sábado, 14 de junio de 2025

Etxabarriko haitzak

 

Lokizko mendizerra Erxabariko tontorretik

Urbasako hegoaldeko ingurune atseginetako bat zeharkatzen duen ibilbide honek, Irantzu gainean esekita dagoen haran txiki batetik igo, Etxabarri eta Larraitzako gandorretan ibili eta Irantzu ibaiaren arroila ezagutzeko parada ezin hobea eskaintzen du. Ezpel, haritz, pago eta artez jantzitako sakon eta amildegi ikusgarriak bezain erakargarriak.  


Irantzuko monasterioa


Irantzuko  monasterioa

Monasteriora heldu aurretik dagoen aparkalekuan ibilgailua utzi, botak jantzi, motxila bizkarreratu eta martxan jarri gara. Gertu dagoen xenda batetik igotzen hasi beharrean (oso higatuta baitago), Irantzu ibaiaren arroila aldera jo dugu bertan dagoen egurrezko hesola batek erakusten duen norabidean (SL NA-180). Berrehun bat metro aurrerago, bide nagusia utzi eta ezker aldetik ateratzen den beste pista bat hartu dugu. Progresiboki altuera irabazi dugu eta lehen izerdi tantak irristatzen hasi orduko, bidea leundu egin zaigu. Artea nagusi den eremu honetan haritz ilaundun batzuk tartekatzen dira. Metro batzuk bertatik bete eta aldapa txiki bat jaitsi dugu Abartzuzatik datorren pistarekin bat egin arte.

Irantzu monasterioko klaustroaren detailea

Ezker aldetik, Eraul aldera zuzentzen diren saihesbideak utzi eta pista zabal eta erosoan zehar segitu dugu. Ipar-mendebalderantz zuzentzen den bide nagusiaren alboetara zutitzen diren arte eta haritz ale bikainek, eguzkiaren izpien gozoa eragotzi digute. Burdinazko ate baten ondora heltzean, PR NA-181ari dagozkion egurrezko seinaleak bide bazterrean ikusi eta ezker aldetik Erauletik datorren bidearekin bat eginez harrizko pistatik gorantz jo dugu. Bide-seinale zuri eta horiek erakusten diguten bidetik, bihurgune handi bat igaro eta pagadia nagusitzen den eremura iritsi gara. Metro batzuk aurrera egin eta eskuin aldean burdinazko ate bat ikusi dugu (itzulera bertatik egingo dugu). Ehun bat metro bete eta bidegurutze berri batera iritsi gara. Bide balizatua utzi eta ezkerretik, pinu eta pago artean hedatzen den bide zabaletik Lizarrako M.E.ren aterpea aurkitu dugu.

Exabarriko tontorra Larraitzatik

 Etxabarriko haitzak eta Larraitza

Norabidea aldatu gabe, aurrez aurre dagoen pinudian ikusi dugun xendan barrena segi eta berehala atera gara ezpel, txilar eta ipuruz zipristindutako zelai batera. Zuzen igo eta eskuin aldetik ateratzen den bidetik pagadi eder batean murgildu gara. Basotik atera eta ezpel eta garo gutxi batzuen artean ezker aldera jo, iturri baten ondotik pasa eta berriro pagadian sartu gara. Eskuin aldean, egoera kaskarrean dagoen itxitura bat ikustean, bide nagusia utzi eta basoa zeharkatuz gain aldera jo dugu ikusgaitz den xendatik. Kostatu zaigu, baina azkenean parterik altuena den puntutik bospasei metro beheraxeago aurkitu ditugu Lizarra M.E.k eraikitako harrizko zilindroa eta gertu burdinazko txikiago beste bat mendizale baten oroimenez jarrita.

Lokizko mendizerra Erxabariko tontorretik

Ikuspegi paregabea! Talai bikaina! Lizarrerria, Jurramendi, Deioko gaztelua, Sartzaleta eta San Kosme, Lokizko mendilerro dotorea, Ameskoa… Postal eder honetaz gozatu ostean, mendizale batzuk “Peña Azanza” izenez ezagutzen duten gain aldera jo dugu. Hego-ekialdera jaitsi eta bostehunen bat metro bete ostean, eskuinerantz jo eta kostata bada ere, Euskaraz Bizi Taldeak jarritako plaka batek lagundu digu lekua aurkitzen.

Larraitzako gailurra

Larraitzara joateko, etorritako bidetik atzera egin dugu lehen ikusi dugun iturriaren ondora heldu arte. Jaitsiera erraza gertatu zaigu eta beste horrenbeste tontorreraino doan xenda. Gain borobil eta belartsu honetan txikitu nahi izan duten metalezko gutunontziaren inguruan argazki pare bat atera eta berriro jaitsi gara lepora. 90ºko giroa eman eta iparralderantz zuzentzen den bide nabarmenetik jaisten hasi eta berehala Krezmenditik datorren pista zabalarekin bat egin dugu. Eskuin aldetik segitu dugu eta aska bat atzean utzi eta gero, Lizarra M.E.ren aterperantz doan bidearekin bat egin dugu. Aurrera segi eta berehala iritsi gara gorakoan ikusi dugun burdinazko atearen ondora. Bide nagusia utzi, atea igaro eta pagadi eder batean murgildu gara altuera azkar galduz. Basotik ateratzean, pista zabala utzi eta harri multzo txikiek erakusten diguten xendan barrena erraz jaitsi gara ezpel artean marrazten den bidetik. Irantzu ibaiaren arroilaren ondora jaistean pista zabalak abiapuntura eraman gaitu.

Irantzu monasterioko klaustroa

Andiamendiko magalean dagoen monasterio zistertarra bisitatzeko unea. Jatorrizko tenplua erromanikoa bada ere, ederra da bertako klaustro gotikoa. Erdi-puntako arku bikoitzak eta kapitel zistertar xumeak ditu, baita lore eta irudiz dekoraturik dauden kapitel berriagoak.  Mendizabalen desamortizazioagatik ia ehun urtez abandonatuta utzi eta gero, Vianako Printzearen Fundazioak ekin zion zaharberritzeari. Gaur egun monje teatinoek kudeatzen dute.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/etxabarriko-haitzak.html

 




No hay comentarios:

Publicar un comentario