martes, 19 de marzo de 2019

Aspe: Ipar, ipar-ekialdeko hormatik, 500 m, AD

Aspe mendiaren gailurreko postontzia, gailur ederra benetan!!!


Aspe (Aisako mendi-zintzur bezala ere ezaguna) lehen aldiz ikusten denetik bere gailurrera igotzeko gogo bizia pizten duen mendi horietakoa da. Mendi bakartia, estetikoa, Canfranc, Aísa eta Aspe bailarekin muga egiten duen kareharrizko piramidea da. Ez da harritzekoa honelako mendi batean eskalada bide asko irekita egotea, bai harkaitzean baita negu giroan ere. Rabadá eta Navarro eskalatzaile ospetsuek ere mendi honetan beraien zigilua jarria dute.

Udan gehien eskalatzen den bidea “Saguzarraren gandorra” bada, neguko bideen artean klasikoena ipar ipar-ekialdeko hormarena izan daiteke. Kronika honetan bide honen ingurukoak ezagutzeko aukera izango duzue.

IBILBIDEA

Ibilbidea Candanchu eski-estazioko aparkalekuan (1.560 m) hasten da, “Regreso", “Fácil”, “Rinconada” eta “Paso de Tortiellas” eski-pistak konbinatuz Tortiellas pasabidera (1.930 m) iritsiz. Komeni da hasiera lasai hartzea Tortiellas pasabidea arteko malda zenbait lekutan gogorra baita.

Candanchuko eski pistetan.


Tortiellas pasabidetik "Rey Juan Carlos" pista (eskuinera doan pista nabarmena) metro batzuetan jarraituko dugu "Mirador del Aspe" pistara iritsiz. Malda gogor bat igo ondoren, 2.050 metro inguruan, “Mirador del Aspe” pista utzi eta Aspek iparrean osatzen duen bailara eta zirkuan sartuko gara.

Eguraldi ona dagoenean zirkutik horma bere osotasunean ikusiko dugu, baita bertara iristeko egin behar den ageriko zeharkaldia. Bertara iristeko zirkuaren eskuineko (parez pare begiratua) 40-45º inguruko malda igoko dugu.

Ageriko zeharkaldia 50 metro eta 40-45º inguruko zeharkaldi horizontala da. Teknikoki oso zaila ez bada ere kontu handiz ibili beharreko lekua da eroriz gero Asperen ipar hormaren oinean amilduta amaituko dugulako.

Ageriko zeharkaldian...


Zeharkaldiaren ondoren bi aukera ditugu: ohikoena ezkerreko joerarekin eskalatzen jarraitzea da Aspeko ipar ezproiaren eskuineko korridore nabariarekin topo egin arte. Korridore hau Asperen gailurraren ekialdeko lepoan amaitzen da. Bigarren aukera, guk hartu genuena, zeharkaldiaren amaieratik goraka zuzen eskalatzen jarraitzea da, korridore nabaria ezkerrean utzi eta gailurrera zuzen-zuzen iristeko.

Hormaren erdian.


50-55º inguruko zatietako batean.


Eskalada 50º inguruan mantentzen den arren (tartean 55º-ko tarteak daude), harkaitzen arteko 6-7 metro eta 55º inguruko pasabide bat eta bi irtengune motz eskalatuko ditugu: lehenengoa 60-65º inguru eta 4-5 metro ingurukoa eta bigarrena gailurrera iritsi aurretik (8-10 metro eta II+ zailasunekoa).

Bigarren irtengunearen zatirik bertikalenean.


Hormatik ateratzen.


Gailurrera iristen.


Jaitsiera Candanchutik Aspera doan ipar hormaren ohiko bidetik egingo dugu. Honetarako gailurretik hego-mendebaldeko noranzkoa hartu eta arrakala batera iritsitakoan ipar hormara pasako gara 40-45º inguruko kanal zabala jaitsiz. Kanala zuzen beheraino jaitsi daiteken arren, seguruena estutzen hasten den lekutik 20-25 metro ingurura eskuinera (ipar-ekialdera) desbideratzen hastea da, bihurgune handi bat eginez kanalaren oinera iritsiz. Bertatik, ipar ekialdeko noranzkoa jarraituz igoerako bidearekin topo egingo dugu.

Aspe, 2.640 metro.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 13 kilometro pasatxo.
- Korridorearen luzera: 500 m.
- Nork irekia: Negu giroan egindako lehen igoera Jose Antonio Bescós, Juan José Díaz eta Roberto Ligorred, 1955 urtean.
- Punturik baxuena: Candanchu eski-estazioa, 1.560 metro.
- Punturik altuena: Aspe, 2.640 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.310 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Candanchun erosi daiteke.
- Zailtasuna: AD. Hasierako 50 metro inguruko ageriko zeharkaldia. 40-45º inguruko zeharkaldi horizontala da. Oso zaila ez bada ere kontu handiz egin beharra dago, ez baitu akatsik barkatzen. Zeharkaldi honetaz aparte bi irtengune topatu genituen: 60-65º/M2 eta 4-5 metro inguruko irtengune tente bat eta, gailurrera iritsi aurretik 8-10 metro eta II+ zailtasuneko bigarren irtengune bat.
- Jaitsiera: Candanchutik datorren ohiko bidetik egin genuen, ipar-hormatik doana (PD zailtasuna) hain zuzen ere. Ipar hormatik beherako elur-palak arreta eskatzen du, zaila izan gabe erorketa bat gelditzea zaila izan daiteke eta.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, hiru iltze, hiru izotz-torloju, bi elur-hesola, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai batzuk. Nahiz eta material hau guztia eraman ez genuen ezer erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zazpi ordu eta erdi.

Ibilbidearen krokisa.



Informazio, krokis eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2019/03/aspe-2640-m-ipar-ipar-ekialdeko.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario