Bera,
Lesaka, Igantzi eta Etxalar herriekin batera, Bortziriak osatzen duen Arantza
herria izango dugu ibilaldi zirkular honen abiapuntu. Herria eskualdeko
menditsuena da eta, udaberria heltzearekin batera, inguratzen duten mendien
magalak harizti, pagadi, garo leku eta belardi ederrez janzten dira haraneko
benetako protagonistak bihurtuz. Eta horien guztien artean gorderik,
Putzubeltza ur-jauzi ederra dugu.
Herritik
ur-jauzia dagoen ingurunera heltzeko
kotxez gerturatzea debekatuta dago, beraz herriko sarreran dagoen
aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Etxe ederren artean lehen urratsak eman
eta berehala iritsiko gara Arantzako aterpera. Honen ondoan, egurrezko zutoin
batean idatzita, Putzubeltza UB (seinale zuri-urdinak) eta Azkilarrea SL-4
(seinale zuri-berdeak) ibilbideen informazioa izango dugu. Alanbrezko hesiaren
paraleloan marrazten den xendatik erraz egingo dugu aurrera. Hasieran belardi
artean eta gero, haritz, urritz eta gaztainondoez osatutako basoan murgilduz,
Azkilarrea auzora iritsiko gara. Puntu honetan, SLaren seinaleak utzi eta
soilik marra zuri eta urdinak izango ditugu bide erakusle. Porlanezko bidean,
eskuinera jaisten dena utzi eta ezkerrekoa aukeratuko dugu.
Arruneko
bordaren gainetik zabaltzen den bide erosoan zehar, berehala iritsiko gara
ibilbide honetako lehen bidegurutzera. Eskuinera zuzentzen den pista zabaletik,
Xenborda aldera jaisten dena hartuko dugu.
Bide-seinaleek erakusten diguten norabidean jarraituz, altuera galtzen
hasiko gara eta azken malda jaistean, errekaren ondoan dagoen Beraskun baserrira
ailegatuko gara. Egurrezko seinaleak eta marra zuri-urdinek ezkerrera hedatzen
den lurrezko pista hartzera gonbidatuko gaituzte. Harana estutuz joango da, eta
oraindik haritz eta gaztainondo gutxi batzuk ikusi arren, pagoek protagonismoa
hartuko dute sakanaren hondora gerturatzen goazen heinean. Errekaren paraleloan zabaltzen den bidetik
zazpiehun bat metro bete ostean, Putzubeltza ur-jauziaren ondora helduko gara.
Ibilbidea egitea erabakitzen den urte sasoiaren arabera ikusgarritasuna
desberdina da. Garaiarik egokiena udaberriaren hasiera da, orduan isurtzen du
ur-emaririk handiena.
Ur-jauzia
eta bere inguruan dauden parajeez gozatu eta gero, abiapuntura itzultzeko
etorritako bidetik Beraskun baserrira bueltatuko gara. Ibilbide ofizialak ur-jauziraino
etortzeko erabili dugun bide berberetik egitea proposatzen digun arren,
errekaren paraleloan zabaltzen den pistan zehar aurrera egingo dugu errepidera
heldu arte. Puntu honetan, Aientsa auzora igotzen den errepidetik kilometro bat
beteko dugu maldan gora, Etxeberria baserriaren ondoraino. Metro batzuk lehenago
egoera kaskarrean dagoen karobi bat ikusiko dugu. Hemen errepidea utzi eta
eskuinetik jaisten den belarrezko maldan zehar Ostolo baserrira helduko gara.
Gertu
dagoen galtzadak erreka gainditzen lagunduko digun zubiraino eramango gaitu eta
beste galtzada zabalago batek herriguneraino igotzeko azken malda pikoari aurre
egiten lagunduko digu. Harrizko bi zubitxoen azpitik igaro eta herrigunera
iritsiko gara. Galtzada desberdinek, Arantzako Aientsa, Bordalarrea, Eguzkialde
eta Azkilarrea auzoetako baserriak herrigunearekin lotzeko eraiki ziren.
Galtzadaz gain, ezagutzea merezi duten beste zenbait eraikin zibil eta
erlijioso daude: herriko eraikinik zaharrenetarikoa den XV. mendeko Aranibarko
dorretxea, XVI. mende hasierako eraikin
ederra den Apezenea, XVIII. mendean egin zen Herriko Etxea, 1567. urtera arte,
Baionako elizbarrutiaren mende zegoen Jasokundeko Andra Mariaren eliza eta
antzinako ikuztegiak.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2023/03/putzubeltza-ur-jauzia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario