sábado, 21 de diciembre de 2024

Monte Rosako itzulia (TMR)

 


TMR bide seinaleak hesola metalikoetan

Monte Rosa mendi multzoa lau mila metroko gailur garaiez osatuta dago bere punturik gorenena Dufourspitze (4.634 m) delarik, Mont Blanc eta gero Alpeetako altuena. Mendigune eder hau eta bere inguruan dauden beste batzuen magaletan zehar osatu dugu TMR zirkuitua, antzina  komertziorako erabilitako bideetan barna. Lepo garaietara igoz eta haran basotsu eta pikoetatik jaitsiz bista ikusgarriez gozatu dugu. Mendi garaietatik esekitzen diren glaziarren handitasunak liluratu gaitu eta antzinako bideek zeharkatzen dituzten larre eta basoetan ikusi ditugun fauna eta flora alpinoak txunditu. Italia eta Suitzako alpetar herrixka dotoreek beren aurpegi ederrena erakusteaz gain, beren haranetan murgilduz naturaren indarraz eta handitasunaz ohartu gara. Ikusgarria oso!


Pastore aterpea

Walser herriaren arrastoan

Saas Grund herrian eman diogu hasiera abentura txiki honi. Eguraldia lagun Saas Feera doan bidea utzi eta errekaren paraleloan hedatzen den xendan barrena Saas Almagelera heldu gara. Bide-seinaleek erakusten diguten norabidean Saaser Vispa bailaratik Eiu Alpeko basoetan murgildu eta Mattmark laku artifizialaren ondora heldu gara. Ertzetik ibiliz lakua puntatik puntara zeharkatu eta Monte Moro leporantz jo dugu. Hasierako xenda atsegina amaitu eta antzina Italiatik Valais haranera  XV. eta XVI. mendeetan artikuluak eta animaliak eramateko erabili ohi zen bidearen arrasto nabarmenak ikusi ditugu. Walseren antzinako bide honetatik igoera gogorra egin zaigu eta erne ibili behar izan dugu markak ez galtzeko. Bide arrokatsuan gora egin dugu lepoan dagoen Elurretako Ama Birjinaren (Madonna delle Nevi) urre koloreko estatuaren ondora heldu arte (2.786 m). Italia eta Suitza arteko muga egiten duen lepo honetatik dagoen ikuspegia oso zabala da, baina Monte Rosaren ekialdeko aurpegi ederrak erakarri du gure arreta.


Monte Moro lepoan Elurretako Ama Birjina

Zerbait jan eta edan ondoren, Anzasca haranean dagoen Macugnagara jaisteko teleferikoa erabili dugu, ordu asko baitaramatzagu ibilian eta mila eta bostehun metroko jaitsiera pikoak ditugun indar apurrak ahitzeko arriskua saihestu nahi izan dugu. 1.265ean Walserek fundatutako herrira heldu orduko, dutxatu eta ingurua ezagutzeko asmoz kalera atera gara. Walser herria Suitzako, Valais bailaratik heldu zen XIII. mendean. Herri transhumantea zen eta Monte Rosaren magalean finkatu zen, larre onak, baso trinkoak eta ur ugari aurkitu baitzituen bertan. Herri eder honetako kanposantuan Monte Rosako hormetan eta glaziarretan hildako mendizale batzuen hilarriak ikusi ditugu eta honen ondoan dagoen ezki zaharraren itzalean, inguruko herrietako ordezkariek bilerak egiten omen zituzten karguaren zina egiteko, gure Gernikako Arbolapen egin ohi den moduan. Ilunabarrean Dufour puntan eguzkiaren azken izpiak itzaltzen ikusi, afaldu eta ohera.


Egunsentia Dufour puntan Macugnagatik

Alta Valsesiaren lurretan murgilduz

Egunsentiak Monte Rosaren bestelako ikuspegia ederra erakutsi orduko, gosaldu eta abian gara Anzako uharraren ondotik bailararen beheko aldera jaitsiz. Issellako auzoa gurutzatu eta laster heldu gara Quarazzako urtegi txikira. Basoan zehar, Crocetteko meategietako aurriak atzean utzi eta Alpe Pianako larre eguzkitsuetara iritsi gara. Sigi-sagan primeran trazatutako bidetik erraz irabazi dugu altuera. Bide hau maiz konpondu dute, baina konponketa garrantzitsuena militarrek egindakoa da, Alpiniek edo mendiko tropek egindakoa hain zuzen ere. Bide honi “Sentiere della Libertà” deitzen diote. 1.943 urtearen amaiera aldera alemaniarrek penintsula okupatu ostean, preso aliatu kopuru handi bat askatu zuten italiar partisanoek eta bertako jendearen eta gerrillari antifaxisten laguntzaz negu gordinean bide hauetaz baliatu ziren askatasuna lortzeko. Batzuk ez zuten lortu eta bidean geratu ziren eta laguntzaile zenbait ere harrapatu eta exekutatu egin zituzten.


Punta Gnifetti, Punta Parrot eta Piramide Vincent  Pastore aterpetik

Alpe Schenara heldu eta bide erosoak Lanti bibakera eraman gaitu. Aurrez aurre dugun azken malda pikoari ekin aurretik, zintzurrak freskatu eta Quarazzako bailara ederrari so geratu gatzaizkio. Sigi-sagari segituz Turlo lepora (2.730 m) iritsi gara eta bertan dagoen harrizko mahai moduko batean hamaiketakoa egin dugu. Maldan behera jarri bezain pronto, ezkerrera utzi ditugu Turloko lakuak eta primeran definitutako bidetik jaitsiera luzea egin dugu. Grafenboden eta Fallerko larreak igaro, Sesia uharra gainditu eta Pastore aterpe dotorera iritsi gara. Bertan dagoen terrazan eseri eta eskutan dugun garagardo freskoari zurrut eginez, aurrez aurre dugun ikuskizunari begira so geratu gatzaizkio: Gnifetti Punta (4.559 m) eta segidan lerrokatzen diren beste mendi gailurrek osatzen duten postal perfektua. Iluntzean, Regina Margherita aterpearen argiak (4.554 m) zeru izartsuan txertaturik. Afaldu eta ohera.


Breithorn, Pollux, Castor, Lyskamm...

Hirugarren eguna da eta gaurkoan ere bikaina izan da egunsentiaren argitasuna parez pare ditugun mendi garaietan islaturik. Espektakulu paregabea! Eguraldia lagun, Alagna herritik doan bide nagusia utzi eta bide alternatibo bat aukeratu dugu. Sesia errekaren ondotik Crespi Calderinira zuzentzen den igoera pikoari ekin diogu eta lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko aterpearen ondora ailegatu gara. Vallon delle Pisseko larreak gurutzatu eta izen bera duen ur-jauziaren ondotik Vincent Piramidearen glaziarren azpiko aldera iritsi gara. Alpe la Balmako teleferiko zaharraren ondora iritsi gara eta zaila gertatu zaigu bide zuzena aurkitzea (eguraldi txarrarekin ingurune zaila eta arriskutsua). Azkenean Mullinitik jo dugu aurrez aurre dugun paretatzarraren oinera helduz. Eguraldiak bere aurpegirik onena erakutsi digu eta kostata, magal harritsutik igoz lortu dugu Valico Cimalegnako lepora iristea. Nekaturik gaude eta ur tragoxka bat egiten dugun bitartean behean, Olen bailaratik lainoa igotzen ari dela ikusi dugu eta goran, berriz, Vicent Piramidea, Liskamm eta Castor mendi garaien bista aparta. Oso egoera kaskarrean dagoen Guglielmina aterpea atzean utzi eta Olen lepoan (2.881 m) hamaiketakoa egin dugu urrutian Mont Blanc eta Gran Paradiso agertzen direlarik.


Gabiet aterpea

Eski pistetatik beherantz egin dugu eta gure eskuinera Lys aterpea utziz Gabiet aterpera heldu gara. Dutxatu eta gertu dagoen Gabiet urtegiaren ertzeko belardian eseri gara atzean utzi dugun Alta Valsesia haranean zehar azken bi egun hauetan bete dugun bidea gogora ekarriz.


