Artikutzaren erraiak VII: Goizarin eta Elama
Artikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu, Olazar etxea
pasa, urtegira doan pista utzi eta aurrera jarraituko dugu. Metalezko langa
igaro eta pistan zehar, errekaren paraleloan, bi erakin zahar atzean utzi eta
Oronozko-Zubieta izenez ezaguna den lekura helduko gara, Artikutza eta Elama
errekak bat egiten duten tokira hain zuen. Hemen bi pista daude, bata zubia
pasa eta errekaren bestaldetik gorantz doana eta bestea ezkerretik Elamako
haranean sartzen dena. Guk bigarren hau hartu eta berehala ibilgailuen pasoa
eragozten duen langa metaliko bat aurkituko dugu. Maizolore izeneko uharkaren
ondora heldu eta aurrera jarraituko dugu. Elama errekaren beste aldean ubide
zaharraren aztarnak ikusiko ditugu.
Goizarin
Bidea erosoa da, ez du batere
zailtasunik. Bat batean, harrigarria bada ere, soro zabal eta handi batekin
egingo dugu topo eta erdi-erdian oraindik meta pare baten zuhaitz-enbor zutik.
Ezkutuan eta pistaren ezkerrera, bidetik metro batzuk gorago, karobi baten
hondarrak ikusiko ditugu. Hauek atzean utzi eta berehala Goizaringo
metalurgia-multzora iritsiko gara. Erreka igarotzeko bi begietako kare-harrizko
bloke handiz egindako zubi baten gainetik pasa behar da. Zuntzak, sasiek eta
belarrek eraikuntza hauen hormak ezkutatzen dituzte eta zaila suertatzen da
nolakoa zen imajinatzea, hala ere, arragoa eta burdinola hidraulikoaren
aztarnak nabarmenagoak dira.
Elama
Berriz pistara itzuli eta
tarteren batean burdinbide zaharraren arrastoa ikusteko aukera izango dugu.
Kilometro pare bat pistan barna bete ondoren, gure ezker aldean, bidetik metro
batzuk gorago oso egoera onean dagoen labe itzel bat ikusiko dugu. Burdin
minerala kiskaltzeko labea edo arrago baten hondakinak dira, “labeta” izenez
ezaguna.
Puntu
honetara heltzean, pista utzi behar dugu eta ezkerrera, Elamako errekaren
paraleloan abiatzen den bidea hartuko dugu eta hamar minuturen buruan, Elamako
baserri-multzoaren aztarnen ondoan izango gara. Beheraxeago mineralak
kiskaltzeko labe baten hondarrak eta errekaren beste aldean, egurrezko zubiaren
gainetik pasa eta burdinola hidrauliko zaharraren aztarnak aurkituko ditugu.
Beltzuntza eta Otaran
Bizileku
bezala erabilitako eraikinaren aurrien atzetik, Elamako borda zaharrera igotzen
den antzinako bidezidorra bilatuko dugu. Zenbait tartetan, xenda orbelean
ezkutatu egiten da eta erne ibili beharra dago igoerako bide egokia ez
galtzeko. Sigi-sagan errekatik urrundu eta basoan murgilduko gara. Une batean
bideak nabarmen egiten du ezkerrera eta gora heltzean, gure mendean ikusi ahal
izango dugu Elamako harana. Akuako harrespilaren ondotik igaro eta pista
jarraituz beherantz egingo dugu. Hiru kilometro pasatxo ibili ostean, bihurgune
handi batean pista utzi eta Otarango pagadian murgilduko gara. Hasieran bidea
ez da oso nabarmena baina metro batzuk aurrera egin eta berehala aurkituko
dugu. Otarango gaina inguratu, Etzalekukoa ezkerrera utzi eta bere mazela
zeharkatzen duen xendari helduko diogu. Hemendik herrira berehala jaitsiko
gara.
BURDINOLAK
Artikutzan
lau dira ezagutzen diren burdinola hidraulikoak, Urdallue, Elama, Goizarin eta
Artikutzako parajeetan kokatutakoa. Burdinola hidrauliko baten egituran hiru
zati dira berezigarrienak: uharka, arragoa (mineralen kiskaltze-labea) eta
lantegia. Azken honek oso egitura konplexua zuen, albo batean gurpil
hidraulikoak kokatzen ziren ardatzak mugiarazteko; gurpil hauek gabia eta
hauspoa martxan jartzen zituzten. Hauekin batera beste zenbait dependentzi
eraikitzen ziren, hala nola langileen bizitokiak, kiskaldutako mineral eta
egur-ikatzarentzat biltegiak eta “Olaetxea” edo burdinolaren arrendatariaren
bizilekua.
Industria
metalurgikoarekin guztiz loturik zegoen ikazkintza izan da paisaia eraldatu
duen beste jardueretako bat eta horren lekuko pagadietan aurki daitezkeen “txondor-plaza”
(txondorrak eraikitzeko plataformak) ugariak. Ekonomi guztia egurraren inguruan
oinarrituta zegoenez, jarduera industrial honek eragin nabarmena izan zuen
Artikutzako basoetan. Gaur egun, paraje hauek isiltasunean murgildurik daude,
eta naturak galdutako espazioa berreskuratu du.
Luzera: 13 km Desnibela: 590 m Denbora: 4 ordu
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
No hay comentarios:
Publicar un comentario