Uzturretik Ipuliñora hedatzen den mendilerroak Leitzaran
harana iparraldean eta Elduain ibaiaren harana hegoaldean bereizten ditu.
Ibilbide honetan, Uzturrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidea saihestuz,
Belabietako biraren PR-Gi 115aren bide-seinaleak jarraituko ditugu. Belabietako
ingurura heltzean, bide balizatua utzi eta mendilerroa zeharkatzen duen bidetik
Uzturreko tontor eta gurutzea bisitatuko ditugu.
Ibarra udalerriko Izaskun auzoan dagoen Izaskungo Ama
Birjinaren baselizatik abiatuko gara, Uzturrera igotzeko ohiko abiapuntuetako
bat. Aita Lizarralderen arabera, Ama Birjinaren irudia XIII. mendearen bigarren
erdialdekoa edota XIV. mendearen hasierako izan liteke. 1873 eta 1887an suteek
kiskaldu egin zuten, beraz jatorrizko baselizak ezer gutxi du 1904ean eraiki
zenarekin. Ama Birjinaren irudia baita garai haietatik herritarrek mantentzea
lortu izan duten gauza bakarra.
Izaskungo baselizatik abiatu eta berehala, Urkieta inguruan,
PR-Gi 115aren bideak bi norabide hartzen ditu. Guk eskuin aldetik joko dugu
ezkerrekoa itzulerako utziz. Asfaltozko bideak Orieta baserriraino eramango
gaitu, aurrez Uzturrera igotzen den ohiko bidea utzita. Aurrerago,
bide-seinaleek porlana utzi eta ezkerretik hedatzen den pista hartzera
gonbidatuko gaituzte. Pixkana altuera hartzen hasiko gara eta konturatu orduko
Urtetako iturriaren ondora ailegatuko gara. Aurrerago, Saiako bordaren ondotik
pasa eta Belabietako tontorrera zuzentzen bidea eskuinera utzita aurrera egingo
dugu.
Bide balizatua mendilerroaren beste isurialdetik hedatzen da,
baina guk hau utzi eta Uzturreko gurutzeraino hedatzen den gandor
gorabeheratsuan zehar abiatuko gara. Bizpahiru hesi-ate igaro eta erdi
ezkutaturik dagoen Uzturreko tontorrera helduko gara. Bi buzoi eta erpin
geodesikoa. Tontorra atzean utzi eta harrizko hesiaren ondotik marrazten den
xendan zehar jaisten hasiko gara Uzturreko gurutzearen ondora atera arte.
Gaur dagoen hamar metroko gurutzea altxatu zuten bigarrena baita, lehen
1927an inauguratu zuten, baina 1941ean
erauntsi gogor batek bota zuen. Gurutzearen alde batean, Emeterio Arrese idazle tolosarrak mendiari dedikatutako
ondoko olerkia irakur daiteke: “Mendi
gañean beso zabalik/zauden gurutze laztana/otoi egiñez muiñ emanzale/apalki
nator zugana.” Gailurra zuhaitzez ezkutatuta bistarik ez duenez,
mendizaleen jomugarik ezagunena gurutzearen ondora igotzea izan ohi da,
bertatik Tolosa herria eta inguruko mendien ikuspegi ederraz gozatzeko aukera
paregabea eskaintzen baitu.
Gurutzearen
oinean, Tolosan bizi zen Norvegiako industria-zuzendariaren semea zen Eduardo
Enersenen oroimenez jarritako plaka bat ikusiko dugu. 1828ko urtarrilean,
hemezortzi urte zituela hil zen, Manuel Tolosa eta Fernando Lasurtegi lagunekin
Uzturreko magal malkartsutik igotzen saiatuta. Esperientzia eskasa batetik eta
ekipamendu egokirik gabe, gazte norvegiarra hogei metroko altueratik amildu eta
hil egin zen.
Abiapuntura
itzultzeko aldapa bizian jaisten den bidea saihestu eta gurutzetik metro
batzuetara ateratzen den xenda bilatuko dugu. Basoan zehar jaisten hasi eta
laster Belabietatik datorren bide
balizatuarekin bat egingo dugu (PR-Gi 115). Bide zabalean zehar Artzaienea
baserriaren ondotik pasako gara eta aurrera eginez berehala galduko dugu altuera.
Urkietara iristean gertu izango dugu Izaskun auzoa.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2020/06/uzturreko-itzulia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario