Errepidea gurutzatu eta aurrez aurre dugun lehen malda txikiari aurre egingo diogu. Hasieran garo artean eta gero pagadian marrazten den xendatik lurrezko pista zabal batera aterako gara. Maldan gora segituko dugu Gaineko Harrietako lepora heldu bitarte. Gure ezkerrean, Madariko gaina eta Bagobilletako muinoak utzita, bide nabarmenetik aurrera egingo dugu. Berehala helduko gara Higer lurmuturra eta Mediterraneo itsasoa lotzen duen GR 11aren bide seinale zuri-gorrien ondora. Balizajea segituz, altuera hartu eta Atxuriako silueta nahastezina ikusiko dugu. Zentinelako ingurune megalitikora zuzentzen den SLaren markak ezkerrera utzi eta laster jaitsiko gara Zugarramurdiraino luzatzen den errepidearen ondora. Hau gurutzatu eta aurrean dugun pista zabaletik erraz ibiliko gara. Legateko gurutzean urrutian dugularik, Kaskoaundiko magaletik Also leporaino jaitsiko gara aldapa bizian altuera erraz galduz. Bidegurutze honetan, GR 11 utzi eta eskuineko bidea aukeratu dugu maldan behera Burrarteko bordaraino jaitsiz.
Pistan
zehar jarraituko dugu, baina laster, pago baten ondoan, eskuinetik ateratzen
den zidor nabarmena aukeratuko dugu. Garo artean eta tarteka pago gutxi batzuen
ondotik pasaz, bide zahar honek Lizardiko bordaren lurretara eramango gaitu eta
bere alanbrezko hesiaren paraleloan ibiliz berriro pistara aterako gara. Metro
batzuk bertatik bete eta berriro eskuin aldetik hedatzen den bidezidorra
aukeratuko dugu. Altuera galtzen goazen heinean, erreken uren murmurioa
gertuago entzungo dugu eta konturatu orduko Etxebertzeko borda eta Infernuko
errota lotzen dituen bidera jaitsiko gara. Ezkerraldera hartuz gero,
amuarrainen haztegi eta pilotaleku txiki bat duen jatetxera iritsiko gara eta
eskuin aldetik jarraituz, berriz, basoaren itzalean ezkutatzen den errota
zaharraren ondora.
Baztango
ipar-ekialdean, Bertizeko lurrekin mugan
jaiotzen den Infernuko errekaren gainean eskegita dagoen egurrezko
errota honetara, artoa ehotzea eraman
ohi zuten inguruko biztanleek. Lan honetaz gain, antzina, haran estu hauetara
ganadua bazkatzera ekartzen zen eta baserritarrek ikatza egiteaz gain, etxerako
egurra era bertatik hartzen zuten. Errota martxan jartzeko ez zuten ubiderik
erabiltzen eta ur-jauziaren indarraz baliatzen ziren gurpil hidraulikoa
mugitzeko. Bere jatorria ezezaguna bada ere, suposatzen da XVII. mendean
funtzionatzen zuela, aurkitu zutenean,
harri pare bat eta larruzko estalkiaz osaturik zegoen eta gerora, harriz
eta egurrez berregin zen. XIX. mendean frantsesek erre zuten arte erabili zuten
eta gerora, iristeko zuen zailtasunengatik karlistek babesleku gisa erabili
zuten.
Argazkiak
atera eta etorritako bidetik metro batzuk atzera egingo dugu, SL Na 13aren
seinale zuri eta berdeak aurkitu arte. Etxebertzeko bordara doan bidea utzi eta
ezkerretik maldan gora egingo dugu.
Abiapuntura itzultzeko 5 kilometro beteko ditugu, Baztango bordaren ondotik
pasa lehenik eta gero pagadian murgiltzen den pista zabala jarraituko dugu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2015/07/infernuko-zubia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario