Goñi eta Olloko haranak ez dira oso
ezagunak, baina beren lurrak hedatzen diren Andimendiko goi-lautadetan jende
andana ibiltzen da oinez zein mendiko bizikletaz. Batik bat Beriaingo gainean
dagoen San Donato baseliza izan da horien guztien jomuga, baina azken urte
hauetan gertu dagoen Olibesarioko saroian kokatu duten Euskal Herriko erdigune
geografikoa dela eta, zonalde honek interes berezia piztu du eta mendizale
askoren erreferentzia geografikoa eta sinbolikoa bihurtu da.
Hogei “BERRIA lagun”ekin batera,
Unanu herritik atera eta lainopean abiatu gara tontor aldera. Iturtxikiko
bidean zehar, izen bera duen iturriaren ondora iritsi gara. Hego haizeak gogor
astintzen du eta mendiaren ikuspegia ezkutatu egiten digu. Maldan gora segi eta
pagadian murgildu gara. Pagoak atzean utzita, Elorriagoako lepora atera gara.
Haizeak gogor jotzen du, eta ilaran jarrita aurrez aurre dugun malda pikoari
aurre egin diogu. Ihurbainerantz zuzentzen den xenda gure ezkerrera utzita
Unanuko atakara atera gara. Zamarrak jantzi eta GPSaren laguntzaz tontor aldera
jo dugu. Ez dugu apenas ezer ikusten eta tentu handiz ibili behar izan dugu
zuzeneko bidea aukeratu eta arriskutik aldentzeko. Tontorraren ondoan dagoen
baselizara heltzean, berehala bilatu dugu aterpearen epela.
San Donato baseliza Nafarroako
Sakana eskualdean dagoen Uharte Arakil udalerriko lur-sailetan dagoen baseliza
da. Zehazki, Beriain mendiaren gailurrean dago, 1.493 metroko garaieran. Jende
askok modu okerrean Beriain mendiari San Donato mendia ere deitzen dio, mendi
honen gailurrean dagoen San Donato baselizarekin nahasturik. eraikina bi
zatitan banatuta dago: bata, baseliza bera, eta bestea mendizale eta
ibiltarientzako aterpea dena.
Antzinako baselizaren eraikitze data zehatza ezezaguna da; dena dela, 1642 urteko
aipamena dago. Egungo garaietan, berriz, eraberritu izan zen 1906an. Geroago
hondatuz joan zen, harik eta 1958an berreraiki
zuten arte. 2005. urtean
eraikinaren barnealdeko egoera tamalgarria zela eta (zikinkeria, idazki eta
margo politikoak, zaborrak, bertaratutako batzuen utzikeria...) zaharberritu
egin zen. Horretaz gain, kontutan hartu beharrekoa da baselizaren kokapena:
ingurune isolatua, garaiera handian, baldintza klimatologiko gogorrak... guzti hauek denek baselizaren kanpoaldea
denbora igaro hala asko kaltetu zuten. Baselizaren barrenean, aldarearen
harriak San Donato eta San Kaieten irudiak eusten ditu, bi hauek izatez igeltsuzko
erreplikak direlarik. Nafarroako baselizetan altuen dagoena da Beriain mendiko
hau.
Abiapuntura itzuli aurretik, Euskal
Herriko erdigune geografikoari bisita egin diogu. Ez da batere erraza kokalekua
aurkitzea bide nagusitik ez baita ikusten eta erne ibili behar da Olibesariko
saroira iristean zutarri baten inguruan jarrita dauden hiruzpalau zirkulu
zentrokidez osaturik dagoen erdigunea topatzeko. Paisaia aldagaitza, harriz eta
belarrez osatutako izaera soila. Goi-lautadan altzoa dirudien sakonunea,
isiltasuna nagusitzen den leku berezia.
Erdigunea kalkulatzeko masa zentroaren propietate bat
erabili zuen Felix Isasa ingeniariak: gorputz bat edozein puntutatik
zintzilikatzean, puntu horretatik marraztutako marra bertikala masa-zentrotik
pasatzen da beti. 1:200.000 eskalako mapan komertzial
bat euskarri batean itsatsi, bertan Euskal Herriaren mugak marraztu eta ahalik
eta zehaztasun handienaz moztu zuen. Ondoren, perimetroko puntu batetik
zintzilikatu eta marra bertikala marraztu zuen. Berdin egin zuen lehenengotik
90 grafdura kokatutako perimetroko beste puntu batetik.
Marraztutako bi marrak elkartzen diren puntua maparen barizentro edomasa-zentroa da. Puntu
hori dagoen maparen zatia 8 aldiz handitu zuen, 1:25.000 eskalako mapa lortuz
eta handitutako mapa hori inguruko katastroko mapan
gainezarri zuen, erreferentzia bezala Unanu, Ihabar eta Goñi herriak erabiliz. Erabilitako metodoak 250 metroko
zehaztasun muga du. Kalkulua egitean Euskal Herriko zazpi
herrialdeak izan zituen kontuan, Trebiñu eta Villaberde Turtzioz bezalako barrendegiak barne hartuz,
ez hala Petilla Aragoi eta Eskiula. Kostari
dagokionez, itsaso irekia ez den guztia barne hartu zuen, hau da, badiak, portuak, ibaiak... Petilla
Aragoi barne hartuz gero 112 metroan aldatuko litzateke erdigunearen kokapena eta Bilboko portua (17 km²) kanpo utziz gero berriz 90 metroan. Aldaketa
horiek aurrez aipatutako zehaztasun mugaren (250 metro) barruan daude. (Informaio iturria: Wikipedia).
Toki esanguratsu hau atzean utzi eta Lizarragako
tunelera zuzentzen den pista zabaletik aurrera egin dugu. Bideak 180ºko bira
egiten duen lekuan, pista utzi eta beheko zelaigunera jaitsi gara. Lezizagoako
bidetik itzuli gara herrira, Beriango harresi bikainaren ikuspegi ederraz gozatuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario