martes, 16 de mayo de 2023

Zegama Aizkorri eta donutsak

 Zegama Aizkorri eta donutsak


Aspaldiko lagunok! Urteko lehen dortsalak jantzita, atseden hartu eta hausnartzeko ordua ere iritsi da. Eski denboraldia nahi baino laburragoa izan den arren aurten, egia esan, argazkiei begira hunkitu egiten naiz. Zelako zortedunak garen! Pirinioetako hainbat mendi garaitan egon gara, lagun artean, giro ezin hobean. Ez dut berehala ahaztuko Tallonera aurten egindako irteera. Laguna eta biok, bakar-bakarrik, handitasun horren erdian! Horrelako sentimenduak betiko iltzatuta geratzen dira barruan. Rolanden arraila ezagutzen ez baduzu, ez utzi gerorako. Naturaren miraria da etxeko guztiontzat, txiki-txikitatik. Hainbat aldiz egonagatik, beti itzultzen naizen lekua. Oraintsu lankide batek esan dit, sare sozialetan nire argazkiak ikusita erabaki duela bertara joatea, bereziki mendizalea ez den arren.




Bandres-Karolo euskal mendizaleen omenezko mendi eski lasterketan ere izan gara aurten. Zoragarria Izabako giroa, euskal giroa. Eskiatzen ondo jakin ez arren, izugarri gozatu genuen asteburuan.



Etxeko mendietan ere gozatu dugu elurraz. Karakaten, Aizkorrin, nahiz, Anboton. Mendirik politenak etxean dauzkagu, zalantzarik gabe.


Karakate

Anboto

Aizkorri


Konturatu orduko iritsi da eskiak erantzi eta zapatilak janzteko unea. Pozarren, urtaroak bezala gu ere aurrera goazelako, osasuntsu. Eta lehen dortsalak ere jantzi ditugu. Sara-Larhuneko bertikalean, Txindokin eta, azkena, Aizkorrin. Sarakoa gorputza probatzeko egin genuen, martxoan.



Txindoki eta Zegama-Aizkorriko bertikalak, helburu hartuta, iazko denborak hobetu nahian. Bi hitzordu hauek iristeko hilabete falta zenean, ordea, Zegama Aizkorriko maratoian parte hartzeko aukera iritsi zitzaidan. Poza eta urduritasuna maila berean sentitu nituen. Alde batetik, ilusio izugarria, berriz ere munduko maratoi ederrenean parte hartzeko aukera neukalako. Bestalde, kezka eta beldurra, hilabete oso gutxi delako halako maratoi gogor bat prestatzeko. Bai, behintzat, niretzat. Luzeago entrenatzen hasi eta, sentimendu gazigozoak: gorputzak erantzuten zuen, buruak ere bai, baina berehala agertu ziren hanketako minak eta buruko kezkak.

Anboto-Udalaitz (30 km)

Bergara-Irimo-Bergara (30 km)




15 egun estrespean pasatu nituen, buruan Zegama besterik ez neukala. Lagunek baietz esaten zidaten, barruan zeraitek ezetz. Hainbat egun lo egin ezinik, eta azkenean, bertikalean ateratzea erabaki nuen. Sekulako lasaitua. Zer den burua. Inori ezer erakutsi beharrik ez eta, nik neuk nere burua neurrigabe estutu. Urteak daramatzat lagun psikologo, entrenatzaile eta elikadura adituekin eta, hala ere, harri berarekin estropezu. Eta iritsi zen estres horren ordaina. Lasaitu nintzen bai, baina gorputza erabat hutsik neukan, bi astez horren urduri egoteagatik. Txindokiko bertikalean atera orduko hutsik sentitu nintzen, indarrik gabe. Iaz baino denbora hobea eginagatik, sentsazioak oso eskasak izan ziren. Hurrengo egunean, lanera joan, eta zorabioa. Gure aitonak esaten zuen bezala: edan gabeko mozkorra. Erietxera zuzenean. Covidean negatibo, oinarrizko analisiak ondo... estresak eragindako defentsa jaitsiera eta, ondorioz, sekulako gripe-katarroa. Bi egun egin nituen ohean, eta bi egun falta ziren Zegama Aizkorriko bertikalerako.

Txindoki bertikala

Urte askoan anemia izan da nire arazorik handiena, jokoz kanpo utzi nauen gaitza. Nekeari aurre egiteko modu bakarra lo egitea izan da denbora askoan. Eta hori zen nire beldurra. Zegama Aizkorriko bertikalaren bezperan iritsi ziren analisien emaitzak. Defentsak eta burnia ozta-ozta, baina anemiarik ez. Eta berriz ere, zer den burua. Izugarrizko lasaitua hartu nuen, eta astebete gaixo pasa ostean, Zegaman izatea munduko oparirik onena iruditu zitzaidan. Buruak klik egin zidan, eta festaz gozatzea erabaki nuen, emaitza edozein zela ere. Ostegunean hasi genuen festa, eitb-rentzat erreportaje eta elkarrizketa sorta egin genituen. Aurten, emakumeen partaidetza ardatz. Pixkanaka gora doan arren, oraindik asko dago egiteko diskriminazio positiboan.






Zegaman beti hartu naute maitasun handiz, bai elkarrizketak egiterakoan, bai entrenatzen edo lasterketan atera naizenean. Iritsi zen eguna. Antolakuntzak ibilbidea laburtu zuen ekaitzarengatik, aldapa gogorrenak kendu zituzten, beraz, korrikalarientzako bertikala zen. Ni ez naiz azkarra eta, beraz, estrategia aldatzea erabaki genuen. Xerpak esan zidan: arriskatu, irten topera, eta gerta dadila gertatu behar duena. Halaxe egin nuen. Izugarri sufritu nuen, baina gozatu ere bai, eta uste baino denbora hobea egin nuen. Aspaldi bertikal batean horrela saiatu gabe. 45 minutuan horrenbeste eman daitekeenik! Txindokiko sentsazio eskasa atzean uzteak, gorputza bizirik sentitzeak, izugarri poztu ninduen.


Amaitu orduko, beherakoan, jendearen maitasun mezuekin hunkituta, zorabioa berriro. Baina oraingoan esfortsuarena zen. Pozarren nengoen. Azken asteko gaixoaldia, azken hilabeteko sufrimendua, 45 minutu eskasean desagertu ziren. Neurri gabe estutzen degu geure burua. Problemas de ricos. Orduan konturatu nintzen, maratoian ez ateratzea erabaki zuzena izan zela. Nekatuta dauzkat buru-gorputzak, eta horrelakoetan entzun egin behar zaie. Igandean, telebistaz ikusi genuen etxean lasterketa. Munduko mendi korrikalari onenak, eta tartean, euskal herritar asko. Eguraldi makurrarekin ertza kendu behar izan zuten. Baina hala ere, ikuskizuna aurten ere Zegama Aizkorri. Zorionak korrikalari, zale eta, batez ere, boluntario guztiei.

Hilabete honetan guztian, hainbat aldiz egin ditut donuts osasungarriak. Bidelagun onak izan dira, eta horien errezetarekin nator. Oso errazak dira egiten!

Osagaiak 🍩:

🍌 Bi banana

🥚 Bi arrautza

🌰 60 gr almendra edo oloa

🍊 Mandarina edo pomelo zati bat

🍬 Azukrerik ez diot gehitzen, nahi izanez gero aukeran

🍋 Bikarbonato pixka bat limoi zukuarekin


Dena txikitu eta silikonazko moldean jarri. Labean 20 minutuz egosi. Gainetik %80ko txokolatea gehitzen diet eta coco pipitak. Etxeko txikiei izugarri gustatzen zaizkie eta egia esan, guri ere bai :-)





Hausnarketa honek balio badu jendeak ikus dezan zentzurik gabe estutzen dugula geure burua, pozik egongo naiz. Nik neuk asko ikasi det hilabete honetan. Ah! Eta datorren urtean, urtarrilean hasiko naiz maratoia prestatzen ;-)

Bide batez, azken aldian esku artean izan ditudan liburu batzuk, zoragarriak denak.





No hay comentarios:

Publicar un comentario