sábado, 14 de diciembre de 2024

Sonam-en Khangpa

 

Everest eta Lhotse hodei artean


Sonam-ek bere “khangpa” erakutsi digu. Ez da ohiko etxe bat. Himalaiako ortzia du sabaitzat  eta inguratzen duten izotzezko mendi garaietatik esekitzen diren baso eta haran biluztuek mugatzen dute albo guztietatik. Ilargi eta eguzkiaren taupaden erritmoaren baitan mugitzen diren herri eta bazter ederrak, denborak beste dimentsio bat hartzen duen paisaia erakargarria, natura guztiaren jabe den espazio harmoniatsua, sentimenduak loratzen laguntzen duen sehaska kulunkagarria, ehunka urteko usadioei loturiko sherpa herriaren bizilekua... Sonam-en “khangpa” ez da ohiko etxe bat. Bizitza oso bat da. Bizia den bizitza oso bat. 


Lukaklo aireportua

Luklarantz

Hegazkin txikiaren leihotik Kathmandu-ko paisaiari so geratu gatzaizkio. Gure mendean budisten estupak, kale zalapartatsuak, Bagmati ibaiak marrazten duen lerro irregularra... hamaika postal koloretsu, bizirik irauteko hamaika espazio desorekatu, bizitza itzaltzeko hamaika bazter ezkutu. Himalaiara gerturatzen goazen heinean, berehala ohartu gara haran eta mendi gandorretan lerro meheak marratzen dituzten bidezidorrak infinituan galtzen direla eta mendien magalak bortizki amiltzen direla ibaietan ito arte. Ertzik gabeko panoramika mugagabearen sinfonia. Dena da txikia eta handia aldi berean. Eta neurririk gabeko eszenatoki honetan miniaturazko mundu bat, gertutik, barren-barrenetik ezagutu nahi dugun mundu erakargarria, naturaren altzoan piztu eta lokartzen den sherpen “khangpa”.


Luklatik gertu estupa eta otoitz zapiak

Zerumuga ebakitzen dituzten mendi garaiak begiztatuko orduko ohartu gara Sagarmatha-ko atarian gaudela, baina hegazkin txikia sakanerantz jaisten hasi denerako paisaia ahaztu eta izuak urduri jarri gaitu. Azkenean, Lukla-ko aerodromoan lurra hartu dugu. Mendizaleen motxilak eta petateak garraiatzen dituzten zamaketariez beterik daude bazterrak, rupia batzuen trukez hurrengo egunetarako lana emango diegun esperoan. Harrabots honetan galdurik norbaitek gure izenak ozenki bota ditu airean. Sonam da, datozen hamabi egunetan bide erakusle eta bidelagun izango dugun sherpa, eta haren ondoan gure zama bizkarrean garraiatuko duen “rai” etniako Ram gaztea.    


Jainkoei zuzendutako otoitzak irudikatzen dituzten gurpilak

Izen iradokitzailea duen Paradise lodge-an lehen tea dastatu eta berehala murgildu gara Lukla-ko kale estu eta luzean. Paisaia berriari so zirrarak hartu gaitu eta metro gutxiren buruan begiak ezin ase ekin diogu gure abentura honi. Azken etxea atzean utzi eta Sagarmatha-ko lurraldera ongi etorria ematen duen ataria gurutzatu aurretik, jainkoei zuzendutako otoitzak irudikatzen dituzten gurpilak dantzan jarri ditugu erreguak egin eta desiorik gizatiarrenak eskatuz. Beteko ote?     


Namche Bazar

Sherpen hiriburuaren kolore festa

Bat batean, andanan doazen turista, mendizale eta zamaketarien joan-etorri etengabean murgildu gara. Bazter guztiei so eta gure ingeles traketsaz baliatuz, Sonam-i galdezka hasi gatzaizkio begien aitzinean agertzen zaigun guztiaren esanahi eta arrazoiak jakin guran.  Pazientzi handiz eta beti irribarre zabal batez, bere khangpa-ren sarreran deskubrituz goazen guztiari izena eta izana jartzen dio, bere etxea apaindu eta edertzen duten zoko eta xehetasunen azalpen neurtuak, gure interesa asetzeko lain. Eskolara doazen umeen algara biziak gure arreta bereganatu du, zuhaitzen artean ezkutaketan, loreak bildu eta irribarre zabal batez gure argazki kameraren klik-a noiz egingo zain. Kusum Khangkaru mendi garaiaren magaletan eguzkiaren azken izpiak irristatzen hasi direnerako Phakding-era heldu eta bertan igaro dugu lehen gaua.  


Dudh Kosi ibaia gainditzeko zubi esekia

Bezperan piztutako neurririk gabeko jakin minez abiatu gara Dudh Kosi ibaiaren paraleloan marrazten den bidezidorrean zehar. Tarteka, erakargarriak bezain ziragarriak gertatu zaizkigun kablez eta burdinez eginiko zubi esekiak zeharkatu eta maldan gora abiatu gara. Emeki-emeki heldu gara sherpa herriaren hiriburura, Namche Bazar-era hain zuzen ere. Igitai itxura duen haran malkartsu batean gora egiten duen herri honek anfiteatro baten harmailetan etxeak barreiatzen diren argazki koloretsua eta bizia du. Xehetasunik galdu gabe, herria, herritarrak eta hauen bizimodua ezagutu asmoz kale artean galdu gara, merkatuko anabasa, monasterioaren misterioa, dendarien zalaparta eta paisaiaren babesean.


Sonamen familiarekin

Biharamunean, Sonam-ek Haran Berdean kokaturik dagoen Khumjung-era joan eta bere jaiotetxea ezagutzera gonbidatu gaitu. Masailak eguzkiaren indarrez belztuta dituen bere amak hartu gaitu, atseginez, te bat hartzen dugun bitartean bere etxe xumearen gelak apal erakutsiz. Thamserku eta Kang Tega mendi garaien gailur eta izotzezko magalei begira amets egiteko beta hartu dugu segidan, ezinezkoa zaigun hori eskura izango bagenu lez. Namche Bazar-era itzuli eta gauak lagundu digu ametsa betetzen.


Zamaketaria Khumbu haranean

Gokyo haranaren biluztasuna

Egunsentiaren argitasunarekin batera, nagitasunak astindu eta Namche Bazar-eko eskailera amaigabeetan soseguz egin dugu gorantz. Lehen bihurgunera iristean, gure etxean argazki eta irudietan maiz ikusi eta amestu ditugun munduko mendi garai eta ederrenak aurrez aurre paratu zaizkigu: Ama Dablan, Nuptse, Lhotse eta bi hauek lotzen dituen harresi ikaragarriaren gainetik bere buru ilun lurruntsua erakutsiz Sagarmatha (Everest edo Chomolungma).  Emozioek azkar kilikatu dute gure barrena, elkarri begiratu diogu, mutu, dakusagun paisaiaren bakarrizketari erne, detailerik galdu gabe, Sonam-ek iratzarri gaituen arte.


Thamserku eta Kang Tegaren gailurrak hodei artean

Tawoche, Cholatse eta Arakam Tse mendien paraleloan zabaltzen den bideak paraje berrietara gerturatu gaitu. Mugagabeak diruditen magalez osaturiko lur biluztuak, lortezinak ematen duten izotzezko mendi gailur zorrotzez marrazturiko zerumuga amaigabea.  Errododendro bakan batzuk eta te landare basatiek lekua aurkitu duten Gokyo haranaren altzoan gaude. Eta eszenatoki erraldoi honen hondoan, Cho Oyu menditzarraren presentziak inguratzen gaituen paisaiaren collage perfektuari falta zaion azken pieza ezin ederragoa. Gokyo Ri-ko gailurrera (5.357 m) igo eta jainkoei eskainitako ifrentzu usain artean 360º-ko panoramika bikainaz gozatu dugu luzaroan, isilik, paisaiaz maitemintzeko ahaleginduz, naturak erakusten duen indarrak liluratuz.   


Mendizaleak Cho La Pass-era heldu aurretik atsedena hartzen. Atzean Kangchung  mendia

Khumbu glaziarraren handitasuna

Bezperan egindako elurrak bazterrak zuritu eta neguko giroa nagusitu da isiltasuna jabe den paraje eder hauetan. Erritmo motelaz Cho La Pass-eko lepora (5.368 m) zuzentzen den xenda estu eta pikoa jarraitu dugu. Nirekha Peak-en magaletik ihesean doazen izotzezko bloke erraldoi eta mehatxatzaileek erakarri dute gure atentzioa, askatu eta gure mendean hautsiko ote diren beldur. Glaziarrean zehar bete ditugu hurrengo minutuak, ezker-eskuin zabaltzen zaigun ikuspegi dotoreari so. Kasik bost mila metrotan gaua igaroko dugun Lobuche-ko lodge-ra iristean nekea gailendu zaigu eta afari oparoaren ostean, ohe xumeak eskaini digun espazioaz jabetu gara hurrengo egunak oparituko dizkigun ezusteen esperoan.


Cho Oyu

Egunsentiaren argitasunak iratzarri gaitu. Teak berotutako edalontzia eskua artean estutu eta zurrut txikiak eginez gorputza girotu dugu. Gora Shep-era heldu eta bat batean, Pumori, Lingtren, Khumbutse eta Nuptse menditzarren izotz eta haitzezko zirku perfektua agertu zaigu aurrez aurre. Eta hauen altzoan Sagarmatha eta Lhotse-ra igotzeko oinarrizko kanpamendua, glaziarraren gainean eraikitako kolore anitzezko herrixka. Kala Patthar-eko gailurrera (5.545 m) heltzean, haizeak bortizki astintzen dituen otoitz-zapi koloretsuek egin digute harrera. Munduko mendi garaienari so geratu gatzaizkio, bere buru ilunari darion lurruna airean barreiatzen delarik. Mutu geratu gara inguratzen gaituen paisaiarekin, gure begiek dakusaten irudiek hitz egiten digute soilik.


Everesteko oinarrizko kanpamenduan

Oinarrizko kanpamenduan mendizale ezagunekin

Oinarrizko kanpamenduari bisita azkarra eta etorritako bidetik itzuli gara. Khumbu-ko glaziarrari diosala egin eta haranean zehar jaitsiz atzean utzi ditugu Lobuche, Periche eta  Pangboche herrixkak. Tengboche-ko monasteriora heltzean ezin izan dugu ekidin begirada goi mendietara zuzendu eta sei mila metro gaindi zutitzen diren gailurrekin liluratzea, serac-jauzi itzelak jaurti eta oreka miragarrian mantentzen diren tontor zorrotz helezinak. Erraldoi hauen mendean lasai dirau monasterioaren bizitzak, egunsenti eta arratseko monjeen otoitzen erritmoan, naturak airean musikatzen duen konpasean.   


Emakume sherpa baratzean lanean Mojon

Bizitzak normaltasunez darrai Nepalgo goi haranetan; nekazariak beren soroetan lanean, umeak eskolarako bidean, agureak egurrezko eserlekuetan berbetan… gizarte bat bere eguneroko errutinan murgildurik bizi da. Collage honek, inguratzen gaituen haitz eta izotzezko eszenatoki zoragarria bezainbeste liluratu gaitu. Ibilaldi honen azken eszena Lukla-ko aireportu txikian bizi izan dugu, Sonam eta Rai agurtu eta noizbait berriro itzuliko garela promesa egitean. Lagun maitagarriak besarkatu, hegazkin txikian sartu eta  sherpen “khangpa”tik urrutiratu gara tristuraz. Laster arte!      


Namche Bazerreko ume sherparen begirada samurra

Kathmanduko kaosean murgildu gara. Swayambunath-eko amaierarik gabeko eskaileretan gora, Pashupatinat-eko Bagmati ibaian errauste zeremonietan erretako gorpuen kearen arrastoan, Bodhnath-eko stuparen inguruan monje budisten otoitzen itzulian, Patan-eko tenpluen artean jiran, Indra Chowk eta Asan Tole-ko kaleetako zalaparta amaigabean galdurik... Atzean geratu dira hamabi egunez Sonam-ekin ezagutu eta gozatu ditugun Gokyo eta Khumbu-ko haranak, sherpen herrixka koloretsuak, isiltasuna eta ifrentzuaren usaina nagusitzen diren budisten monasterioak, merkantziaz zamatutako yak ilara luzeak, Dudh Kosi ibaia gainditzeko zubi esekiak, Tehngboche-ko magaletan loratzen diren errododendroen distira… eta batik bat Himalaiako zerua egunero marrazten duten sherpa ume maitagarrien irribarrea.


Kathmanduko Bodhnath-eko stupa erraldoia

Hau guztia da Sonam-en “khangpa”, hau guztia da Sonam-en etxea, mugarik ez duen mundua, imajinazioak ihes egiten duen espazioa adeitsua, gizakiaren ezkutuko sentimenduak ernetzen dituen lur ziragarria. Danebad Sonam! Danebad zure etxearen ateak parez pare irekitzeagatik, bere erraiak erakutsi eta gozatzen uztegatik, gure ezkutuko sentimenduak azal arazteagatik. Danebad Sonam, mutu ez den zure paisaia gurekin konpartitzeagatik.  




No hay comentarios:

Publicar un comentario