Bors harana

Val d’Ayasko bideetan barna

Gosaldu, abian jarri eta berehala hasi gara altuera galtzen. Mos bailaran ondo trazatutako xenda batek Staval herrira eraman gaitu. Herria zeharkatu eta basoan marrazten den eski pista luzea segituz Alpe Sittenera igo gara. Pista aspergarria da eta oraindik beste 500 metroko desnibela gainditu behar izan dugu Bettaforcako lepora iristeko (2.672 m). Ayasko harana gure mendean, eski pisten ondotik doan xenda bilatu dugu. Goiz da eta Alpe Forcara iristean bertan dagoen laku txiki baten ertzean atsedena hartu dugu. Zirkuituko etaparik laburrenari amaiera emateko Resy auzorantz jo dugu eta bertan dagoen Ferraro aterpean hartu dugu atseden. Turistez beterik dago eta ilunabarra arte ez dugu lasaitasun eta bakerik izan. Bertako jabea den Fausta, urtero Nepal edota Tibetera joan ohi da eta Himalaiaren presentzia nabaria da. Paretetan ageri diren argazki ugarietan hango mendi eta jendearen bizimoduak islatzen dira. Urrutiko irudiak, irudi eder eta erakargarriak. Afaldu eta goiz oheratu gara, bihar egun luzea eta gogorra izango dugu eta.


TMR bide seinaleak margoturik

Oso goiz altxa eta gosaldu ondoren, berehala jarri gara martxan. St. Jacquesera jaisten den bidea ezkerrera utzi eta basoan murgiltzen den bidetik Pian di Verrazera jaitsi gara. Breithorn, Pollux eta Castor mendiek menderatzen duten bailara eder honi bizkarra eman eta TMRren seinaleak segituz Pian di Tzèrera igo gara. Inguru bakartia bezain ederra. Alpe Vardan bat egin dugu Fierytik datorren bide zaharrarekin eta aurrerago Alpe Maseko goi larreetara. Paraje berezi hauetan xenda erosoak zeharka-meharka dabil errekastoen artean Gran Lagoko berde turkesa koloreko lakuaren ondora iritsi arte. Azken maldak Colle Supérieur delle Cime Blanquen (2.981 m) utzi gaitu eta bertatik ikusi ahal izan dugu lehen aldiz Cervino edo Matterhorn mendi ospetsu eta bikainaren irudi osoa. Ohikoa duen txapelik gabe eskalatzaileek horrenbeste estimatzen dituzten bere ertz zorrotzak erakutsi dizkigu, harro. Pozaren pozez hamaika argazki atera eta aurrera egin dugu Theodulpass lepoaren bila.


Dent Blanche, Ober Gabelhorn, Zinaltrothorn, Weisshorn... Theodulpasseko glaziarretik

Eguraldia lagun, Plan Maison aldera doan bide nagusia utzi eta Cerviniako eski pisten barrena altuera irabazi dugu bide ofizialarekin bat eginez. TMRren bide-seinaleekin batera GSWarenak (Grand Sentier Walser) ikusi ditugu. Cervinotik gertuago gaude, baina lepora heldu aurretiko azken hirurehun metroko desnibela gogorra gertatu zaigu. Italia eta Suitzako mugan dagoen Theodulpass lepoan (3.290 m) arnasa hartu eta betarik galdu gabe aurrera egitea erabaki dugu haize fina dabil eta. Aurrez aurre dugun glaziarrean zehar kontu handiz jaisten hasi gara, izotz  plakak eta elur bigunak saihestuz. Arreta handia jarri behar izan dugu Trockener Stegg teleferikoraino hedatzen den glaziarrean, pitzadurak eta urtutako elurraren urek osatzen dituzten errekasto anitzetatik ihesi, hala ere ezin erorketaren bat edo beste saihestu. Mokadu bat jaten dugun bitartean, bertatik dugun 360ºko panoramikaz gozatu dugu: Monte Rosa mazizoa osatzen duten Breithorn (4.159 m), Pollux (4.092 m), Castor (4.223 m), Lyskamm (4.527 m), Gnifetti (4.563 m) eta Dufour (4.609 m) puntak alde batetik eta Dent Blanche (4.357 m), Ober Gabelhorn (4.063 m), Zinalrothorn (4.221 m) eta Weisshorn (4.506 m) menditzarrak bestetik. Iparraldera begiratuz, Mattertal haranaren ekialdean Strahlhorn (4.190 m), Rimpfischorn (4.199 m), Allalinhorn (4.027 m), Alphubel (4.206 m), Täschorn (4.491 m) eta Dom (4.479 m). Eta bi mazizo erraldoi hauen artean Cervino edo Matterhorn (4.476 m) mendiaren piramide perfektua. Mendien sinfonia armoniatsua osatzen duten postal paregabea. Ederra bezain gogorra suertatu zaigu etapari amaiera emateko, Zermatteraino teleferikoa hartzea erabaki dugu, herria ezagutu eta bertako giroaz gozatzeko gogotsu baikaude. 


Cervino (Matterhorn) Tufterenetik 1

Europaweg eta Höhenweg

Egunsentian, Zermatteko hotel txikiaren balkoitik Cervino edo Matterhorn mendi ospetsuaren Zmutt, Hörnli eta Furggen ertzek osatzen duten piramide perfektuari begira eman ditugu seigarren egunaren lehen minutuak. Gosaldu ostean, Europaweg bidea puntatik puntara egiteko asmoz Sunneggara lur azpiko tren kremailera batean igo gara, bertatik bailara osoaren ikuspegi bikaina baitago. Argazki panoramiko dezente atera, motxilak bizkarreratu eta martxan jarri gara. Mattertal haranaren gain aldetik hedatzen den bide eder hau balkoi naturala da eta primeran balizaturik dago. Tufteren auzoa atzean utzi eta geroz eta airetikoagoa den xendan barrena Ottavan auzora iritsi gara, Allalinhorn eta Rimpfischhorn mendi garaien glaziarren azpi aldera. Leku polita eta lasaia eguneko hamaiketakoa egiteko.


Cervino (Matterhorn) egunsentian Zermattetik

Inguruaz gozatzen ari gara, baina aurrerago hesola metaliko batean jarrita dagoen ohar batek, bidea moztuta dagoela ohartarazi digu, nonbait berrehun metroko zubi esekia hautsita dago eta ezin da aurrera egin. Zorte txarra! Randa herriraino jaitsi behar izan dugu eta gero, berriz, Europahütte aterperaino igotzeko beste zortziehun metroko desnibela gainditu (2.265 m). Soseguz egin dugu, erritmo egokian eta aterpera heldu orduko gure ahaleginak bere saria izan du: terrazan eseri eta garagardo fresko bat eskutan dugularik, gure parean altxatzen den Weisshorn mendi bikainaren ertz luze eta zorrotzaren ikuspegiaz gozatu dugu. Aterpeko nagusiak prismatikoak hartu eta debeku-seinaleei muzin egin dioten mendizale talde bati  lagundu behar izan dio aterperainoko bide zaharra eta hondatua bilatzen. Arriskutsua oso.  Dutxatu, afaldu eta ohera.


Cervino (Matterhorn) Tufterenetik 

Aurrekoetan bezala, zazpigarren egunaren egunsentiak inguruaren irudi polita erakutsi digu. Gosaldu eta abiatu bezain pronto, Himalaian aurki genezakeen zubi  moduko bat zeharkatu eta gero, Dom mendiaren magaletan elur-jausi eta ekaitzen ondorioz bidera eroritako arrokek zaildu egin dute gure ibilera. Kasik mila metroko amildegien ertzetik igaro eta gero, ez dugu lasaitasunik hartu St. Niklaus estatuaren ondora iritsi arte. Atseden laburraren ostean, baso ederraren itzalean Gasenried herriraino jaitsi gara eta segidan Grachenera. Teleaulkiaren ondoan dagoen mahai batean urdaiazpikoa ogiarekin jan eta martxan jarri gara Hannigalp aterpera igotzeko dauden bostehun metroko desnibela gainditzeko asmoz. Zum See atzean utzi eta eski pistatik barrena lortu dugu gaurko etapa honi amaiera ematea (2.121 m). Hemen amaitzen baita Europaweg izeneko bide berezi eta ederra, eta bihar, berriz, zirkuitua ixteko Saastal haranaren gainetik marrazten den Höhenweg bideari helduko diogu. Gauez ekaitza lehertu da erabat hutsik dagoen eski estazioan eta gu bakarrik geratu gara  aterpean. 


Gasenried herrixka

Gure laguna den eguzkiak ez digu gaurkoan ere hutsik egin eta gosaldu ondoren, gogotsu eman diogu hasiera azken etapa honi. Berehala ohartu gara bide hau bestea baino berdeagoa eta oparoagoa dela. Ibilbidea primeran trazatuta egon arren, zenbait tartetan kable edota sokak jarri dituzte, batik bat amildegiaren gertutasunak hala eskatzen duenean. Bide honetan basahuntz alpetar eta chamois ugari ikusi ditugu, bertako larreetan lasai bazkatzen. Mendiak dituen irtengune eta sartuneak inguratuz aurrera egin dugu gogotsu. Saas Grund herria ikusi orduko, zerua estali egin da eta Dom mendiaren gain aldean lehertu da ekaitza. Zortzi egunez eguraldi ona izan dugu lagun, eta azkenean tximista eta trumoiek motxilan ondo gordeta daramagun goretexa janztera behartu gaitu. Ordu bat beranduago helmugara iritsi gara, eguzkiaren izpiek berriro bazterrak argitzen hasi diren bitartean. Akabo! Gozatu dugu!


Zubi esekia Europaweg bidean

Walserweg edo Walser bidea

Walser bidea Valtournenche, Ayas eta Lys haranak zeharkatzen dituen ibilbidea da. Bide hau egiteak, Walser herriak lur hauek kolonizatzeko Erdi Aroan egin zuen bidea suposatzen du. Herri transhumante hau Suitzako Valais haranetik heldu zen XI eta XII. mendeetan zehar eta  Monte Rosaren magalean finkatu zen, larre onak, baso trinkoak eta ur ugari aurkitu baitzituen bertan. Herri asko fundatu zituzten eta horietan oraindik stadel-ak ikus daitezke, harrizko disko bat duten egurrezko onddo moduko batzuetan oinarria duten egurrezko eraikinak. Antzina epaitegi eta kartzela funtzioak betetzen zituen stadel zaharrenetako bat (1547) Gressoney-Saint-Jeanen dago, Greschmatto herrian hain zuzen ere. Monte Rosaren magalean izan zuten bizitza oso gogorra izen zen. Ogia urtean behin egiten zuten eta ogi biribilak sikuak mantentzen zituzten gerora zopatan bigunduz. Horrela egin ezean, hezetasunak bihia usteltzeko arriskua zuten. 


Weisshorn eta Bishorn mendiak Europahütte aterpetik

Beren jatorriko lurraldeekin izandako harremanei esker, Walser-ek mendeetan zehar mantendu ahal izan dituzte beraien tradizioak. Horren lekuko dira gaur egun, okasio berezietan erabiltzen dituzten jantziak, urrezko filigranaz egindako buruko edo kofia baliotsuak eta herritar batzuek oraindik hitz egiten duten alemaniar-suitzar dialektoa den Walser hizkuntza. Gaur egun hizkuntza hau erabiltzen duten zenbait komunitate daude Suitzan (Valais, Berna, Grisonia eta Tesinoko Kantoietan), Italia, Austria eta Liechtenstein. 25.000 lagun inguruk ezagutzen dutela uste da (10.000 Suitzan, 3.000 Italian, 10.000 Austrian eta 1.500 Liechtensteinen). Azken urtetan atzerakada handia izan du, hiztun gazte askok lurraldearen arabera, italiera edo aleman-suitzar hizkuntza hobetsi baitute Walser hizkuntzaren ordez.  


Weisshorn eta Bishorn mendiak Europaweg bidetik

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/monte-rosa-inguratuz.html


Joan Mari eta Mikel Saas Grunden itzulia amaitzean





No hay comentarios:

Publicar un comentario