Larla mendiaren magaletan burdin
mea-zain handi bat dago, Ustelegiko mea zaina deitutakoa. Mendiaren bi mazelen
azalean zabaltzen den mineralizazioak 3,5 kilometroko luzera du, Larraburuko
erroitzetik, hego-mendebaldetik, Pikasari arte, ipar-ekialdean. Azala, batik
bat, sideritaz osatuta dago. Larlako siderita zain aberatsa, Burdin Aroan
atzeman zuten, K. a. III. mendean. Lehen meategiak zainaren gainean garatu
ziren eta metalgintzako lantegiak meatzean bertan eraikitzen ziren. Pizkundean
eta Aro Modernoan, mea ateratzen jarraitu zuten 1914an ustiapena gelditu zen
arte.
Meategi hauek ezagutzeko, balizatutako
bi ibilbide daude: aurkikuntza xendera eta meatzarien xendera. Lehena,
laburrena, seinale berdez balizatua eta, bigarrena, berriz, luzeagoa gorriz.
Ibilbide zirkular honetan biak lotuko ditugu eta horrela, ibilbidean agertzen
diren 9 argibide-panelen bidez meategi hauen informazio zehatza jasoko dugu.
Bide batez, ibilbidetik kanpo dagoen Larlako tontorrera igoko gara.
Nafarroa Behereako Arrosa herritik
Bidarrai aldera zabaltzen den mendiko errepide txikitik igoko gara Ondaia
aparkalekuraino. Ibilgailua utzi eta errepidetik oinez 300 bat metro jarraituko
dugu ezkerretik ateratzen den lurrezko pista hartuz. Metalezko langa igaro eta
haritz eta gaztainondoen artean marrazten den xendan barrena jarraituko dugu.
1. argibide-taulan agertzen den antzinako metalurgia lantegiei buruzko
informazioa irakurri eta gero, Pikasariko lepora igoko gara. Harrizko pistatik
malda bizian gorantz egingo dugu Harretcheko Bordaren ondoan dagoen 2.
argibide-taulara. Puntu honetan, ibilbide balizatua utzi eta, ezkerretik
ateratzen den bide belartsutik gora egingo dugu Larlako tontorreraino.
Ibilbidearen zati honetan, Arberoako lur eder eta Iparlako harresi bikainez
gozatzeko aukera izango dugu.
Ibilbidearekin jarraitzeko,
balizatutako bidera jaitsi eta 3. argibide-taularekin egin go dugu topo. Pistak
aurrera jarraitzen du eta pixkanaka altuera galtzen hasiko gara. Arditegi baten
ondotik pasa eta haitzari itsatsitako 4. argibide-taula, meategi modernoei
buruzko informazioarekin. Larrango oinean dagoen lepora iritsiko gara eta metro
batzuk beherago, Harotzaneko bordatik gertu 5. argibide-taula,
Harotzainekobordako lantegikoari buruzkoa.
Hego-ekialderantz jaisten jarraituko dugu, baina laster norabidez aldatu
eta ipar-ekialderantz zabaltzen den pistatik aurrera egingo dugu.
Haritz eta gaztainondo bikainen artean
erraz ibiliko gara. Arrosara zuzentzen den bidea gure eskuinera utzita,
mendiaren magala zeharkatzen duen bidetik segituko dugu. Aldapa txiki bat igo
ondoren, hondakinen artean igaro eta 6. argibide-taula aurkituko dugu, Larla
mendiaren oihan-galtzeari buruzkoa. Harkaitz handien eremu bat zeharkatu eta gero,
kuartel desberdinen hondakinen ondora iritsiko gara eta bertan 7.
argibide-taula, eta gertu, 8. argibide-taula mineralen garraioaz informazioa
ematen dutenak. Puntu honetan, ibilbide gorria utzi eta berdea hartuko dugu
pista zabalean zehar gertu ikusiko dugun Ondaiako aparkalekuraino jaisteko.
Ibilbide gorritik jarraitzea erabakiz gero, 9. argibide-taula ikusiko dugu
azken meategiei buruzkoa.
http://askemikel.blogspot.com/2020/10/larla-meategietako-bidetik.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario