Powered by Wikiloc
Granadaerrekak Urola ibaiarekin bat egiten duen lekuan
emango diogu hasiera ibilaldiari, Iraetako forjen parean,
Urdaneta-Altzolaratseko sarbidean. Burdinola izan zen Txiriboga atzean laga,
bidegurutze batera iritsi, eta, Urdanetara igotzen den bidea ezkerrean utzi
ondoren, aurrera jarraituko dugu. Pagoeta Natura Parkearen babes-eremu
periferikoaren lurretan sartuta, Urbieta baserriaren ondora iritsiko gara (42
m, 10 min). Harlanduz egindako ateak erakusten digu antzina izan zuen
garrantzia, bertan egindako berriztatze lanek harmarria desagerrarazi badute
ere. Gertu dagoen errotako ubide eta presaren aztarnekin batera, oso hondatuta
dauden hormak eta teilatua geratzen dira.
Abereen bazkarako erabiltzen diren soro
ederren artean zabaltzen den bidetik, Zornotza baserriaren ondora helduko gara,
eta, hau atzean utzi ostean, Granadaerrekaren ertzera gerturatuko gara (43 m,
20 min). Aristizabal baserria gure eskuinera utzita, parkearen babes-eremuan
murgilduko gara. Ibar landare eta zuhaitzen artean ibilgua irekitzen duen
Granadaerrekaren edertasunaz gozatzeko parada izango dugu. Paraje hauetan
zuhaitzek hartzen duten altuera ikusgarria da, eta, horien artean zabaltzen den
bidetik, Bekola burdinola eta baserriaren ondora iritsiko gara (58 m, 30 min).
Gaur egun Altzolarats harana ahaztutako lekua da,
baina ez da beti horrela izan. Garai batean, ubideko urek burdinolak eta
errotak mugitzen zituzten, eta, bertatik sortutako minerala, barrualdea eta
kostaldea lotzen zituzten galtzaden barrena garraiatzen zuten. Bekolako ur-biltegiaren horman eraikinaren data
adierazten duen harri moduko bat dago, eta bertan 1734 urtea agertzen da.
Egoera kaxkarrean egon arren, oraindik ur-presa, antepara eta erretena ikus
daitezke, garai batean izan zuen distiraren lekukoak.
Baserria eta burdinola atzean utzi, parkeko babes
eremutik atera, eta, kilometro eskas ibili eta gero, Goikola burdinolara
iritsiko gara, Olalde baserriaren ondoan (75 m, 45 min). Berrehunen bat metro
aurrera egin, eta, Errota Txiki baserriaren ondoan dagoen XV. mendeko Altzolaratseko jauregiaren aurrien ondora
ailegatuko gara. Bertan, Aizarnazabal eta Aia lotzen zituen harrizko zubia dago
(82 m, 50 min).
Puntu honetara iritsita, bide beretik
itzuliko gara abiapuntura, bestela, aurrera jarraitu nahi izanez gero, haran
karstikoan murgilduko gara Granada baserriaren ondoko indarretxeraino.




No hay comentarios:
Publicar un comentario