Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
Monte Rosa mendi multzoa lau mila metroko gailur garaiez osatuta
dago bere punturik gorenena Dufourspitze
(4.634 m) delarik, Mont Blanc eta gero Alpeetako altuena.
Mendigune eder hau eta bere inguruan dauden beste batzuen magaletan zehar osatu
dugu TMR zirkuitua, antzina
komertziorako erabilitako bideetan barna. Lepo garaietara igoz eta haran
basotsu eta pikoetatik jaitsiz bista ikusgarriez gozatu dugu. Mendi garaietatik
esekitzen diren glaziarren handitasunak liluratu gaitu eta antzinako bideek
zeharkatzen dituzten larre eta basoetan ikusi ditugun fauna eta flora alpinoak
txunditu. Italia eta Suitzako alpetar herrixka dotoreek beren aurpegi ederrena
erakusteaz gain, beren haranetan murgilduz naturaren indarraz eta handitasunaz
ohartu gara. Ikusgarria oso!
Walser herriaren
arrastoan
Saas Grund herrian eman
diogu hasiera abentura txiki honi. Eguraldia lagun Saas Feera doan bidea
utzi eta errekaren paraleloan hedatzen den xendan barrena Saas Almagelera heldu
gara. Bide-seinaleek erakusten diguten norabidean Saaser Vispa bailaratik Eiu Alpeko
basoetan murgildu eta Mattmark laku
artifizialaren ondora heldu gara. Ertzetik ibiliz lakua puntatik puntara
zeharkatu eta Monte Moro leporantz jo dugu. Hasierako xenda
atsegina amaitu eta antzina Italiatik Valais
haranera XV. eta XVI. mendeetan
artikuluak eta animaliak eramateko erabili ohi zen bidearen arrasto nabarmenak
ikusi ditugu. Walseren antzinako bide
honetatik igoera gogorra egin zaigu eta erne ibili behar izan dugu markak ez
galtzeko. Bide arrokatsuan gora egin dugu lepoan dagoen Elurretako Ama
Birjinaren (Madonna delle
Nevi) urre
koloreko estatuaren ondora heldu arte
(2.786 m). Italia eta Suitza arteko muga egiten duen lepo honetatik dagoen
ikuspegia oso zabala da, baina Monte Rosaren ekialdeko aurpegi ederrak
erakarri du gure arreta.
Zerbait jan eta edan ondoren, Anzasca haranean dagoen Macugnagara jaisteko teleferikoa erabili
dugu, ordu asko baitaramatzagu ibilian eta mila eta bostehun metroko jaitsiera
pikoak ditugun indar apurrak ahitzeko arriskua saihestu nahi izan dugu.
1.265ean Walserek fundatutako herrira
heldu orduko, dutxatu eta ingurua ezagutzeko asmoz kalera atera gara. Walser herria Suitzako, Valais bailaratik heldu zen XIII.
mendean. Herri transhumantea zen eta Monte
Rosaren magalean finkatu zen, larre
onak, baso trinkoak eta ur ugari aurkitu baitzituen bertan. Herri eder honetako
kanposantuan Monte Rosako hormetan eta glaziarretan hildako
mendizale batzuen hilarriak ikusi ditugu eta honen ondoan dagoen ezki
zaharraren itzalean, inguruko herrietako ordezkariek bilerak egiten omen
zituzten karguaren zina egiteko, gure Gernikako Arbolapen egin ohi den moduan.
Ilunabarrean Dufour puntan eguzkiaren
azken izpiak itzaltzen ikusi, afaldu eta ohera.
Alta Valsesiaren
lurretan murgilduz
Egunsentiak Monte Rosaren bestelako
ikuspegia ederra erakutsi orduko, gosaldu eta abian gara Anzako uharraren ondotik bailararen beheko aldera jaitsiz. Issellako auzoa gurutzatu eta laster
heldu gara Quarazzako urtegi txikira.
Basoan zehar, Crocetteko meategietako
aurriak atzean utzi eta Alpe Pianako
larre eguzkitsuetara iritsi gara. Sigi-sagan primeran trazatutako bidetik erraz
irabazi dugu altuera. Bide hau maiz konpondu dute, baina konponketa
garrantzitsuena militarrek egindakoa da, Alpiniek
edo mendiko tropek egindakoa hain zuzen ere. Bide honi “Sentiere della Libertà” deitzen diote. 1.943 urtearen amaiera
aldera alemaniarrek penintsula okupatu ostean, preso aliatu kopuru handi bat
askatu zuten italiar partisanoek eta bertako jendearen eta gerrillari
antifaxisten laguntzaz negu gordinean bide hauetaz baliatu ziren askatasuna
lortzeko. Batzuk ez zuten lortu eta bidean geratu ziren eta laguntzaile zenbait
ere harrapatu eta exekutatu egin zituzten.
Alpe Schenara heldu eta bide erosoak Lanti bibakera eraman gaitu. Aurrez aurre dugun azken malda pikoari
ekin aurretik, zintzurrak freskatu eta Quarazzako
bailara ederrari so geratu gatzaizkio. Sigi-sagari segituz Turlo lepora (2.730 m) iritsi gara eta bertan dagoen harrizko mahai
moduko batean hamaiketakoa egin dugu. Maldan behera jarri bezain pronto,
ezkerrera utzi ditugu Turloko lakuak
eta primeran definitutako bidetik jaitsiera luzea egin dugu. Grafenboden eta Fallerko larreak igaro, Sesia
uharra gainditu eta Pastore aterpe
dotorera iritsi gara. Bertan dagoen terrazan eseri eta eskutan dugun garagardo
freskoari zurrut eginez, aurrez aurre dugun ikuskizunari begira so geratu
gatzaizkio: Gnifetti Punta (4.559 m) eta segidan lerrokatzen
diren beste mendi gailurrek osatzen duten postal perfektua. Iluntzean, Regina Margherita aterpearen argiak (4.554 m) zeru izartsuan txertaturik.
Afaldu eta ohera.
Hirugarren eguna da eta gaurkoan
ere bikaina izan da egunsentiaren argitasuna parez pare ditugun mendi garaietan
islaturik. Espektakulu paregabea! Eguraldia lagun, Alagna herritik doan bide nagusia utzi eta bide alternatibo bat
aukeratu dugu. Sesia errekaren
ondotik Crespi Calderinira zuzentzen den igoera pikoari ekin diogu eta lehen
izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko aterpearen ondora ailegatu
gara. Vallon delle Pisseko larreak
gurutzatu eta izen bera duen ur-jauziaren ondotik Vincent Piramidearen
glaziarren azpiko aldera iritsi gara. Alpe
la Balmako teleferiko zaharraren ondora iritsi gara eta zaila gertatu
zaigu bide zuzena aurkitzea (eguraldi txarrarekin ingurune zaila eta
arriskutsua). Azkenean Mullinitik jo
dugu aurrez aurre dugun paretatzarraren oinera helduz. Eguraldiak bere
aurpegirik onena erakutsi digu eta kostata, magal harritsutik igoz lortu dugu Valico Cimalegnako lepora iristea. Nekaturik gaude eta ur tragoxka bat
egiten dugun bitartean behean, Olen
bailaratik lainoa igotzen ari dela ikusi dugu eta goran, berriz, Vicent Piramidea, Liskamm eta Castor mendi garaien bista aparta. Oso
egoera kaskarrean dagoen Guglielmina
aterpea atzean utzi eta Olen lepoan
(2.881 m) hamaiketakoa egin dugu urrutian Mont
Blanc eta Gran Paradiso agertzen
direlarik.
Eski pistetatik beherantz egin
dugu eta gure eskuinera Lys aterpea utziz
Gabiet aterpera heldu gara. Dutxatu
eta gertu dagoen Gabiet urtegiaren
ertzeko belardian eseri gara atzean utzi dugun Alta Valsesia haranean zehar azken bi egun hauetan bete dugun bidea
gogora ekarriz.
Val d’Ayasko bideetan
barna
Gosaldu, abian jarri eta berehala
hasi gara altuera galtzen. Mos
bailaran ondo trazatutako xenda batek Staval
herrira eraman gaitu. Herria zeharkatu eta basoan marrazten den eski pista
luzea segituz Alpe Sittenera igo gara. Pista aspergarria da
eta oraindik beste 500 metroko desnibela gainditu behar izan dugu Bettaforcako lepora iristeko (2.672 m). Ayasko harana gure mendean, eski pisten
ondotik doan xenda bilatu dugu. Goiz da eta Alpe
Forcara iristean bertan dagoen laku
txiki baten ertzean atsedena hartu dugu. Zirkuituko etaparik laburrenari
amaiera emateko Resy auzorantz jo
dugu eta bertan dagoen Ferraro
aterpean hartu dugu atseden. Turistez beterik dago eta ilunabarra arte ez dugu
lasaitasun eta bakerik izan. Bertako jabea den Fausta, urtero Nepal edota
Tibetera joan ohi da eta Himalaiaren presentzia nabaria da. Paretetan ageri
diren argazki ugarietan hango mendi eta jendearen bizimoduak islatzen dira.
Urrutiko irudiak, irudi eder eta erakargarriak. Afaldu eta goiz oheratu gara,
bihar egun luzea eta gogorra izango dugu eta.
Oso goiz altxa eta gosaldu
ondoren, berehala jarri gara martxan. St.
Jacquesera jaisten den bidea ezkerrera utzi eta basoan murgiltzen den
bidetik Pian di Verrazera jaitsi gara.
Breithorn, Pollux eta Castor mendiek
menderatzen duten bailara eder honi bizkarra eman eta TMRren seinaleak segituz Pian di Tzèrera igo gara. Inguru
bakartia bezain ederra. Alpe Vardan
bat egin dugu Fierytik datorren bide
zaharrarekin eta aurrerago Alpe Maseko
goi larreetara. Paraje berezi hauetan xenda erosoak zeharka-meharka dabil
errekastoen artean Gran Lagoko berde
turkesa koloreko lakuaren ondora iritsi arte. Azken maldak Colle Supérieur delle Cime Blanquen (2.981 m) utzi gaitu eta
bertatik ikusi ahal izan dugu lehen aldiz Cervino
edo Matterhorn mendi ospetsu eta
bikainaren irudi osoa. Ohikoa duen txapelik gabe eskalatzaileek horrenbeste
estimatzen dituzten bere ertz zorrotzak erakutsi dizkigu, harro. Pozaren pozez
hamaika argazki atera eta aurrera egin dugu Theodulpass
lepoaren bila.
Eguraldia lagun, Plan Maison
aldera doan bide nagusia utzi eta Cerviniako
eski pisten barrena altuera irabazi dugu bide ofizialarekin bat eginez. TMRren
bide-seinaleekin batera GSWarenak (Grand Sentier Walser) ikusi ditugu. Cervinotik gertuago gaude, baina lepora
heldu aurretiko azken hirurehun metroko desnibela gogorra gertatu zaigu. Italia
eta Suitzako mugan dagoen Theodulpass
lepoan (3.290 m) arnasa hartu eta betarik galdu gabe aurrera egitea erabaki
dugu haize fina dabil eta. Aurrez aurre dugun glaziarrean zehar kontu handiz
jaisten hasi gara, izotz plakak eta elur
bigunak saihestuz. Arreta handia jarri behar izan dugu Trockener Stegg
teleferikoraino hedatzen den glaziarrean, pitzadurak eta urtutako elurraren
urek osatzen dituzten errekasto anitzetatik ihesi, hala ere ezin erorketaren
bat edo beste saihestu. Mokadu bat jaten dugun bitartean, bertatik dugun 360ºko
panoramikaz gozatu dugu: Monte Rosa
mazizoa osatzen duten Breithorn
(4.159 m), Pollux (4.092 m), Castor (4.223 m), Lyskamm (4.527 m), Gnifetti
(4.563 m) eta Dufour (4.609 m) puntak
alde batetik eta Dent Blanche (4.357
m), Ober Gabelhorn (4.063 m), Zinalrothorn (4.221 m) eta Weisshorn (4.506 m) menditzarrak
bestetik. Iparraldera begiratuz, Mattertal
haranaren ekialdean Strahlhorn (4.190
m), Rimpfischorn (4.199 m), Allalinhorn (4.027 m), Alphubel (4.206 m), Täschorn (4.491 m) eta Dom
(4.479 m). Eta bi mazizo erraldoi hauen artean Cervino edo Matterhorn
(4.476 m) mendiaren piramide perfektua. Mendien sinfonia armoniatsua osatzen
duten postal paregabea. Ederra bezain gogorra suertatu zaigu etapari amaiera
emateko, Zermatteraino teleferikoa
hartzea erabaki dugu, herria ezagutu eta bertako giroaz gozatzeko gogotsu
baikaude.
Europaweg eta Höhenweg
Egunsentian, Zermatteko hotel txikiaren balkoitik Cervino edo Matterhorn
mendi ospetsuaren Zmutt, Hörnli eta Furggen ertzek osatzen duten piramide perfektuari begira eman
ditugu seigarren egunaren lehen minutuak. Gosaldu ostean, Europaweg bidea puntatik puntara egiteko asmoz Sunneggara lur azpiko tren kremailera batean igo gara, bertatik
bailara osoaren ikuspegi bikaina baitago. Argazki panoramiko dezente atera,
motxilak bizkarreratu eta martxan jarri gara. Mattertal haranaren gain aldetik hedatzen den bide eder hau balkoi
naturala da eta primeran balizaturik dago. Tufteren
auzoa atzean utzi eta geroz eta airetikoagoa den xendan barrena Ottavan auzora iritsi gara, Allalinhorn eta Rimpfischhorn mendi garaien glaziarren azpi aldera. Leku polita eta
lasaia eguneko hamaiketakoa egiteko.
Inguruaz gozatzen ari gara, baina
aurrerago hesola metaliko batean jarrita dagoen ohar batek, bidea moztuta
dagoela ohartarazi digu, nonbait berrehun metroko zubi esekia hautsita dago eta
ezin da aurrera egin. Zorte txarra! Randa
herriraino jaitsi behar izan dugu eta gero, berriz, Europahütte aterperaino igotzeko beste zortziehun metroko desnibela
gainditu (2.265 m). Soseguz egin dugu, erritmo egokian eta aterpera heldu
orduko gure ahaleginak bere saria izan du: terrazan eseri eta garagardo fresko
bat eskutan dugularik, gure parean altxatzen den Weisshorn mendi bikainaren ertz luze eta zorrotzaren ikuspegiaz
gozatu dugu. Aterpeko nagusiak prismatikoak hartu eta debeku-seinaleei muzin
egin dioten mendizale talde bati lagundu
behar izan dio aterperainoko bide zaharra eta hondatua bilatzen. Arriskutsua
oso. Dutxatu, afaldu eta ohera.
Aurrekoetan bezala, zazpigarren
egunaren egunsentiak inguruaren irudi polita erakutsi digu. Gosaldu eta abiatu bezain
pronto, Himalaian aurki genezakeen zubi
moduko bat zeharkatu eta gero, Dom
mendiaren magaletan elur-jausi eta ekaitzen ondorioz bidera eroritako arrokek
zaildu egin dute gure ibilera. Kasik mila metroko amildegien ertzetik igaro eta
gero, ez dugu lasaitasunik hartu St.
Niklaus estatuaren ondora iritsi arte. Atseden laburraren ostean, baso
ederraren itzalean Gasenried
herriraino jaitsi gara eta segidan Grachenera.
Teleaulkiaren ondoan dagoen mahai batean urdaiazpikoa ogiarekin jan eta martxan
jarri gara Hannigalp aterpera
igotzeko dauden bostehun metroko desnibela gainditzeko asmoz. Zum See atzean utzi eta eski pistatik
barrena lortu dugu gaurko etapa honi amaiera ematea (2.121 m). Hemen amaitzen
baita Europaweg izeneko bide berezi
eta ederra, eta bihar, berriz, zirkuitua ixteko Saastal haranaren gainetik marrazten den Höhenweg bideari helduko diogu. Gauez ekaitza lehertu da erabat
hutsik dagoen eski estazioan eta gu bakarrik geratu gara aterpean.
Gure laguna den eguzkiak ez digu
gaurkoan ere hutsik egin eta gosaldu ondoren, gogotsu eman diogu hasiera azken
etapa honi. Berehala ohartu gara bide hau bestea baino berdeagoa eta oparoagoa
dela. Ibilbidea primeran trazatuta egon arren, zenbait tartetan kable edota
sokak jarri dituzte, batik bat amildegiaren gertutasunak hala eskatzen duenean.
Bide honetan basahuntz alpetar eta chamois ugari ikusi ditugu, bertako
larreetan lasai bazkatzen. Mendiak dituen irtengune eta sartuneak inguratuz
aurrera egin dugu gogotsu. Saas Grund
herria ikusi orduko, zerua estali egin da eta Dom mendiaren gain aldean lehertu da ekaitza. Zortzi egunez
eguraldi ona izan dugu lagun, eta azkenean tximista eta trumoiek motxilan ondo
gordeta daramagun goretexa janztera behartu gaitu. Ordu bat beranduago
helmugara iritsi gara, eguzkiaren izpiek berriro bazterrak argitzen hasi diren
bitartean. Akabo! Gozatu dugu!
No hay comentarios:
Publicar un comentario