Páginas

domingo, 8 de septiembre de 2024

Infernuko errota

 

Baztan eta Etxalar artean, Orabidea (Lekaroz) eta Tximista auzoen artean, Infernuko errekaren urek bidea zabaltzen dute pagoz betetako mendi magaletako haran estuetan. Orizki lepotik aterata, inguruko biztanleek artoa ehotzeko pasa den mende arte erabili ohi zuten izen bereko errota bisitatuko dugu. Horretarako, lehenik Etxalar herria atzean utzi eta Zugarramurdirako bide zaharretik hiru kilometro pasatxo, Orizki lepora igoko gara kotxez eta bertan dagoen antena baten ondoko zabaldian aparkatuko dugu, bunker baten ondoan hain zuzen ere.


Errepidea gurutzatu eta aurrez aurre dugun lehen malda txikiari aurre egingo diogu. Hasieran garo artean eta gero pagadian marrazten den xendatik lurrezko pista zabal batera aterako gara. Maldan gora segituko dugu Gaineko Harrietako lepora heldu bitarte. Gure ezkerrean, Madariko gaina eta Bagobilletako muinoak utzita, bide nabarmenetik aurrera egingo dugu. Berehala helduko gara Higer lurmuturra eta Mediterraneo itsasoa lotzen duen GR 11aren bide seinale zuri-gorrien ondora. Balizajea segituz, altuera hartu eta Atxuriako silueta nahastezina ikusiko dugu. Zentinelako ingurune megalitikora zuzentzen den SLaren markak ezkerrera utzi eta laster jaitsiko gara Zugarramurdiraino luzatzen den errepidearen ondora. Hau gurutzatu eta aurrean dugun pista zabaletik erraz ibiliko gara. Legateko gurutzean urrutian dugularik, Kaskoaundiko magaletik Also leporaino jaitsiko gara aldapa bizian altuera erraz galduz. Bidegurutze honetan, GR 11 utzi eta eskuineko bidea aukeratu dugu maldan behera Burrarteko bordaraino jaitsiz.

 


Pistan zehar jarraituko dugu, baina laster, pago baten ondoan, eskuinetik ateratzen den zidor nabarmena aukeratuko dugu. Garo artean eta tarteka pago gutxi batzuen ondotik pasaz, bide zahar honek Lizardiko bordaren lurretara eramango gaitu eta bere alanbrezko hesiaren paraleloan ibiliz berriro pistara aterako gara. Metro batzuk bertatik bete eta berriro eskuin aldetik hedatzen den bidezidorra aukeratuko dugu. Altuera galtzen goazen heinean, erreken uren murmurioa gertuago entzungo dugu eta konturatu orduko Etxebertzeko borda eta Infernuko errota lotzen dituen bidera jaitsiko gara. Ezkerraldera hartuz gero, amuarrainen haztegi eta pilotaleku txiki bat duen jatetxera iritsiko gara eta eskuin aldetik jarraituz, berriz, basoaren itzalean ezkutatzen den errota zaharraren ondora.

 




Baztango ipar-ekialdean, Bertizeko lurrekin mugan  jaiotzen den Infernuko errekaren gainean eskegita dagoen egurrezko errota honetara, artoa  ehotzea eraman ohi zuten inguruko biztanleek. Lan honetaz gain, antzina, haran estu hauetara ganadua bazkatzera ekartzen zen eta baserritarrek ikatza egiteaz gain, etxerako egurra era bertatik hartzen zuten. Errota martxan jartzeko ez zuten ubiderik erabiltzen eta ur-jauziaren indarraz baliatzen ziren gurpil hidraulikoa mugitzeko. Bere jatorria ezezaguna bada ere, suposatzen da XVII. mendean funtzionatzen zuela, aurkitu zutenean,  harri pare bat eta larruzko estalkiaz osaturik zegoen eta gerora, harriz eta egurrez berregin zen. XIX. mendean frantsesek erre zuten arte erabili zuten eta gerora, iristeko zuen zailtasunengatik karlistek babesleku gisa erabili zuten.

 


Argazkiak atera eta etorritako bidetik metro batzuk atzera egingo dugu, SL Na 13aren seinale zuri eta berdeak aurkitu arte. Etxebertzeko bordara doan bidea utzi eta ezkerretik maldan gora egingo  dugu. Abiapuntura itzultzeko 5 kilometro beteko ditugu, Baztango bordaren ondotik pasa lehenik eta gero pagadian murgiltzen den pista zabala  jarraituko dugu.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/07/infernuko-zubia.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario