Páginas

miércoles, 8 de junio de 2022

Larla, meategietako bidetik

 

Larla mendiaren magaletan burdin mea-zain handi bat dago, Ustelegiko mea zaina deitutakoa. Mendiaren bi mazelen azalean zabaltzen den mineralizazioak 3,5 kilometroko luzera du, Larraburuko erroitzetik, hego-mendebaldetik, Pikasari arte, ipar-ekialdean. Azala, batik bat, sideritaz osatuta dago. Larlako siderita zain aberatsa, Burdin Aroan atzeman zuten, K. a. III. mendean. Lehen meategiak zainaren gainean garatu ziren eta metalgintzako lantegiak meatzean bertan eraikitzen ziren. Pizkundean eta Aro Modernoan, mea ateratzen jarraitu zuten 1914an ustiapena gelditu zen arte.

 

Meategi hauek ezagutzeko, balizatutako bi ibilbide daude: aurkikuntza xendera eta meatzarien xendera. Lehena, laburrena, seinale berdez balizatua eta, bigarrena, berriz, luzeagoa gorriz. Ibilbide zirkular honetan biak lotuko ditugu eta horrela, ibilbidean agertzen diren 9 argibide-panelen bidez meategi hauen informazio zehatza jasoko dugu. Bide batez, ibilbidetik kanpo dagoen Larlako tontorrera igoko gara.

 

Nafarroa Behereako Arrosa herritik Bidarrai aldera zabaltzen den mendiko errepide txikitik igoko gara Ondaia aparkalekuraino. Ibilgailua utzi eta errepidetik oinez 300 bat metro jarraituko dugu ezkerretik ateratzen den lurrezko pista hartuz. Metalezko langa igaro eta haritz eta gaztainondoen artean marrazten den xendan barrena jarraituko dugu. 1. argibide-taulan agertzen den antzinako metalurgia lantegiei buruzko informazioa irakurri eta gero, Pikasariko lepora igoko gara. Harrizko pistatik malda bizian gorantz egingo dugu Harretcheko Bordaren ondoan dagoen 2. argibide-taulara. Puntu honetan, ibilbide balizatua utzi eta, ezkerretik ateratzen den bide belartsutik gora egingo dugu Larlako tontorreraino. Ibilbidearen zati honetan, Arberoako lur eder eta Iparlako harresi bikainez gozatzeko aukera izango dugu.


 

Ibilbidearekin jarraitzeko, balizatutako bidera jaitsi eta 3. argibide-taularekin egin go dugu topo. Pistak aurrera jarraitzen du eta pixkanaka altuera galtzen hasiko gara. Arditegi baten ondotik pasa eta haitzari itsatsitako 4. argibide-taula, meategi modernoei buruzko informazioarekin. Larrango oinean dagoen lepora iritsiko gara eta metro batzuk beherago, Harotzaneko bordatik gertu 5. argibide-taula, Harotzainekobordako lantegikoari buruzkoa.  Hego-ekialderantz jaisten jarraituko dugu, baina laster norabidez aldatu eta ipar-ekialderantz zabaltzen den pistatik aurrera egingo dugu.


 

Haritz eta gaztainondo bikainen artean erraz ibiliko gara. Arrosara zuzentzen den bidea gure eskuinera utzita, mendiaren magala zeharkatzen duen bidetik segituko dugu. Aldapa txiki bat igo ondoren, hondakinen artean igaro eta 6. argibide-taula aurkituko dugu, Larla mendiaren oihan-galtzeari buruzkoa. Harkaitz handien eremu bat zeharkatu eta gero, kuartel desberdinen hondakinen ondora iritsiko gara eta bertan 7. argibide-taula, eta gertu, 8. argibide-taula mineralen garraioaz informazioa ematen dutenak. Puntu honetan, ibilbide gorria utzi eta berdea hartuko dugu pista zabalean zehar gertu ikusiko dugun Ondaiako aparkalekuraino jaisteko. Ibilbide gorritik jarraitzea erabakiz gero, 9. argibide-taula ikusiko dugu azken meategiei buruzkoa.


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2020/10/larla-meategietako-bidetik.html



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario