Ibilaldi
hau burutzeko, Aizkorri eta Aratzera igotzeko erabili ohi den lekua hartuko
dugu abiapuntutzat. Egun, pista zabala jarraituz, ibilgailuez Sandrati
haitzuloaren magaleraino iritsi daiteke eta horrela, inguruko mendi garaietara
igoera erraztu. Pistak bide zaharraren zatirik handienak ezabatu ditu, nahiz
eta oraindik tarteka haren arrastoak aurkitzeko beta dugun.
Kantauri
eta Mediterraniar uren mugan dagoen Otzaurteko Benta ondoan aparkatuko dugu,
Andra Mariaren baselizaren parean. Andikoetxea baserriaren ondotik igaro eta
Sandratiren magaleraino iristen den pista zabalari helduko diogu metalezko ate
bat igaro ostean. Erreka ezkerrera dugula sigi-sagan gorantz joko dugu, aldapa
Beundara iristean leunduko delarik.
Atseden-gune
honetan pista utzi eta, txabolaren ondotik ateratzen den bidea jarraituko dugu.
Metro batzuk aurrerago bideak bi aukera eskainiko dizkigu, bata larrean zehar
Unamendiko muinora igotzeko, bigarrena, berriz, aldapa txikia saihestu eta
eskuin aldetik ateratzen den bide zabala jarraitzera gonbidatuko gaitu. Edozein
aukeratuta ere Ultzamako lepora helduko gara.
Ultzamako
lepoan parez pare dugun Txurruko puntara igotzeko malda motz eta pikoari ekingo
diogu. Belarrezko alfonbra zapalduz poliki hasiko gara altuera irabazten eta,
tontorrera iristean atseden txiki bat hartzea gustura hartuko dugu. Mendi
tontor honek Aizkorri eta Altzaniako ikuspegi paregabea eskaintzen du eta
inguratzen gaituen paisaiaz gozatzeko aukera baliatuko dugu. Aizkorriko
gailurreria arro azaltzen da pagadi
trinkoen artetik eta eguzkiaren izpiak dotore islatzen dira harkaitzetan
distira berezia emanez.
Sandratiko
haitzuloak ederki markatzen du Aratzera hedatzen den pagadia eta honen
gainetik, gaztelu garaiezin bat balitz bezala goititzen da bere gailur zabala.
Bistarik kendu gabe, Altzaniako mendiei so geratuko gatzaizkie, denak
lerrokaturik. Urrutiago, Entzia, Urbasa eta Andiako mendilerroak. Gure mendean,
berriz, larreak eta Urdalurreko urtegia.
Txurruko punta atzean laga eta behean
ikusiko ditugun pago batzuen aldera jaisten hasiko gara aldapa bizian. Ez dugu
denbora asko beharko Garagartzako haitzen ondora ailegatzeko. Haitzen ondoan,
txabola eta iturria, Naparaitz eta Zabalaitzen tontorren artean. Aurrez aurre,
Gazteluberri haitza ikusten da eta bertan gaztelutxo baten arrastoak. Lurralde
hauetan dauden mendi gehienak hareharrikoak badira ere, Garagartzakoak
kareharrizkoak dira.
Naparaitzera igotzeko azken metroetan
kontuz ibili behar da, eskarmentu piska bat behar da. Segidan, Zabalaitz aldera
joko dugu eta honen ondoan Neolitiko garaiko trikuharria aurkituko dugu. Ez
dugu ahaztu behar artzainak mendeetan zehar bizi izan direla inguru hauetan.
Abiapuntura itzultzeko, SL-Gi 3004 bide balizatuaren marka zuri eta berdeek
erakutsiko digute jarraitu beharko dugun bide zuzena.
Pagadian murgildu eta aldapa biziak
berehala utziko gaitu errekaren ondoan. Antzuzkarreko tontorrera doan xenda
eskuinera utzi eta, apenas gorabeherarik
duen xenda balizatutik erraz helduko gara Otzaurteko Bentara.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/06/garagartzako-haitzak.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario