Páginas

sábado, 27 de abril de 2024

Berastegiko karobiak

 


Berastegin 84 karobiren aztarnak aurkitu dira, batzuk hondakin soilak dira gaur egun, baina beste zenbait kontserbazio egoera onean daude. Ibilbide hau burutuz gero, herriko lurretan dauden horietako batzuk ikusiko ditugu, Patxikutorreneako, Buztiñeneako, Errekaldeneako eta Antsoneko karobien aztarnak hain zuzen ere. Ibilbidea SL-Gi 54aren seinale zuri eta berdez balizaturik badago ere, erne ibili beharra dago, zenbait puntutan berritu gabe daude edo ikusgaitz egoten dira.

 


Herriko ikastetxearen ondoan dagoen aparkalekutik abiatu eta lehen bidegurutzean, Etxeberri aldera bideratuko gaituen egurrezko seinalea ikusiko dugu. Etxe eder artean ibiliz, aldapa txiki bat igo eta beste bidegurutze batera ailegatzen bide-seinaleak Uraundiagara ailegatzeko falta zaigun luzera erakutsiko digu. Ikuzleku zahar baten ondotik igaro ostean, errepide nagusia igaroko dugu. Leitzalde auzotik altuera irabazten jarraituko dugu. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta Buztiñeneako karobiaren ondora ailegatuko gara.

 


Garai batean, Euskal Herriko etxeak eraikitzeko kareharria erabiltzen zen eta karobiak ziren material hori eskuratzeko labeak. Karobiak (Iparraldean eta Nafarroan gisu-labe izenez ezagunak), mendian egindako zuloak ziren eta horietan botatzen zuten kareharria egosi eta kaltzio oxidoa (karea) bihurtzen zuten, hauts moduko gai zuria. Kareharria 800 eta 1000 gradu zentigradoko tenperaturan egosi behar izaten zen. Sua sei-zazpi egunez egoten zen piztuta eta karobiaren goiko aldetik ke zuria ateratzean, prozesua amaitutzat ematen zen, nahiz eta beste egun pare  itxaron behar izaten zen karea karobitik atera ahal izateko.

Bide balizatutik jarraituz, Urandiaga erreka igaro, Patxikutorreneako karobiaren ondotik pasa eta, bide erosoan zehar erraz egingo dugu aurrera. Eguzkialde auzoaren goiko aldetik marrazten bidean zehar, berehala egingo dugu topo Errekaldeneako karobiaren aurriekin, ibilaldi honetako hirugarrena.

 


Euskal Herriko karobi gehienak XVIII. mendetik aurrera hasi ziren eraikitzen. Mota desberdinetako karobiak badaude ere, badute beraien artean ezaugarri komunak: aldapa handiko lekuetan eraikita eta inguruan harri eta egur ugari zituena. Karearen erabilera nagusiena nekazaritzako lurrak ongarritzea bazen ere, bestelako erabilerak ere izan ditu: eraikuntzak hormak egiteko, etxe eta baserrietako hormak zuritzeko edota desinfektatzaile bezala gaixotasun eta izurriteen aurka.

 


Karobien historia laburra gogora ekarri ondoren, aurrera egingo dugu Eladuaienalde auzoan dauden etxalde artean. Kilometro pasatxo bertatik ibili eta gero, marka zuri eta berdeek ezker aldera basoan sartzen den bidea hartzera gonbidatuko gaituzte. Aldapa pikoa jaitsi, errepide nagusia zeharkatu eta azkar helduko gara Aiztunalde auzora. Egurrezko seinaleek Antsoneko karobira igotzeko bidea erakutsiko digute. Egoera kaxkarrean dago. Auzoa herrigunearekin lotzen duen errepide txikitik jarraituko dugu ibiltzen eta abiapuntura iritsi aurretik, Elizalde auzoan dagoen Tourseko San Martin elizaren ondora ailegatuko gara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2023/06/berastegiko-karobiak.html

 





Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario