sábado, 7 de noviembre de 2026

Udalatx eta Besaide

Powered by Wikiloc

 


Udala auzotik (Arrasate) abiatuta, Udalatxeko gailurrera, eta, ondoren, Besaidera eramango gaituen ibilbide zirkularra da segidan proposatzen dena. Ibilbideak ez du zailtasun tekniko handirik, baina gailurrerako azken zatiak arreta jartzea eskatzen du, ebakiren bat edo beste aurkituko baitugu. Euria edota lainoa egiten badu, kontuz ibili behar da, gailurraren amaieran eta jaitsieraren zati batean eremu karstikoa baitago, irristakorra bihur daitekeena eta orientazioa ere asko zaildu dezakeena.

 

Arrasaten dagoen Udala auzotik abiatuko gara. Bertan, aparkaleku handi bat eta Uxarte ostatua aurkituko ditugu. Errepidetik metro gutxi batzuk atzera egin, eta, eskuinetik ateratzen diren bi bidezidorren artean, lehenengoa hartuko dugu. Ibilbidearen lehen zati honetan ia ez dugu seinalerik aurkituko; beraz, adi egongo gara GPSari edo aurkitzen ditugun mugarriei kasu eginez.

 

Udalatxeko gailurrerainoko igoerak ez du ia etenik ematen, eta nahikoa tente mantentzen da une oro. Pista-eremutik irten, eta, artadi-basoa atzean utzi ondoren, lur belartsu eta karstikoan sartuko gara. Igoera gogorraren ondoren, kanal belartsu batera igoko gara malda pixka bat leunduz. Ezkerrera, Kurtzebarriko tontorra utzita, aurrez aurre ikusiko dugun leporantz jarraituko dugu. Inguru honetan leize bat eta Jasokundearen santutegiaren hondakinak daude. Dirudienez, duela mende batzuk monje eremutarrak bizi ziren santutegian, XI. mendean.  Azken zatia ertz zabal batetik doa, eta ez du inolako zailtasunik. Gailurrean gurutzea, postontzia eta orientazio-mahaia aurkituko ditugu. Euskal mendietako ikuspegia oso zabala eta ederra izan arren,  Anbototik Mugarraraino marrazten den mendilerroren ikuspegia aparta da, ikusgarria oso.

 

Gailurrari bizkarra eman eta ertzetik jaisten jarraituko dugu altuera galduz. Metro batzuk behera egin eta gero, Kobaundiko haitzulora iritsiko gara. Mendizaleentzat oso ezaguna da, haitzuloaren barrutik kanpora begiratzean Anbotoko ikuspegi panoramiko eta dotorea erakusten du, mihise baten modura. Gainera, euskal mitologiarekin lotura estua du, askok Mari jainkosaren bizilekuetako bat dela uste baitute.

 

Beherantz jarraituko dugu, Erdikoatxa eta Autxurrutxagane mendien magala zeharkatuz. Lur belartsu eta karstiko batetik igaro eta gero, arte kantauriarren eremua zeharkatuko dugu. Adi egon behar dugu mugarriz markatutako bidezidor zuzenetik jarraitzeko; izan ere, lainoaren, zoru irristakorraren eta lurraren ezaugarrien artean orientazioa zaildu egiten da. Azkenik, pista batera irtengo gara, eta, putzu baten ondotik igaro eta gero, ibilbidea erosoagoa egingo zaigu.

 

Aldapan behera bidegurutze batera jaitsiko gara, eta, Udala auzora doan bidea itzulerako utzita, aurrera jarraituko dugu. Eskuineko pistatik aurrera eginda, Yoshin Ogata japoniarrak egindako "Bizitza-iturria" izeneko eskultura dagoen lepora ailegatuko gara. Eskultura abangoardista eta abstraktua da. Segidan Besaideko gailurrera igoko gara, hildako mendizaleen monumentua dagoen lekura. Besaideko monumentua mendian hildako mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoen arteko mugarrian kokatua. Oroitzapenaren Eguneko Jaia iraileko hirugarren igandean ospatzen da, Besaidera igota. Euskal Mendizale Federazioak bultzatuta eraiki zen Luis Pueyo arkitektoaren diseinuari jarraituz. Mont Blancen hildako lau euskal mendizaleen tragediari erantzunez altxatu zuten. Azken urteetan narriatuta egon ostean, 2023an erabat zaharberritu eta konpondu zuten.

 

Aurreko bidegurutzera itzuli, eta, Besaideko iturrian trago bat hartu eta gero, aurrera egingo dugu.  Aurrerago, Udalara iristeko bi aukera ematen dituen bidegurutzera iritsiko gara: GR-121 edo PR-Gi 96.  Bata zein bestea aukeratuta, abiapuntura helduko gara, Udala auzora hain zuzen ere.

 

Udalatx Udala auzotik


Basotik ateratzean

Harkaiztegian gora

Kurtzebarriren magaletik pasatzen

Mendi-leporantz

Anboto eta santutegiaren aurriak

Udalatxeko gurutzea

Udalatxeko tontorra

Udalatxeko tontorrean

Tontorreko orientazio mahaia

Tontorreko buzoia

Maldan behera Kobaundirantz

Maldan behera Kobaundirantz

Kabaundiko sarrera

Txindoki Kobaundiko erraietatik begira

Putzua


Besaideko iturria


Yoshin Ogata japoniarrak egindako "Bizitza-iturria" izeneko eskultura

Durangaldeako mendien ikuspegi zabala

B esaideko tontorrean dagoen hildako mendizaleen monumentua

Besaideko buzoia

Ibilaldi bukaerako saria






No hay comentarios:

Publicar un comentario