martes, 27 de diciembre de 2022

Santa Katalinatik Arbilera



Debako hondartzatik abiatu eta Santa Katalina ermitara igo gara aldapa bizian. Euskal kostaren eta inguruko mendien ikuspegi paregabea bertatik. Baserri eta soro artean marrazten den porlanazko bidean barna, Itziarreko lurretan murgildu gara. Antsorregira iristean, Itziarrera doan pista utzi eta, Pagatza baserriraino igo gara. Lurrezko pista hasieran, belarrezkoa gero. Borda baten ondotik pasa eta Arbileko tontorrera iritsi gara. Hegazkin batek buzoiaren funtzioa betetzen du. Mendi borobil eta garbi honek, ikuspegi ederra da bai kostaldea ikusteko, bai inguruko eta urrutiko mendiak identifikatzeko. Etorritako bidetik atzera egin dugu eta, Olloki baserrira heldu aurretik, ezkerretik jaisten den pista hartuko dugu. Malda bizian erraz galdu dugu altuera eta, San Roke ermitaren ondora iristean atseden txiki bat hartu dugu eraikin erlijioso honen egituraz Deba eta Itziarreko lurretan ibiliz, itsasoa eta mendia lotuko ditugu Arbileko tontorrera igotzeko. Bidean, baserriz zipriztindutako lurretan, nekazal giroan murgilduko gara, Santa Katalina ermitaren talaia paregabetik euskal kostaldearen ikuspegi paregabeaz gozatuz. Amaitzeko, Debako patroia den San Roke ermitari bisita egingo diogu. Ura eta lurra uztartzen dituen ibilbide ederra. 



Debako hondartzatik abiatu eta, Itziarretik jaisten den errepide aldera joko dugu. Hau gurutzatu eta, etxeen atzetik ateratzen den bi estutik igotzen hasiko gara. Aldapa oso bizia da eta erraz irabaziko dugu altuera. Buenos Aires baserriari bizkarra eman eta, malda pikoak Santa Katalina ermitaren ondora eramango gaitu. Ermita honi buruzko lehen dokumentuak 1515ekoak dira. Alexandriako Santa Katalinari eskainia dago, harekiko debozioa Gurutzaden eta itsasgizonen bidez hedatu baitzen Mendebalde osora. Iparraldeko Done Jakue bidea bertatik pasatzen da eta bertatik, euskal kostaldearen eta, Deba eta Itziarreko herriguneen ikuspegi paregabea dago. 



Talaia eder honek eskaintzen duen panoramikaz gozatu eta gero, baserri eta soro artean zabaltzen den bidetik aurrera egingo dugu. Olloki, Donibane, Zabarte, Gaztañeta eta Ortuondo baserriak atzean utzi eta Ansorregira helduko gara. Itziarrera doan bide nagusia utzi eta Elordiko Gaña inguratzen duen errepide txikitik Pagatza baserriraino igoko gara. Honen ondotik ateratzen den lurrezko pistatik igotzen jarraituko dugu eta, pagadi txiki batean dagoen  bordara ailegatzean, langa pasa eta azken aldapa piko eta belartsuari ekingo diogu.


Arbileko tontorrera iristean, buzoiaren funtzioa betetzen duen hegazkin bat ikusiko dugu. Mendi borobil eta garbi honek, ikuspegi ederra da bai kostaldea ikusteko, bai inguruko eta urrutiko mendiak identifikatzeko. Itziar eta Andutz mendia ekialdetik, mendebaldetik, berriz, Arnoko mendigunea, biak ala biak itsasoaren urdinarekin koloreen kontrastea osatuz.


Etorritako bidetik atzera egingo dugu eta, Olloki baserrira heldu aurretik, ezkerretik jaisten den pista hartuko dugu. Malda bizian erraz galduko dugu altuera eta, San Roke ermitaren ondora iristean geldialdi txiki bat hartuko dugu eraikin erlijioso honen egituraz erreparatzeko. Itziarreraino zabaltzen zen galtzada zaharraren ondoan dagoen ermita honen lehen datuak XVII. mendearen hasierakoak dira. Bere arkitekturan, aipatzekoak dira dauzkan zurezko arkupea eta sarrerako atariaren gainean dagoen korua. Abuztuaren 16, herriko patroia den San Roke egunean, santuaren irudiarekin prozesioan igotzen dira, ibilbidean eta ermitan bertan “Eskudantza” dantza dantzatzen delarik.


Prozesioa egiten den bidetik jaisten hasi eta berehala, galtzada zaharra hartuko dugu. Etxe artean, herrigunera jaitsiko gara. Gurutze ermitaren ondotik pasako gara lehenik, iturri zaharraren ondoan eta Itziarretik datorren Errege-Bidearen sarreran. Foruen plazatik Santa Maria elizaraino joango gara, Gipuzkoak duen eraikin erlijioso ederrenetarikora. XV. mendean eraikitzen hasi eta XVII. mendean amaitu zen. Atari polikromatu bikaina du eta, Gipuzkoan klaustro gotikoa izan zuen lehenengoa. Gipuzkoako kultura ondasun izendatuta dago. Abiapuntura itzultzeko, zumardira atera, trenbidearen azpitik pasa eta hondartzara itzuliko gara.


 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2020/01/arbil.html

 




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario