Ibilaldi zirkular honek Goltzibar haran hestu eta basatian barneratzeaz
gain, gure historiaren aztarnak diren Lili jauregia eta Ekaingo kobazuloak
ezagutzeko parada izango dugu. Bidea, PR-GI 41aren seinale zuri eta horiez
balizaturik dago.
Zestoakoa geraleku zaharraren ondotik abiatuko gara eta Urolako tren
zaharraren bidetik emango ditugu lehen urratsak. Trenbide honek, Zumarraga eta
Zumaia herriak lotzen zituen eta hamabost geltoki zituen, horietako bi Zestoa
bertan. 1926an inauguratu eta, hirurogei urtez Urola haranaren barrena ibili
zen 1986 urtean betirako gelditu zuten arte. Urola ibaia gainditu eta berehala,
trenbide zaharra eskuinetik jaisten den xenda batetik jaitsiko gara. Aurrez
aurre, Lili jauregi ederrarekin egingo dugu topo eta bertan ikusiko ditugu
lehen aldiz PR-GI 41aren marka zuri eta horiak.
Jauregi eder hau XV. mendean eraiki zuten eta gotiko estilokoa da.
Jauregiaz gain, bi burdinola, Lilibea dorrea, errota eta urtegi txiki batek
osatzen dute multzoa. Lilitarrak, inguruan zeuden lur, baso eta erreka askoren
jabeak ziren. Bere jabetzako baserriek errenta ugari ordaintzen zituzten, baina
beren aberastasunaren zatirik handiena burdinaren eta zuraren ustiaketan
oinarritzen zen.
Erdi Aroko arkitektura bikain honen ondotik aldapa txiki bat igo, iturria
ezkerrera utzi eta bide bazterretik aurrera jarraituko dugu. Errekaren ondotik
kilometro erdi pasatxo bete ostean, Ekainberrira helduko gara. Ekaingo haitzuloa izen bereko muinoaren ekialdeko hegalean
dago, Sastarraingo ubideak sortzen duen bailara txikian. 1969an, Rafael
Reazabal eta Andoni Albizurik aurkitu zuten haitzuloan dauden Goi Paleolitoko
Madeleine garaiko labar-pinturak oso ezagunak dira eta, UNESCOk Gizateriaren
Munduko Ondare izendatu zituen. Gaur egun ezin da haitzulo bisitatu eta, horren
ordez altxatu zuten erreplikan (Ekainberri) ikus daitezke pintura horien kopiak
direnak. Goltzibarko errekastoaren ondotik aurrera jarraituko dugu eta
berehala, Sastarraingo Baserri Eskola ikusiko dugu gertu. Bide-seinaleek
ezkerrera zabaltzen den bidea hartzera gonbidatuko gaituzte, Goltzibarko
haranean murgiltzen hasiko garelarik. Bide zabala xenda bihurtu eta basoan
sartzen da.
Bide-seinaleek erakutsiko digute aukeratu
beharreko bidea. Maldan gora altuera irabaziko dugu eta, bidea leuntzen den
inguruan galtzada zahar baten zatiak igoko ditugu. Gertu, Agita errotaren
aurriak. Errekastoa gurutzatu eta ezkerretik berriro igotzen jarraituko dugu
Agireta ingurura iritsi arte. Puntu honetan, 90 graduko bira egiten du bideak eta
bertatik, langa baten ondora ailegatuko gara. Hau pasa eta, bide zabala eta
erosoak porlanezko errepideraino eramango gaitu. Idoieta, San Bizente, Etorra
berri, Etorrazar, Erlategi… baserrien ondotik jaitsiko gara altuera erraz
galduz. Urola ibaira gerturatzean, Lauiturrietako garbitokia eta iturria
ikusteko aukera izango dugu. 2012an auzolanean berritutako garbitokiari
bizkarra eman eta Urola ibaia gainditzeko, XIV. mendearen bukaeran eraiki zuten
Zubizarra (egungoa XVIII. mendean berreraiki zen) gurutzatuko dugu. Herriaren
beheko aldetik Zestoako geraleku zaharrera itzuliko gara
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2019/06/goltzibarko-harana.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario