domingo, 26 de noviembre de 2023

Baltzolako parajeak

Powered by Wikiloc

 


Egitura geologiko apetatsu eta tradizio mitologikoek bat egiten dute Bizkaiko paraje berezi eta erakargarri honetan. Ondo balizatutako bideak, ingurune karstikoa duen Garaioko tontorrera eraman aurretik, Indusi eta Baltzola auzoetako lurretan dauden ermita eta kobetara gerturatuko gaitu.  


 

Indusiko Olabarri auzoan dagoen Asisko San Frantzisko (San Fraisku, ahozko tradizioaren arabera) ermitatik abiatuko gara. Ermitaren ate ondoan dagoen ur bedeinkatuaren ontzia berezia da, bertan aurpegi bat zizelkatuta baitu. Ermitako kanpaien hotsak, inguruan dauden kobetako sorgin, lamia eta beste jeinu batzuk uxatzeko erabilia. Ibilbide osoa PR-Bi 41aren seinale zuri eta horiez balizaturik dago, beraz ez dago galtzeko arriskurik.


 

Erreka gurutzatu eta gero, bere ibilguaren paraleloan jarraituko dugu Zamakolan dagoen bidegurutzeraino. Ibilbidearen mapa agertzen duen egurrezko panelean, “Baltzolako kobak. Ez sartu. Q sukarragatiko arrisku biologikoa” mezua erakusten duen txartel bat iltzatuta ikusiko dugu. Honen ondoan dagoen zubiaren gainetik ezkerrera joko dugu asfaltatutako bidetik Gibiltar baserriraino. Kondairak dionez, inguruan bizi ziren lamiak maiz joaten omen ziren bertara. Puntu honetan, pista zabala utzi, langa igaro eta xenda nabarmena jarraituko dugu. Baserria atzean utzita, paisaia erabat aldatzen da, kareharrizko erliebe hautsian murgilduko garelarik.


 

Metro batzuk aurrera egin eta berehala, Jentilzubi kareharrizko arku natural itzela agertuko zaigu, Dimako hainbat kondaira eta ipuinen kokaleku. Tradizioaren arabera, Kobalde sakana gainditzeko jentilek eraikia. Bideak eskuinerantz biratzen duen lekuan, Baltzolako kobako hegoaldeko sarrerara igotzen xenda txiki bat ikusiko dugu, baina bertatik igotzen bagara, kobako sarreran berriro ikusiko dugu Q sukarragatik dagoen arrisku biologikoa adierazten duen txartela. Koba alde batetik bestera zeharkatu badaiteke ere, hobe debekuari kasu egin eta bide balizatura itzultzea, ingurua erabat garbitzean izango baitugu berriro itzuli eta kobaren erraiak bisitatzeko aukera.


 

Baltzola kondaira askoren agertokia da, bertan, lamiak eta jentilekin batera, Mariren bikotea den Sugoi (Sugaar, Suar edo Maju ere esaten zaio) bertan bizi omen da. Izaki mitologiko honek suge itxura du eta, suzko igitai gisan zerua zeharkatu egiten du. Beste batzuen arabera, berriz, Mari eta Sugoiren semeetako bat den Mikelats koba hauetan bizi omen da ere. Gure ibilbidearekin jarraituz, pistatik kobazulo-multzoa eta Abaroko tunela (Behikobea) inguratuko ditugu Lapikoerrekan dagoen zubitxoa gurutzatu eta baserri bakan batzuk dituen Baltzola auzora igotzeko. Asfaltatutako bidetik San Lorentzo ermitara eta honen ondoan dagoen atsedenlekuraino igoko gara. Calahorrako elizbarrutiko artxibategiaren dokumentu batean aipatzen da ermita hau, 1771. eta 1775. urteen artean. Ermitara heldu aurretik metro batzuk, Lourdeseko Ama Birjinaren irudi bat gordetzen duen haizpe bat ikusiko dugu iturri baten ondoan.


 

Ermita atzean lagata, Olarreta lepora zuzentzen den pista zabaletik egingo dugu aurrera, baina lehen bidegurutzean, eskuinetik joko dugu. Jaisten jarraituko dugu eta errekara heltzean, hau gurutzatu eta igotzen hasiko gara Olabarriako txabolaren inguruan bidea hirutan banatzen den lekura ailegatu arte. Guk eskuinekoa aukeratuko dugu, eta markatutako bidetik Garaioko tontorrera igoko gara. Bertan, postontzi edo buzoi txiki bat eta 1985eko Gabonetako irudi bat daude.


 

Abiapuntura itzultzeko, tontorrari bizkarra eman eta, bide-seinaleek erakusten diguten mendebaldeko norabidean jaisten hasiko gara. Lehen tartea nahikoa irregularra da, kareharri solte eta ote artean kontu gehiagorekin ibili beharko dugu. Pinudira heltzean hau zeharkatu eta eskuin aldetik azkar jaitsiko gara Indusi eta Baltzola lotzen dituen bide balizatuarekin bat egiteko. Bide nagusitik aurrera egingo dugu, baina lehenago, ezker aldetik marrazten den xenda batek Axlorko kobaren sarrera eramango gaitu. Joxemiel Barandiaranek, 1967 eta 1974 artean ikertu zuen aztarnategi hau, mendilerro karstiko batean dago kokaturik eta, 2017an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, “Baltzola eta Axlor haitzuloak” monumentu-multzo sailkapenaren arabera. Burdin hesiz babestuta dagoen koba atzean utzi eta xenda estu batek bide nagusira eramango gaitu. Hemendik abiapuntura itzultzeko etorritako bidetik beteko dugu.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2022/11/baltzolako-parajeak.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario