Powered by Wikiloc
“El Irati” trenak, 1911ko apirilaren 23an
egin zuen bere lehen bidaia. Penintsulako lehen tren elektrikoa izan zen eta
Europako lehenengotakoa. 1906an Domingo Elizondok “El Irati” enpresa sortu zuen
izen bera duen basoetako egurra ustiatu asmoz, Agoitzeraino almadien bidez
jaitsi eta hemendik tren elektriko baten bidez egurra Iruñerako eramateko.
Hasieran, “El Irati” enpresaren egurra Agoitzetik Iruñera garraiatzeko sortu
bazen ere (30 kilometro), berehala hau Irunberrira luzatu zuten eta gero
Zangozaraino. Ia lau milioi eta erdi pezetako aurrekontua izan zuen trenbide
honek 58 kilometroko luzera zuen. Proiektua Carlos Laffitte donostiar
injineruak egin zuen. Trena Irunberriko arroila zeharkatzen zuen eta
horretarako bi tunel zulatu behar izan zituzten. 50.000 tonako merkantziaz gain, 250.000 bidaiari
garraiatzen zituen urtero. Txartelak 8,25 pezeta kostatzen zituen eta ibilbide
osoa egiteko 2 ordu eta laurden behar zituen. Nafarroako industrializazio
prozesuan garrantzi handia izan zuen. Errepideetako garraioen konpetentziak “El
Irati” trenaren amaiera ekarri zuen 1955eko abenduaren 31an.
Ibilgailua uzteko ordaindu behar den aparkalekuan utzi eta honen ondotik
ateratzen den asfaltatuko bidean barna emango ditugu lehen urratsak. Berehala,
iturria duen atsedenleku txiki baten ondoan, ezkerrera ateratzen den xendatik
gorantz egingo dugu SL NA-113ari dagozkion bide-seinale zuri-berdeak jarraituz.
Gure ezkerrera zereal lurrak dira nagusi, baina berehala ezpel, abaritz eta
beste zenbait espezieren artean marrazten den xendan murgildu eta poliki-poliki
altuera irabazten hasiko gara. Zenbait tartetan bidea estutu arren, ez dugu
Leireko mendizerraren ikuspegia galduko. Metro batzuk gorago pista zabal
batekin egingo dugu topo.
Leku honetan xenda desagertu egiten da eta
harrizko pistan barna bete beharko dugu hurrengo tartea. Denbora gutxi beharko
dugu Alzuetako bordaren ondora iristeko eta gure eskuinera ateratzen den bidea
utziz, aurrera segituko dugu marka zuri-berdeek erakusten diguten bidetik. Metro
batzuk aurrerago egurrezko bide-seinale batek eskuinera zuzentzen den lurrezko
pistatik jaistera gonbidatuko gaitu. Berriro harrizko pista batera aterako gara
eta hau segituko dugu beste seinale batekin topo egin arte. Hemen ikuspegia
aldatu egiten da, bidelagun izan dugun Leireko mendizerra desagertu eta Irati
ibaiak bustitzen dituen lurrak azalduko zaizkigu. Puntu honetan ibai aldera
jaisten den xendari helduko diogu eta konturatu orduko “El Irati” tren
zaharraren bidean izango gara.
Irati ibaiaren paraleloan doan bidetik tren
zaharrak arroilan sartzeko gurutzatzen zuen lehen tunelaren ondora iritsiko
gara, baina beste aldera pasa aurretik Deabruaren zubira gerturatuko gara.
Horretarako ezkerretik ateratzen den bidexka hartuko dugu eta kontu handiz
ibiliz zubiaren ondora helduko gara. Bidea oso estua baita eta komeni da erne
ibiltzea. Tunelera itzuli eta zubi honen jatorriari buruz panel batean
kontatzen den historia irakurri ondoren, 206 metroko luzera duen tunelean
sartuko gara. Berehala arroilaren barru aldean izango gara eta hemen ikuspegia
erabat aldatuko da. Harresi naturalez inguraturik, ingurune basatian murgilduko
gara.
Nafar Gobernuak Natur Erreserba izendatu zuen 1987an eta 40 ha-ko azalera du eta bertako pareta bertikaletan sai arren kolonia eta beste zenbait hegaztiren bizilekuak ikusteko aukera izango dugu. Arroilak kilometro bateko luzera du gutxi gorabehera eta Irati ibaiak erditik zeharkatzen du. Merezi du bidearen zati hau lasai egitea eta ahal izanez gero prismatikoak eraman bertako biztanleak gertuagotik ikusteko. Inguruaz gozatu ostean, ibaiaren paraleloan doan antzinako trenbidetik aurrera egingo dugu argiztatu gabeko bigarren tunelaren ondora iristeko. Honek 167 metroko luzera du eta hau zeharkatuz atsedenlekuan izango gara. Zintzurra freskatu eta aparkalekuraino falta diren metroak beteko ditugu.

No hay comentarios:
Publicar un comentario