martes, 29 de diciembre de 2015

Egino: "Matices" bidea, 175 metro, 6a

Kronikatxo honetan Eginon dagoen "Matices" bidea aurkeztuko dizuet, eta aitortu beharra daukat ezusteko ederra izan dela bide hau eskalatzeak. Lehen luzea estutu beharrekoa da baina beste luzeetan ederki gozatuko duzuenaren zalantzarik ez daukat. Material aldetik Alien semaforoa eta tamaina erdiko 2-3 Camalot (edo bi lincam-ekin) nahikoa eta soberan izango duzue. Guk harkaitz zubietatik pasatzeko zinta pare bat erabili genituen. Pena da hain luze eder eta harkaitz onekoa hain gutxi errepikatua izatea, benetan merezi du eta. Lehen luzea 6a zailtasunekoa izan arren, A0 eginez V zailtasunarekin eskalatzerik dagoen bidea.

Bide honek harkaitza primerakoa du eta bigarren eta bosgarren luzeak itzelak dira. Gainera, graduaz larri bagabiltza, lehen luzea ekidin eta oinez zuzenean bigarren luzeraino igotzeko aukera dugu. Hori bai, auto babesteko materiala eraman beharko dugu lehen luzearen amaieran eta azken luzean asegururik ez dago eta.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 175 metro.
Luzeak: 6.
Nork irekia: Iñaki Lerma.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (35 m), 2ºL: 5b (30 m), 3ºL: IV+ (20 m), 4ºL: IV (40 m), 5ºL: V (25 m) eta 6ºL: IV+ (30 m). Goian esan bezala, lehen luzea A0n egiten badugu zailtasuna V inguruan geldituko da. Hala ere luze hau ekidin daiteke igotzen den monolitoa bere eskuinetik oinez inguratzen badugu.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: Kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera: Aztorea eta Usoaren bidetik. Bidearen amaieratik kotxera 25-30 minutu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, Camalot eta Alien jokoa, baita lincam hori eta gorria ere, hala ere bide osoan hiru friend bakarrik erabili genituen: Alien gorria eta lincam gorri eta horia. Harkaitz zubietatik pasatzeko zinta batzuk ere eraman genituen. Walkie-talkie pare bat ere eramatea komeni da bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta berrogeitabost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen kokalekua.


Bidea gertuago... Gorriz hurbilketa eta eskalada bidea, urdinez oinez egiten diren edo egin daitezkeen zatiak eta orlegiz jaitsiera (baita laugarren luzean egin daitekeen bigarren aukera).


Krokisa zehaztuta.




Informazio gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2015/12/egino-matices-bidea-175-metro-6a.html?m=1

No hay comentarios:

Publicar un comentario