jueves, 14 de julio de 2022

Garagartzako haitzak

 

Ibilaldi hau burutzeko, Aizkorri eta Aratzera igotzeko erabili ohi den lekua hartuko dugu abiapuntutzat. Egun, pista zabala jarraituz, ibilgailuez Sandrati haitzuloaren magaleraino iritsi daiteke eta horrela, inguruko mendi garaietara igoera erraztu. Pistak bide zaharraren zatirik handienak ezabatu ditu, nahiz eta oraindik tarteka haren arrastoak aurkitzeko beta dugun. 

 

Kantauri eta Mediterraniar uren mugan dagoen Otzaurteko Benta ondoan aparkatuko dugu, Andra Mariaren baselizaren parean. Andikoetxea baserriaren ondotik igaro eta Sandratiren magaleraino iristen den pista zabalari helduko diogu metalezko ate bat igaro ostean. Erreka ezkerrera dugula sigi-sagan gorantz joko dugu, aldapa Beundara iristean leunduko delarik.

 

Atseden-gune honetan pista utzi eta, txabolaren ondotik ateratzen den bidea jarraituko dugu. Metro batzuk aurrerago bideak bi aukera eskainiko dizkigu, bata larrean zehar Unamendiko muinora igotzeko, bigarrena, berriz, aldapa txikia saihestu eta eskuin aldetik ateratzen den bide zabala jarraitzera gonbidatuko gaitu. Edozein aukeratuta ere Ultzamako lepora helduko gara.

 

Ultzamako lepoan parez pare dugun Txurruko puntara igotzeko malda motz eta pikoari ekingo diogu. Belarrezko alfonbra zapalduz poliki hasiko gara altuera irabazten eta, tontorrera iristean atseden txiki bat hartzea gustura hartuko dugu. Mendi tontor honek Aizkorri eta Altzaniako ikuspegi paregabea eskaintzen du eta inguratzen gaituen paisaiaz gozatzeko aukera baliatuko dugu. Aizkorriko gailurreria  arro azaltzen da pagadi trinkoen artetik eta eguzkiaren izpiak dotore islatzen dira harkaitzetan distira berezia emanez.

 

Sandratiko haitzuloak ederki markatzen du Aratzera hedatzen den pagadia eta honen gainetik, gaztelu garaiezin bat balitz bezala goititzen da bere gailur zabala. Bistarik kendu gabe, Altzaniako mendiei so geratuko gatzaizkie, denak lerrokaturik. Urrutiago, Entzia, Urbasa eta Andiako mendilerroak. Gure mendean, berriz, larreak eta Urdalurreko urtegia.

 

Txurruko punta atzean laga eta behean ikusiko ditugun pago batzuen aldera jaisten hasiko gara aldapa bizian. Ez dugu denbora asko beharko Garagartzako haitzen ondora ailegatzeko. Haitzen ondoan, txabola eta iturria, Naparaitz eta Zabalaitzen tontorren artean. Aurrez aurre, Gazteluberri haitza ikusten da eta bertan gaztelutxo baten arrastoak. Lurralde hauetan dauden mendi gehienak hareharrikoak badira ere, Garagartzakoak kareharrizkoak dira.

 

Naparaitzera igotzeko azken metroetan kontuz ibili behar da, eskarmentu piska bat behar da. Segidan, Zabalaitz aldera joko dugu eta honen ondoan Neolitiko garaiko trikuharria aurkituko dugu. Ez dugu ahaztu behar artzainak mendeetan zehar bizi izan direla inguru hauetan. Abiapuntura itzultzeko, SL-Gi 3004 bide balizatuaren marka zuri eta berdeek erakutsiko digute jarraitu beharko dugun bide zuzena.

 

Pagadian murgildu eta aldapa biziak berehala utziko gaitu errekaren ondoan. Antzuzkarreko tontorrera doan xenda eskuinera utzi eta,  apenas gorabeherarik duen xenda balizatutik erraz helduko gara Otzaurteko Bentara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2020/06/garagartzako-haitzak.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario