martes, 23 de junio de 2020

BI ANAI

BI ANAI


Gaurkoan amets batekin natorkizue, Bilboko anaia bik, lagun bik, Peruko mendilerro artean  amestutakoarekin hain zuzen ere. Mendi eta eskalatzaile komunitatean beharbada ez dira oso ezagunak izango, baina ametsen munduan, nik dakidala, behintzat, ez dago ranking edo sailkapenik; hau da, bada, Franko anaien ametsa.


Aurreko udaran Ekuador eta Peru herrialdeetako bazter zoragarriak “road-trip” baten bidez ezagutzea erabaki zuten Xabik eta Aitorrek. Quito hiriburuan hasi eta herrialde horrek eskaintzen dituen paisaia basatietan barneratu ziren "Panita"rekin batera, Aitorrek Parisen egindako Ekuadorreko laguna , eta eskalatzaile ezin hobea. Horrela, Chimborazo sumendiaren hegalean dagoen El Acantilado de San Juan ibarrean egun batzuk kirol-eskalada egin ostean, hegoalderantz jarraitu zuten 3 lagunek. Hurrengo geldialdian, Cojitambo izeneko mendian luzeak eskalatzeko aukera ez zuten alperrik galdu aklimatazio gisa, izan ere, bidaiaren helburu nagusia erabat argi zeukaten Bilbotarrek; La Esfinge hormaren ekialdeko aurpegian ireki zen lehen bidea librean eta egunean eskalatzea. 


Cerro Parón (5.325 m), La Esfinge izenaz ere ezaguna, Peruko Mendikate Zurian kokatua dago. Bilbotarrek aukeratutako bideak "85eko Bidea" du izena, 750m ditu eta ED mailako kategoria dauka. Antonio Gómez Bohórquez "Sevi"k eta Onofre P. Garciak ireki zuten 1985eko uztailaren 8an, zeinek 9 vivac behar izan zituzten paretan ibilbidea osatzeko. 


La Esfinge


Mendikate Beltzaren hegalean, Hatun Matchay izeneko harrizko basoan, altuerako giroan eskalatzera moldatu ostean, aspaldiko sutxakurraren bilaketari ekin zion hirukoteak. Pozik zeuden, baina urduri aldi berean –hori barrundatzen zen telefonoaren beste aldean–, orain gutxira arte kimera hutsa baitzen eurentzat eskalada hura. Zorionez, nahiz eta nerbioak dantzari izan, Xabik tartea hartu zuen hurrengo orduetan bizi izandakoa bere eskaladen bitakora koadernoan xehetasunez jasotzeko, eta, bide batez, lagunei zein eskalatzaile komunitateari opari ezin hobea egiteko. Horra, bada, bere lekukotasuna euskarara ekarria[1]:


“Esfingea, bere handitasunagatik ezartzen duen tonu gorrixkako granitozko sugarra da. Begiratzen diozunean liluratzen zaitu. Indarrez altxatzen da Paron sakan basatiaren erdian, elurtutako muino ikaragarriz inguratuta, Huandoy, Artesonraju, Garcilasoren piramidea, Chararaju kasu, eta hainbesteko energia askatzen du, non begiratze hutsarekin eskuak izerditan hasten zaizkidan. 


Panita eta Aitor; Huandoy mendia atzean


 Bi ordu eta erdiko hurbilbidea egin ondoren, aurrez-aurre aurkitzen dugu zutik gure altxorra. Gora begiratzean korapilo bat sentitzen dut sabelean, baina hemen egoteaz pozarren nago, alpinismoak eskaintzen digun momentu magiko hau nire lagunekin elkarbanatuz. Soilik hemen egoteak merezi du.

Azkenean, bada, eguna heldu da. Iratzargailuak goizeko 4etan jo du eta begirik ez dudala batu iruditzen zait; izan ere betazalak astun sumatzen ditut, berunezko pertsianak bailiran. Uste dut altueran lo egitea eta nerbioak nire pertzepzioaren errudunak direla. Zakuaren barruan gosaldu ondoren, gauez gure dendetatik irten eta troka zeharkatu dugu, horma azpiko vivac batean bezperan utzitako materiala jasotzeko.


Bidean, sokak prestatu eta katuak jantzi bitartean, halako argitasun bat antzematen hasten da. Sebas -"Panita"-, konfiantzaz horniturik, lehen luzea erraz eskalatzen hasten da eta horrek konfiantza ematen digu. Lehenengo bost luzeak azkar eskalatu ditugu, berotan sartu gara berehala eta akats lelorik ez egiten saiatu gara, irristada soil batek gure hiruko kordada batera erortzea ekarriko bailuke.