sábado, 27 de enero de 2024

Menditxiki: San Gregorio monolitoak

Powered by Wikiloc

 


Muesko Santa Eugenia elizaren ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Herriko beste eraikin asko bezala, harea gorriz altxatutako eraikina erlijioso hau estilo aurre gotikoko eraikina da, XVI. mendetik XIX. mendera bitartean handitu eta berriztatua. Etxeen artean, maldan gora herriko gain aldera aterako gara eta bertatik ateratzen bide zabalean zehar berehala helduko gara iturri bat eta ur-biltegiaren ondora. Lurrezko pista zabalak bidegurutze batera eramango gaitu eta, bertan, harri-piloak erakutsiko digu hartu beharreko bidea.

 


Mendiaren magalean marrazten den xenda estu batek, Berrotza haranaren eta Kodes mendilerroaren  ikuspegi zabala eskaintzen digun bidegurutze batera eramango gaitu. Monolitoen aldera zuzentzen den bidezidorra hartu (Monolitoen xenda) eta emeki-emeki altuera irabazten hasiko gara. Harrizko erraldoiez inguraturik, Pazkoko uharteko moaia itzelez inguraturik gaudela irudituko zaigu. Ezagunenak diren bi monolitoei bizkarra eman, aurrera egin eta berehala helduko gara Peña del Gatora. Gertu dagoen aparkaleku gisa egokitutako zabalgunera jaitsiko gara segidan eta, aurrez aurre, lehen planoan ikusiko dugun San Gregoriori dedikatutako basilika aldera joko dugu.

 


Sorlada herritik igotzen den errepidera iristean, metro gutxi batzuk bete beharko ditugu basilikaren ondoan dagoen Piñalbako tontorra den haitzera iristeko. San Gregorio Ostiakoaren basilika Nafarroako eraikin barroko garrantzitsua da.

 



Apezpikuaren irudia duen iturriaren ondotik igaro eta hasiera ikusgaitz den xenda batetik jaisten hasiko gara basilika eta Guardako Ama Birjinaren ermitaren arteko leporaino. Errepidea gurutzatu gabe, SL-Na 188aren bide-seinale zuri eta berdeek erakutsiko digute Mues herrira itzultzeko bidea. San Gregorio mendilerroaren magalean marrazten den bide balizatu honetatik erraz galduko dugu altuera eta, herrian sartu aurretik, Aldapako Ama Birjinaren ermitara ailegatuko gara, XVII. mende amaierako edo XVIII. mende hasierako eraikuntza barrokoa.

 


Ermitara igotzeko dagoen aldapatik jaitsi eta abiapuntura itzulikoa gara, baina aurrez, herriaren sarrera dagoen erromaniko berantiarreko Magdalena Ama Birjinaren ermita bisitatuko dugu. Antza, izatez legenarra zuten gaixoak artatzeko ospitalea zen. Atzera egin eta, herrian bertan, elizaren ondoan dagoen Pablo Nogales eskultore autodidaktaren eskultura ederrez osatutako parkea bisitatuko dugu.


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2023/11/muesko-gainak.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario