Kornietak, gertu dauden Zuperrori eta Aritz mendiekin batera, Malerrekako
goi-ibarraren eskuin- ertzean mazizo txiki bat osatzen du. Mazizo karstikoa hau
dolinek banatutako mendi muino itxura duten zenbait kota harritsuez osaturik
dago. Gertutik ezagutzeko asmoz, Leitzatik tontorrera igo eta ibilbide zirkular
bat eginez Santa Krutz baselizatik jaitsiko gara. Horretarako, PR NA-121
ibilbide balizatua aukeratu dugu, zuriz eta horiz markatutako bidea.
Gasolindegiko
biribilgunetik atera eta Doneztebe aldera doan errepidean barna, lehen
bihurgunean eskuin aldera jo eta berehala ikusi ditugu etxe artean bide-seinale
zuri eta horiak. Lehen zati honetan igoera oso leuna da eta gaztainondo
bikainen artean erraz heldu gara Zirate izenez ezaguna den ingurura. Eskuineko
bideari heldu eta beste kilometro erdi bat bete ostean, zementuzko pistarekin
egin dugu topo. Ehunen bat metro beherantz egin eta eskuinetik ateratzen den
lurrezko pistatik jaitsi gara. Bide zabaletik aldapa igo eta etxe baten ondoan
dagoen bidegurutzera iristean eskuin aldera biratu dugu bide-seinaleek erakutsi
diguten norabidean.
Albitxuriko
parajeetara iristean, erraldoiak gertuago ikusi ditugu. Pagadian murgildu gara
eta aldapari aurre eginez ehiztarientzat aterpe edo bestelako funtziorik bete
dezakeen eraikin batekin egin dugu topo. Gertu hamaiketakoa egiteko egurrezko
mahai eta aulki bikainak. Asketako parrila izenez ezaguna den inguru honetatik
gorantz jo eta porlanezko bidea igaro dugu Iamezko zelaietarantz. Pagaditik
ateratzean, aurrez aurre dugun alanbrezko hesi aldera jo dugu eta honen
paraleloan igotzen den xendatik azken aldapa pikoari heldu diogu Kornietako
gailurrera heldu aurretik.
“Erraldoi”
multzo batek okupatzen du tontorraren zatirik handiena eta bertatik igarotzen
den pista zabalak goi-lautada ikusgarria erdibitu egiten du “zauri” sendaezina
bailitz. Zerumuga hautsi honetan gertu ikusi ditugu Mailloek osatzen duten
zirku perfektua eta urrutiago Pirinioetako mendien gailur eta magalak zuriz
jantzita.
Zintzurra
freskatu nahi eta alanbrezko hesiaren ondotik jaitsi gara behean ikusi dugun
iturrira. Ekialdera joz gero, berrehun bat metrora Agorrizko trikuharria bisita
daiteke. Belardi gozoa zapalduz, haize-errotek betetzen dituzten inguruko mendi
muinoen artean itzulerako bidea hartu dugu marka zuri eta horiak jarraituz.
Laster, Kornietatik datorren pistarekin bat egin dugu, baina bertatik jarraitu
beharrean (bide-seinaleek erakutsi bezala), honen paraleloan eta oso nabarmena
den xendatik jarraitu dugu. Leitza, Euskal Herriko leku asko bezala, kondaira
eta elezahar askoren kokalekua da. Errolan ere nonbait handik pasa eta
harritzarra jaurti omen zuen Aralarko San Migel suntsitzeko asmoz, baina harria
Aritz aldean erori omen zen, egun Errolan Harria ezaguna den inguruan. Zelai berdeak gurutzatu eta pistatik ehunen bat
metrora dagoen Errolanen Harria aparte utzita, mendi muino pare bat gainditu
eta maldan behera Mukarraingo atakara jaitsi gara. Puntu honetan berriro
pistarekin bat egin dugu eta “erraldoiek” sortzen duten argindarra biltzen den
eraikinaren ondotik pasa ostean, berriro bide nagusia utzi eta ezker aldetik
ateratzen den xendan barrena jo dugu.
Lizar ilarak
eta basoak han hemen barreiaturik ikusi ditugu eta hauek atzean utzi eta gero,
aldapa piko batek Santa Krutz baselizatik gertu utzi gaitu, gurutze-bidearen
amaieran hain zuzen ere. Pagadian txertaturik dagoen baselizari bisita laburra
egin eta bidera itzuli gara. Baserri baten ondotik igaro eta maldan behera
abiatu gara. Berehala heldu gara kanposantuaren ondora eta hau atzean utziz,
alde zaharrean eta herriko edozein txokotatik ikusten den San Migel elizaren
ondora iritsi gara. Leitzako alde zaharra gurutzatu eta erraz iritsi gara
abiapuntura. Denbora apur bat edukiz gero, herriko txoko batzuk bisitatzea
merezi du. Leitza hiru auzo nagusitan banaturik dago: Elbarren, Elgoien eta San
Migel. Aipatutako San Migel elizaz gain, nabarmena da bere dorre ikusgarria eta
bere arkupe neoklasikoa. Bere kaleetan barna ibiliz, bi isurialdeko teilatuak
dituzten etxe handiak ikus daitezke, udaletxea bere armarri itzelarekin eta
bestelako eraikin zibil eta erlijiosoak.
Klikatu hemen
ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen
3D (doarama) deskargatzeko
Klikatu hemen
TRAKA (mugibili) deskargatzeko:
Klikatu hemen
TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario