Oullettes de Gaube aterpetik Vignemaleren ipar aurpegia ikusten den lehen aldia ez da sekula ahazten. Belarrez estalitako bailararen gaineko morrenak eta ezerezetik eskegitako izotzek Vignemaleko ipar hormatzarrek osatutako zirko bertikalaren oinarri ziragarriak dira. Horma bertikal eta amildegiek aldi berean nolabaiteko erakarpen eta ukatze sentimendua pizten dute. Merezi du leku zoragarri honen azpian eseri eta ikusmiraz gozatzea. Oso txiki sentiaraziko gaitu eta mendiaren handitasunak bake sentsazio lasaigarria piztuko digu. Nire uste apalean Pirinioetako ikusmirarik basati eta itzelena da zalantzarik gabe.
Vignemaleren ipar horma Oullettes de Gaube-tik ikusita.
Begiak ixten baditut, Vignemalek maitemindu nindueneko eguna gogoratzea ez zait asko kostatzen: 2004eko abuztuan gaude eta Igor eta Josurekin batera Vignemaleko Pique Longue lehen aldiz igo dut. Piriniotan igotako lehen hiru milakoa izateaz aparte, Pitón Carré menditik ipar horma ikusteko aukera izan dut. Begiak berriro ere irekita, Eskisto gorrien azpiko amildegiak hitzik gabe utzi eta hormatzar hura inor eskalatzeko kapaz izango zela imajinatzerik ezin nuela gogoratzen dut. Egun hartan eguzkia Midiren atzean lurrarekin urtzearekin batera zerua txinparta gorriz argitu zen, itzaltzear dagoen su baxuaren moduan. Pique Longue-ren gailurretik ikusi eta sentitutako su koloreko ilunabar biziak betirako maitemindu ninduen.
Hamalau urte beranduago, abuztuko arratsalde bero horietako batean, materialez gainezka genituen motxilen pisuarengatik uzkurtuta, Vignemaleren ipar horma klasikoa eskalatzeko asmoz Oullettes de Gaube haranera itzuli ginen. Motxila astunen pisuaz gain bestelako zamen pisua ere bagenuen: Buruan, aurretik genuen bidearen historia eta errespetuaren zama eta bidea eskalatzeko prest egotearen zalantzen zama. Bihotzeko zama bestelakoa zen, eskalada hau Anderren aitari eskaini nahi niolako. Anderren aita Fernando Terradillos, Sebastian Sanchez eta Jose Luis Orbegozo soka-lagunekin 1.976ko ekainaren 28an horma hau eskalatzear zutela, aurretik zihoan Jose Luis erori, Fernando eta Sebastian zeuden bilgunea eraman eta hiruak horman behera amildu ziren.
Harkaitz handi baten babesean lastaira eta lozakuak zabaldu eta biharamuneko bidearen nondik norakoak ikustera joan ondoren, lurrean eserita, urre kolorea hartzen hasitako horma bertikalei begira denbora gelditu zen. Leku honek islatzen duen energia eta bake sentsazioa zirraragarria da. Igoerako jendetzaren zurrunbiloa mendiaren bihotzaren erditik erreka moduan ateratzen den arteriaren notek alaitzen zuten. Biharamunean zeruertza mozten duen oihalean aktore izango ginela pentsatzeak zarrada sortu zigun bihotzean. Ilargiak eguzkiaren lekua hartu zuenean afaldu eta tenperaturak behera egitearekin batera lo-zakuetan sartu ginen.
Ondoloin!!!
Iluntzearekin batera zeruan izarrak pixkanaka piztuz joan ziren milioika argiz osatutako panel ikusgarria osatu arte. Haranaren isiltasuna apurtzen zuten errekaren hots eta ardien bulunben doinu lasaigarrien gainetik, gauean zehar glaziarretik eroritako izotz pusketen burrunbek loaldia behin baino gehiagotan apurtu ziguten, mendiaren arriskuen adierazle.
Iratzargailuaren hotsa nahi baino lehenago iritsi zen. Ez genuen erabateko atsedenik hartu eta lozakuetatik baldar eta erdi lo atera ginen, oraindik non geunden jakingo ez bagenu bezala. Afaritik utzitako ogitarteko zati txiki bat, barratxo bat eta trago bat ur gosaldu eta, erabiliko ez genuen guztia utzi ondoren, bezperan prestatutako motxilak bizkarreratu genituen glaziarrera zuzenduz.
Gure mundua kopeta-argiek argitutako metro eskasetara mugatzen zen. Mendiaren sabeletik ihes egindako hats hotza glaziarreko arrailen ahotik atera eta aurpegietan jotzen gintuen, ibai ertzetako lamiek kantatutako abestien moduko erakarpena sortuz. Aho ertzera hurbiltzerakoan erakarpena beldur bihurtzen zen, linternen argiek ez baitzuten arrailen iluntasuna ezabatzen. Hondorik gabeko arrail ilunak atzean utzi eta ipar hormaren oinera iritsi arte ez ginen lasaitu, mendiak irentsi eta bere sabelean amaitzearen beldur.
Eskaladaren lehen luzeetan.
Hamabi orduko eskalada eta azken pausu baldar batzuen ondoren, fisiko eta psikologikoki zigortuak, eskuak odoleztatuak, oinak minberatuak, deshidratatuak eta lehortasunak eragindako eztarriko minez, helmuga adierazten duen Vignemaleren gailurreko zementuzko puntu geodesikora iritsi ginen. Tartean ia ordubetez galduak ibili ginen, tartean segurtagailua horman behera amildu eta korapiloen bidez elkar aseguratu behar izan genuen, tartean hormaren historia bidean aurkitzen diren garai ezberdinetako iltze eta aseguruen bidez bizitzeko zortea izan genuen.
Vignemaleren ipar-hormatik ateratzen. Oraindik Gaube gandorra aurretik genuen.
Vignemalek fisiko, psikologiko eta teknikoki dena eskatu eta dena eman genion: indar, gogo eta ahalmena. Gutxi gorde genuen, jaitsieran beharko genuen indar apurra besterik ez. Lo zakuak utzitako lekura hustuta, non zapaltzen genuen begiratu gabe, pausu bat bestearen atzetik automatikoki emanez iritsi ginen. Eguzkiak erreta, ezpainak zartatuak eta eskuetako azala urratua, errenditutako mendizaleen itsura izan arren, begiak zoriontasunik zabal eta sakonenaren distira ziren, Vignemaletik zerbait eramaten ari ginenaren seinale. Begiak arimaren ateak badira, gure arimak bakean ziren.
Hamabi orduko eskaladaren ondoren Pique Longue-ren gailurrean. Irrifar baterako oraindik indarra bagenuen.
Eskaladaren biharamunean, horma bertikala eskalatzen ari zirenei begira ari nintzela, hormaren zati nintzela sentitu nuen, aurretik beste batzuk izan diren bezala, etorkizunean beste batzuk izango diren bezala. Mendiak harkaitz, izotz, baso eta errekaz aparte, bertatik pasatakoen historia eta bizitako esperientziaz osatuak daude, batzuetan gozoak, batzuetan garratzak eta batzuetan mingarriak... Azken finean, mendian uzten dugun arrastoa infinituan puntu galkorra besterik ez da, mendiak eragindako orbaina aldiz, ez da sekula ezabatzen.
Eskalada honen inguruko argazki, krokis eta azalpen zehatzetarako hemen klik egin dezakezue
No hay comentarios:
Publicar un comentario