jueves, 18 de abril de 2019

Artikutzaren erraiak I: sarrera






Artikutza inguratzen duten mendien magaletatik esekitzen diren baso trinko eta sakonetan ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak. Haran estuen bihotzean murgiltzen bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden historiaren pasarteak irakurri ahal izango ditugu eta errekastoen urek zizelatu dituzten paraje hauek ezagutuz gero, ohartuko gara mendeetan zehar izan duten garrantzia. Garai bateko jarduera desberdinen aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita misterioz betetako inguruak ere. Bizimodu desberdinen eta bertako errekurtso naturalen ustiapen ugarien lekuko izan diren lur hauetan iraganak loak hartu du. Utzi dezagun lo!   

Orografia
Artikutza orografia nabarmeneko mendien artean txertaturik dago. Barrutiak 3700 ha-ko azalera du eta 32 km-ko perimetroa duen mendi zirku baten itxura hartzen du. Donostiako udalak 1919an erositako lurrak diren arren, Oiartzun, Lesaka, Zubieta, Arantza eta Goizuetaren herrien lurrekin muga egiten du Artikutzak. Lursaila, berez, azken herri honen barrutian dago eta denbora luzez liskarrak eta auziak izan dituzte inguru horretako errekurtso naturalen ustiapena dela eta.  
Artikutzako eraketa geologikoa Aiako Harrikoarekin batera ematen da. Prozesu hori fase desberdinetan burutuko da. Hasieran itsasoak guztia estaliko du eta ondoren, alboetako presio indarrek masa granitoa azaleratuko eta isolaturik geratuko da. Granitoa trinkoa eta erresistentzi handikoa denez, Aiako Harriko eta Bianditzeko erliebea ez da aldatuko, aldiz, Artikutzakoa higadura prozesu luze eta geldo baten ondorioz, egun duen itxura hartuko du. Euskal Herriko lehen lurralde kontinentala izanik, esan daiteke 300 milioi urte dituen zonalde geologiko zaharrenetarikoa dela, hots, Euskal Herriko lur eremu zaharrena.
Artikutzako zirkua osatzen duten mendien artean apenas aurkituko dugu mila metro baino gehiago duen gailurrik, baina itzuli osoa burutzen badugu aukera paregabea izango dugu mendi-mazeletatik haran estuen bihotzeraino zabaltzen diren baso trinkoak ikusi eta gozatzeko. Azpimarragarrienak edo ezagunenak, Bianditz, Izu eta Loitzate dira, baina badira beste gain eder batzuk barruti berezi eta eder hau beren altzoan gordetzen eta babesten dutenak: Bidango, Pagolleta, Beltzuntza, Altueta…
Klima atlantikoa ematen da, oso hezea eta epela prezipitazio ugariekin. Iberiar penintsulako ingurune euritsuenetakoa da, bataz beste urteko prezipitazioa 2300 mm-koa izanik. Mikroklima berezi honi esker eta hainbat iturbururen presentziagatik, urak sekulako garrantzia izan du Artikutzaren historian. Mendez mende ura lehengaia izan da gizakiarentzat eta bere indarraz baliatu izan baita burdinolak, errotak eta beste jarduera batzuk burutzeko.
Elama, Urdallue, Enobieta, Erroiarri eta beste hamaika erreka eta errekastoren urak haran estuak zeharkatu eta zizelatu ostean, denak elkartu eta Añarbe erreka osatzen dute. Azken hau, bere urak Urumea ibaian isuri ondoren, Donostian itsasoratuko da. 
  
Landaretza eta animaliak
Aiako Harriarekin gertatu zen bezala, bertako errekurtso naturalen ustiapenaren ondorioz, mendeetan zehar Artikutzako parajeek aldaketa handiak jasan dituzte. 
Abeltzaintza izan zen lur hauek jasango duten lehen ustiapen mota. Horren lekuko, inguru hauetan aurkitutako aztarnategi arkeologiko ugariak dira. Erdi Aroan, berriz, sortuko dira burdinaren metalurgia guneak eta parentesi baten ondoren, meategien ustiapena XIX. mendearen bukaeran berriro indartuko da. Horrela, industria metalurgikoarekin guztiz loturik dagoen ikazkintza izango da paisaia eraldatuko duen beste jardueretako bat, eta horren lekuko dira pagadietan barreiaturik aurki daitezkeen “txondor-plaza” ugariak. Garai honetan emago da neurririk gabeko ustiapena, egur ikatzaren ekoizpena asko handituko da eta urte gutxiren buruan basoa zeharo soilduko dute.
Azkenik, 1919 urtean Donostiako udaletxeak erosiko ditu lur hauek eta XX. mendearen erdialdean, Enobietako urtegia eraikiko du. Azken orbaina! Garai hauetan hartuko ditu udalak babes neurriak eta milaka zuhaitz landatuko ditu ingurunea berreskuratzeko. Horretaz gain, baso ustiaketa eza, artzaintza eta ehiza debekua, arrantza kontrolatua eta ibilgailuen sarrera mugatua izan dira besteak beste, Artikutza mendizale eta naturazaleentzat paradisu txiki bat bihurtu dutenak. 
Horri esker, gaur egun Artikutzak balio ekologiko handia du eta bertan ekosistema asko aurkituko ditugu. Pago, haritz, gaztainondo, pinu, izei, gorosti eta haginen babesean, azeriak, basurdeak, katagorriak, orkatzak eta beste hainbat animalia bizi dira. Ur emari handia duten erreketan amuarrainak eta ezkailuak aurkituko ditugu. Ez dira falta anfibioak eta narrastiak, eta bertan, besteak beste, apoak, arrabioak, uhandreak, baso igelak, musker berdeak, eskulapioren sugeak, sugandilak eta abar ikusi ahal izango ditugu. Eta hauek guztiak hegazti mota askoren begiradapean, hala nola, arranoak, aztoreak, gabiraiak, birigarroak, belatzak, hontzak... barrutiaren zaindariak bailira.
Artikutza baso aberatsa da, milioi bat zuhaitz inguru daude, bertakoak zein kanpotik ekarri eta gizakiak landutakoak. Eta hauen enbor zein lur inguruetan mota askotako perretxikoak hazten dira: onddoak, ardagaiak, zizak, lanpernak eta abar luze bat.  


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 






No hay comentarios:

Publicar un comentario