jueves, 13 de noviembre de 2025

Granadaerreka

Powered by Wikiloc

 


Aizarnazabalgo Andre Mariaren Jasokundearen

Granadaerrekak Urola ibaiarekin bat egiten duen lekuan emango diogu hasiera ibilaldiari, Iraetako forjen parean, Urdaneta-Altzolaratseko sarbidean. Burdinola izan zen Txiriboga atzean laga, bidegurutze batera iritsi, eta, Urdanetara igotzen den bidea ezkerrean utzi ondoren, aurrera jarraituko dugu. Pagoeta Natura Parkearen babes-eremu periferikoaren lurretan sartuta, Urbieta baserriaren ondora iritsiko gara (42 m, 10 min). Harlanduz egindako ateak erakusten digu antzina izan zuen garrantzia, bertan egindako berriztatze lanek harmarria desagerrarazi badute ere. Gertu dagoen errotako ubide eta presaren aztarnekin batera, oso hondatuta dauden hormak eta teilatua geratzen dira.

Zornotza baserriaren ondotik pasatzen da bidea

Urbieta baserriko sarrera zaharra

Granadaerrekako presa txikia

Abereen bazkarako erabiltzen diren soro ederren artean zabaltzen den bidetik, Zornotza baserriaren ondora helduko gara, eta, hau atzean utzi ostean, Granadaerrekaren ertzera gerturatuko gara (43 m, 20 min). Aristizabal baserria gure eskuinera utzita, parkearen babes-eremuan murgilduko gara. Ibar landare eta zuhaitzen artean ibilgua irekitzen duen Granadaerrekaren edertasunaz gozatzeko parada izango dugu. Paraje hauetan zuhaitzek hartzen duten altuera ikusgarria da, eta, horien artean zabaltzen den bidetik, Bekola burdinola eta baserriaren ondora iritsiko gara (58 m, 30 min).

Granadaerreka

Bekola burdinolaren ur-saltoa

Bekolako ferratoki zaharra

Bekola baserriaren ataria

Gaur egun Altzolarats harana ahaztutako lekua da, baina ez da beti horrela izan. Garai batean, ubideko urek burdinolak eta errotak mugitzen zituzten, eta, bertatik sortutako minerala, barrualdea eta kostaldea lotzen zituzten galtzaden barrena garraiatzen zuten. Bekolako  ur-biltegiaren horman eraikinaren data adierazten duen harri moduko bat dago, eta bertan 1734 urtea agertzen da. Egoera kaxkarrean egon arren, oraindik ur-presa, antepara eta erretena ikus daitezke, garai batean izan zuen distiraren lekukoak.

Olalde baserria

Errota Txiki

Baserria eta burdinola atzean utzi, parkeko babes eremutik atera, eta, kilometro eskas ibili eta gero, Goikola burdinolara iritsiko gara, Olalde baserriaren ondoan (75 m, 45 min). Berrehunen bat metro aurrera egin, eta, Errota Txiki baserriaren ondoan dagoen XV. mendeko  Altzolaratseko jauregiaren aurrien ondora ailegatuko gara. Bertan, Aizarnazabal eta Aia lotzen zituen harrizko zubia dago (82 m, 50 min).  

Altzolarats jauregiaren aurriak

Altzolarats jauregiko leiho biki zorrotzak 

Puntu honetara iritsita, bide beretik itzuliko gara abiapuntura, bestela, aurrera jarraitu nahi izanez gero, haran karstikoan murgilduko gara Granada baserriaren ondoko indarretxeraino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario