domingo, 5 de mayo de 2024

Uzturreko itzulia

 


Uzturretik Ipuliñora hedatzen den mendilerroak Leitzaran harana iparraldean eta Elduain ibaiaren harana hegoaldean bereizten ditu. Ibilbide honetan, Uzturrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidea saihestuz, Belabietako biraren PR-Gi 115aren bide-seinaleak jarraituko ditugu. Belabietako ingurura heltzean, bide balizatua utzi eta mendilerroa zeharkatzen duen bidetik Uzturreko tontor eta gurutzea bisitatuko ditugu.

 


Ibarra udalerriko Izaskun auzoan dagoen Izaskungo Ama Birjinaren baselizatik abiatuko gara, Uzturrera igotzeko ohiko abiapuntuetako bat. Aita Lizarralderen arabera, Ama Birjinaren irudia XIII. mendearen bigarren erdialdekoa edota XIV. mendearen hasierako izan liteke. 1873 eta 1887an suteek kiskaldu egin zuten, beraz jatorrizko baselizak ezer gutxi du 1904ean eraiki zenarekin. Ama Birjinaren irudia baita garai haietatik herritarrek mantentzea lortu izan duten gauza bakarra.

 



Izaskungo baselizatik abiatu eta berehala, Urkieta inguruan, PR-Gi 115aren bideak bi norabide hartzen ditu. Guk eskuin aldetik joko dugu ezkerrekoa itzulerako utziz. Asfaltozko bideak Orieta baserriraino eramango gaitu, aurrez Uzturrera igotzen den ohiko bidea utzita. Aurrerago, bide-seinaleek porlana utzi eta ezkerretik hedatzen den pista hartzera gonbidatuko gaituzte. Pixkana altuera hartzen hasiko gara eta konturatu orduko Urtetako iturriaren ondora ailegatuko gara. Aurrerago, Saiako bordaren ondotik pasa eta Belabietako tontorrera zuzentzen bidea eskuinera utzita aurrera egingo dugu.

 


Bide balizatua mendilerroaren beste isurialdetik hedatzen da, baina guk hau utzi eta Uzturreko gurutzeraino hedatzen den gandor gorabeheratsuan zehar abiatuko gara. Bizpahiru hesi-ate igaro eta erdi ezkutaturik dagoen Uzturreko tontorrera helduko gara. Bi buzoi eta erpin geodesikoa. Tontorra atzean utzi eta harrizko hesiaren ondotik marrazten den xendan zehar jaisten hasiko gara Uzturreko gurutzearen ondora atera arte.

 



Gaur dagoen hamar metroko gurutzea altxatu zuten bigarrena baita, lehen 1927an inauguratu zuten, baina  1941ean erauntsi gogor batek bota zuen. Gurutzearen alde batean, Emeterio Arrese idazle tolosarrak mendiari dedikatutako ondoko olerkia irakur daiteke: “Mendi gañean beso zabalik/zauden gurutze laztana/otoi egiñez muiñ emanzale/apalki nator zugana.” Gailurra zuhaitzez ezkutatuta bistarik ez duenez, mendizaleen jomugarik ezagunena gurutzearen ondora igotzea izan ohi da, bertatik Tolosa herria eta inguruko mendien ikuspegi ederraz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen baitu.

 

Gurutzearen oinean, Tolosan bizi zen Norvegiako industria-zuzendariaren semea zen Eduardo Enersenen oroimenez jarritako plaka bat ikusiko dugu. 1828ko urtarrilean, hemezortzi urte zituela hil zen, Manuel Tolosa eta Fernando Lasurtegi lagunekin Uzturreko magal malkartsutik igotzen saiatuta. Esperientzia eskasa batetik eta ekipamendu egokirik gabe, gazte norvegiarra hogei metroko altueratik amildu eta hil egin zen.



Abiapuntura itzultzeko aldapa bizian jaisten den bidea saihestu eta gurutzetik metro batzuetara ateratzen den xenda bilatuko dugu. Basoan zehar jaisten hasi eta laster Belabietatik datorren  bide balizatuarekin bat egingo dugu (PR-Gi 115). Bide zabalean zehar Artzaienea baserriaren ondotik pasako gara eta aurrera eginez berehala galduko dugu altuera. Urkietara iristean gertu izango dugu Izaskun auzoa.


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2020/06/uzturreko-itzulia.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario