egun Aginagako parrokian dagoen
Hirutasun Santuaren irudia ermita horretara igotzeko ohitura zegoen. Zehazki,
Hirutasun Santuaren igandean idi gurdi batean eramaten zuten. 40ko hamarkadan
irudiaren kopia bat egin, eta Ergan betiko utzi zuten. Urte askotan baseliza
abandonatuta egon da, 1971n bizilagunek eraikinaren zaharberritze lanen ardura
hartu zuten arte.
Abiapuntura itzultzeko, berriro langa igaro eta xendan
barrena jarraitu dugu jaisten. Lehen etorritako xenda (bide-seinale zuri eta
horiak), gure eskuinera utzi eta aurrera egin dugu. Pista zabalera atera gara
eta maldan behera erraz heldu gara bidegurutzera. Pistatik segituz gero
Aizkorbe herrira jaitsiko ginateke, baina guk eskuinekoa aukeratu dugu, Irurtzun
aldera zuzentzen dena hain zuzen ere. Basoa zeharkatu eta bide erosoak
ibilaldia hasi dugun lekuraino eraman gaitu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2023/02/erga.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario