Arrato
mendilerroa, Badaia mendilerroaren eta Gorbeia mendigunearen artean dago.
Bertan ez dago garaiera handiko mendirik, gailur apalez osatutako parajeak
baitira. Ibilaldi honetan horietako bitara igoko gara eta, bide batez, gure
historiaren zenbait pasarteren lekukoak izan diren lekuak bisitatuko ditugu.
Letonako
elizaren ondoan ibilgailua utzi eta ipar-mendebalderantz igotzen den San Bitor
kaletik ipar-mendebalderantz joko dugu. Ibilbide osoan zehar aurkituko ditugun
egurrezko zutoinek (Letona-Urisolo) erakutsiko digute bide zuzena. Txaleten
ondotik igaro, asfaltoa bukatu eta lurrezko pista batetik igotzen jarraituko
dugu. Kurtzeganen ondotik pasa eta gero, xenda erosotik erraz egingo dugu
aurrera. San Bitor ermitaren irudia Arratobe mendiaren gainean aurrez aurre
dugularik, mendi-lepora helduko gara.
Eskuinetik
marrazten den xendatik tontorrera igoko gara. Buzoi txiki batek erakusten du
Arratobeko tontorra eta bertan, San Bitor ermita kokatuta dagoen lekua berean,
Zaitegiko gazteluaren hondarrak ikusi ahal izango ditugu. Idatzizko lehen
erreferentziak XII. mendeko bigarren erdialdekoak dira. Arabak Nafarroako
Erresumari leial jarraitzen zion bitartean, Bizkaia Gaztelaren eskuetara pasa
zen eta, horregatik, Antso Jakituna errege nafarrak, erresumaren mendebaldeko
zatia babesteko, Gasteiz (1181) bezalako hiribilduak sortu eta Zaitegiko
gaztelua bezalako gotorlekuak eraiki zituen. Zaitegikoak, ordea, gutxi iraun
zuen nafarren eskuetan. Gaztelarrek Zaitegi
konkistatu ondoren, gazteluak jada ez zuen izan eraiki zenerako funtzioa, eta
gainbehera-garai bat hasi zen, XV. mendean erabat abandonatu zen arte.
Ondorioz, eraikina hondatu egin zen, eta aurri bihurtu. Zutik jarraitzen zuten
hormak aprobetxatuz, Letona eta Zaitegiko bizilagunek San Bitor baseliza eraiki
zuten XVI. mendean.
Gure historiaren pasarte hauek gogora
ekarri ondoren, mendi-lepora itzuliko gara eta bertatik zabaltzen den pista
zabaletik Azkorrietako tontorrerantz joko dugu.
Pista zabala utzita, eskuinetik basoan marrazten den xendatik egurrezko
seinale batek eta postontzi bitxiak tontorra erakutsiko digute. Etorritako
bidetik atzera egingo dugu, baina pistara itzuli beharrean mendiaren ertzetik
apenas ikusten den xendatik jaisten hasiko gara. Urisoloko kastroa kokatuta
zegoen paraje hauetan dago izen bera duen haitzuloa, kastroa inguratzen duen
harkaitzaren ertzean. Bidera itzuli eta ehunen bat metro beherago, Undako Goga
edo 40 zaldunen haitzuloa ikusteko parada izango dugu. 1200 urtearen inguruan,
Arratoko guduan ganboatar baleztariek oinaztar zalditeria sarraskitu zuten eta,
beren buruzagia hilik, ihesari eman zioten bere jarraitzaileek. Gudu-zelaiaren
inguruan zegoen haitzulo honetan babestu ziren zaldunak beren zaldiekin, eta
hortik datorkio haitzuloari izena.
Pista zabalera itzuli eta maldan behera
Letona aldera zuzenduko gara. Ataka bat pasa eta laster, ezkerretik zabaltzen
den xendan barrena Letonako iturriak eta ikuztegiaren ondora iritsiko gara.
Benetako ur-konplexu bat da, hainbat altueratako iturriz, 2005ean eta 2018an
zaharberritutako garbitoki batek eta ura ibilguaren ondoko baratzeetaraino
eramaten zuten hustubide batzuk osatua. Atzera egin eta azken aldapak
abiapuntura eramango gaitu.
San Bitor baseliza
XVII.
mendearen hasieran, Letona eta Zaitegi herriek San Bitorren ohorez baseliza bat
eraiki zuten. San Vitores, IV. mendeko martiria eta lur eta hazienden babesle
izan zen. Horretarako Zaitegiko gazteluaren paretez baliatu ziren. XIX.
mendean, karlistadetan suntsitua izan ondoren, bi herrietako bizilagunen
laguntzarekin berreraiki egin zen. 1980ko sute batengatik gertatutako
suntsipenaren ondoren, Abadelaueta Elkarte Etnografikoaren ekimenez eta
Zigoitiko udala eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, Letona eta Zaitegiko
Batzarrek San Bitor baselizaren azken birgaitze lanak 2019ko azaroan burutzea
erabaki zuten. Letonako herriak abuztuaren 26an ospatzen du santuaren omenezko
jai eguna.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
No hay comentarios:
Publicar un comentario