miércoles, 28 de noviembre de 2018

"PR-BI 81 Galdarako bira", BMF-ren Bidezidor Txapelketaren 2. Saria. Iosu Alberdi Baltzategi.



PR-BI 81 GALDARAKO BIRA.

Egilea: Iosu Alberdi Balzategi




Hiru arrazoik ekarri gaituzte ibilbide hau egitera. Lehenengoa, Galdara bera, benetan mendigune karstikoko sakonune bitxia delako. Bigarrena, Patakon bidelapurraren ibileren oihartzuna, Galdara izan omen baitzen haren ezkutalekua eta hirugarrena, Islandiako espatoa, Galdaran egon omen zen eta, bere gardentasunagatik, munduko espatorik ospetsuena produzitzen zuen meategiak. Azken bi hauek, gainera, Uxue eta Olatz, gure 11 urteko alaba bikiak, erakartzeko erabakigarriak izan direlakoan nago. Hauek, mendizale jatorrak izateaz gain, bidaiari amesgile eta abenturazale amorratuak ere badira eta.

Has gaitezen beraz, Galdarako birarekin. 2018ko urriak 7 ditu.

0,00 km | 355 m | 11ºC | 10:45ak dira. Dimako Artaun auzotik irten gara PR-BI 81 ibilbide laburren lehenengo bide-seinaleak markatzen duen norabidea jarraituz. Kitzikatuta gaude, XIX. mendeko esploratzaile erromantikoen antzera. Topatuko dugu galdutako meategia? Aurkituko dugu Patakonek bidelapurrak ezkutatutako altxorren bat?. Momentuz ateri dago baina aurreikuspenak ez dira oso onak. Desagertzen hasia den lanbro arin batek zerua estaltzen du.

Artaun pista batetik atzean utzita, hasieran ekialderantz abiatu gara baina 600 m ibili ondoren iparralderantz egiten du bideak. Lur eta hartxintxarrezko pista hormigoizkoa bihurtzen da hemen eta aldapa gogortzen da franko. Ostarte batzuk zabaltzen dira eta Galdara izenaren zergatia azaltzen diet Uxueri eta Olatzi. Izen deskriptiboa da Galdara, hau da, ingurunea deskribatzen du, besterik ez, beraz, galdara edo kubeta erraldoi batean sartuko gara gaur. Horretaz gain, Galdara izenak, egun sargorietan han egiten duen bero itogarriaren berri ere ematen digu. Hormigoizko pista pinudiak inguratuta dago baina, hala eta guztiz ere, Artaungo argazki polit batzuk ateratzeko aukerak izan ditugu.

1,25 km | 510 m | 11ºC | 11:15ak dira. Bigarren bide-seinalera heldu gara. Hormigoizko pistatik jarraitzen duen PR-BI 82 alde batera

utzita guk ezkerretara hartu dugu, ipar-mendebalderantz. Behin bidea hartuta, gora doan bide nagusiari jarraituko diogu beti. Euria egin barik jarraitzen du eta ostarte gehiago ireki dira. Pinu artean segitu dugu hasieran baina  550 m ibili ondoren pinudia atzean utzi dugu eta paisaia erabat aldatu da. Mendigune karstikoko paisaia zoragarri batez inguratuta gaude orain. Artadi kantauriar oso berezia daukagu aurrean.

2,25 km | 590 m | 11ºC | 11:40ak dira. Odiol depositura heldu gara. Ateri dago eta eguzki izpiez gozatzeko aukera daukagu. Aurreikuspenak ikusita sinestezina dirudi. Hemen, zuzen, ipar-mendebalderantz jarraitu dugu beste 800 m gutxi gora behera, orduan, berriz iparraldera egin dugu Urtemondo aurrez aurre genuelarik. Artadia atzean utzi dugula konturatzen gara eta elorri zuriaz eta hurritzaz inguratuta gaudela konturatu gara. Segidan argigune batera iritsi gara eta bertan antzinako galtzada baten aztarna nabarmenak ikusi ditugu. Bertatik abiatu gara elorri zuri eta kareharrien artean eta aldapatxo bat igo ostean hortxe agertu zaigu Galdarako kubeta zoragarria, inguratzen duten Urtemondo, Apala, Kañometa, Belatxikieta, Krutzuaga, Gorritxueta eta Pagazelai mendiek zainduta. Zirraragarriak izan dira oso, benetan, bai Galdarako sarbidea den galtzada zaharra topatzea, bai Galdarako atea den Urtemondo eta Pagazelai arteko mendi-lepoa zeharkatu eta Galdara barruan sartzea.


Orduan, Patakon bidelapurrarekin akordatu gara. “Patakon, dekonari kendu eta eztekoneri emon” edo “Patakon uzabari kendu eta alargunei emon” bezalako esaerak heldu dira gaur egun arte jardun zuen inguruetan, hari buruzko oroitzapen kolektiboa gordez. Zalantzarik gabe, gure Robin Hood izan zen Manuel Antonio Madariaga Ustara, Patakon (Galdakao, 1796 - Afrika, 1850). Bere ekintzak, batez ere, Bizkaian burutu zituen baina baita Gipuzkoan eta Araban ere eta bere ezkutalekua Legarmendi mendilerroan
izan zuen, Galdara sakonunean hain zuzen ere. Kartzela ugari ezagutu zuen, batzuetan ihes egitea lortuz                                               eta besteetan indultuen bitartez aske geldituz. Bere bizitza Afrikan amaitu egin omen zuen. Kondairak dio bere zaldiaren ferrak aldrebes jarriz bere jazarleak nahasten zituela eta oraindik haren oinatzak topa daitezkeela Legarmendi mendilerroan sakabanatuta. Beraz, Haiek bilatzeari ekin diogu, ea topatuz gero, amarrua ezagututa, Patakonek berak ezkutatutako altxor bateraino eramaten gaituzten.
Gutxi gora behera, beste 500 m egin ditugu galtzada zahar honetatik, hauxe berriro desagertu arte, Mugarrikolandarako saihesbidera heldu baino apur bat lehenago. Zoritxarrez, erabat lainotu egin da eta lanbroa jaitsi da berriro ere.
3,65 km | 675 m | 9ºC | 12:20ak dira. Hirugarren bide-seinalera heldu gara. Euria gogotik ari du. Mugarrikolandarako saihesbidea zelai batean dago. Guk PR-BI-83 alde batera utzita ezkerretara hartuko dugu, ipar-mendebaldera berriro ere. Ondo markatuta dagoen artzain bide batek Belatxikietako saroiraino eramango gaitu, Galdarako eremu sakonena inguratuz.
Uda honetan Lanzaroten egon gara eta han ere “caldera” batzuei buelta emateko aukera izan dugu. Caldera Blanca etorri zaigu burura. Sumendi baten Kraterra ere ematen du batzuetan gure Galdara honek. Horrela, Geologiaren ildotik jarraituz, Islandiako espatora iritsi gara eta nola, hor nonbait, ahaztuta eta galduta, mineral honen meategi bat omen dagoela azaldu diet Olatzi eta Uxueri. Zein interesgarria izango litzateke hura topatzea, baina ia ezinezkoa ematen du erreferentziarik gabe eta ez dugu haren kokapenaren erreferentziarik topatu inon ere ez. Ez diogu utziko baina bilatzeari. Agian beste batean…
4,65 km | 630 m | 9ºC | 12:55ak dira. Belatxikietako saroira heldu gara, han 4. bide-seinalea topatu dugu. Aitzinean saroi zena orain atsedenleku bilakatu da eta artzainen bordak txoko eta elkarte bihurtuta aurkitu dugu. San Inazioren baseliza ere ikusi dugu bertan eta haren atzean Belatxikieta gailur belartsua. Euria ari du eta behe-lainoa aspaldi sartu da. Baselizaren babesean, indarrak hartzeko, zer edo zer jan ostean aurrera egin dugu. Bidebanatzean, gure markak jarraituz, ezkerretarantz hartu dugu, mendebalderantz, Belatxikietatik Lemoako Gandarias auzora bajatzen den bidezidorra hain zuzen ere. 750 m ibili ondoren, beti beherantz, kortxila edo saletxe batera heldu gara eta segidan pista batera. Guk norabidea mantenduz ezkerretara egin dugu. Pista hau jarraituta berehala heldu gara gure ibilbidearen 5. bide-seinalera.
5,75 km | 540 m | 10ºC | 13:30ak dira. 5. bide-seinalera heldu gara. Hemen Lemoako saihesbideak beherantz jarraitzen du. Guk aldiz, Artaunera doan bueltako bidea hartu dugu, ezkerretara eta gorantz, hego-mendebalderantz, abiatu gara. Hemendik Artaunera bide osoa pistatik egin dugu eta ez gara berriro Galdaran sartu. Galdara hegoaldetik inguratzen duten mendi-lerroaren hego-aurpegitik doa pista hau. Horretarako, lehenik eta behin, Burbillara igotzen duen tontorretik oso gertu pasatuz. Beraz, biraren zati interesgarriena egin dugunez, eguraldiak hobetzen ez duenez, eta 14:30etarako Artaunen egon behar garenez, hango jatetxe famatu batean mahaia erreserbatua daukagulako, gure martxa bizkortu dugu. Pago eta lizar landaketek inguratzen dute pista Burbillako igoera honetan.
6,50 km | 640 m | 9ºC | 13:45ak dira. Burbilla gailur ondotik pasatu gara baina ez dugu pista laga buzoiraino joateko. Atertu egin duen arren lanbropean jarraitzen dugu eta ez dugu izango bistaz gozatzeko aukerarik. Beraz, ez joatea erabaki dugu, gainera, justu samar gabiltza aurreikusitako ordurako heltzeko. Hemendik aurrera pistak beherantz, mantso-mantso, eta hego-ekialderantz egiten du. Ibilbidearen zati honek pinudi polit bat zeharkatzen du eta oso erosoa eta atsegina da. Pinudia pasatu ondoren, Arritxikietara heldu baino lehenago, lainoa altxatu eta Pagazelaiko hego-aurpegia ikusteko beta izan dugu une batez. 
7,45 km | 595 m | 9ºC | 14:00ak dira. Arritxikieta gailur ondotik pasatzen gara baina hemen ere bistaz gozatzeko aukerarik izango ez dugunez, Tontorreraino ez hurbiltzea erabaki dugu. Beraz, gelditu barik jarraitu dugu aurrera. Hemendik aurrera jaitsiera areagotu egiten da nabarmen.
7,65 km | 580 m |  9ºC | 14:10ak dira. 6. bide-seinalera heldu gara. Eguraldiak ateri eusten dio. Markak jarraituz eskumara egiten dugu. Hasiera batean hegoaldera egiten du pistak baina 250 m ibili ondoren, hego-ekialdera egiten du berriro ere eta norabide hori mantendu dugu Kortamendietako ipar-magaleko pinudian dagoen bordara heldu arte.
8,70 km | 510 m | 10ºC | 14:30ak dira. Kortamendieta inguruko bordara heldu gara. Euria hasi du berriro ere. Borda pinudi batean dago, sasiek estalita. Hala ere, oraindik errez ikusten da. 300 m aurrerago pistak norabidea aldatu du hegoalderantz eta jaitsiera oraindik gehiago areagotu da baina beste 500 m ibili ondoren, berriro ere, hego-ekialderantz egin du eta horrela jarraitu dugu, beti ere beherantz, Artaunera iritsi arte.
10,11 km | 355 m | 11ºC | 14:45ak dira. Artaunera heldu gara. Gutxi gorabehera aurreikusitako denboran, ibilbidea, 11 urteko bi neskatxoekin egin dugula kontuan hartuta. Euria barra-barra ari du eta mela-mela eginda gaude. Espato meategiaren edo Patakonen arrastorik topatu, ez dugu topatu ez, baina amestu, pila amestu dugu paraje zoragarri hauek zeharkatzerakoan. Horregatik, oso pozik gaude. Ibilbide hau ikaragarri polita da. Benetan gomendagarria.
Ibilaldia amaituta, arropaz aldatu eta goxo-goxo bazkaltzera joan gara Artaunen bertan, baina hau, beste kontakizun bat izango litzateke. 

 FITXA TEKNIKOA
IRTEERA
DIMAKO ARTAUN AUZOA (BIZKAIA)
HELMUGA
DIMAKO ARTAUN AUZOA (BIZKAIA)
DISTANTZIA
10,11 Km
METATUTAKO ALTITUDEA
447 m
DENBORA
4 h
ZAILTASUNA
ERTAINA-TXIKIA
DATA
2018/10/7



KARTOGRAFIA:

MTN ráster CC-BY 4.0, Instituto Geográfico Nacional (IGN)

Ortofoto PNOA CC-BY 4.0, Instituto Geográfico Nacional (IGN)

BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK:


Ibilbideak – Bizkaiko Mendizale Federazioa


Mendikat


Manuel Antonio Madariaga – Wikipedia, entziklopedia askea


Mineralesagus.blogspot.com


Salida geológica a Dima Artaun Vizcaya.





No hay comentarios:

Publicar un comentario