viernes, 21 de julio de 2023

Maidalena

Powered by Wikiloc

 



Zuberoako lurren erdi-erdian, Ühaitza ibaiaren ibilguarekiko paraleloan, mendi-multzo leun eta belartsu multzo txiki bat altxatzen da. Mendilerro txiki honek, iparraldetik hegoalderantz zabaltzean altuera irabazten du, Maidalena tontorra bere puntu gorena izanik. Maidalena oso ezaguna da, batik bat tontorrean bertan altxatzen den ermita xumeagatik. Honen ondoan, ingurua desitxuratzen duen antena handia. Mendi honetara igotzeko aukera desberdinak ditugu; Zalgize-Doneztebe, Iruri eta Atharratzetik ateratzen diren bideak dira ezagunenak, baina bada beste bat aurreko horiek baino laburragoa dena, Züztarriko lepotik abiatzen dena hain zuzen ere.  

 


Züztarriko lepotik abiatu bezain fite, errepidea utzi, eta gure ezkerretik marrazten den bide zaharra hartuko dugu. Kilometro bat baino gutxiagoko luzera duen bide zahar honen bukaerara iristean, berriro errepidera aterako gara. Asfaltozko errepidean zehar kilometro bat beteko dugu eta, bihurgune handi batera ailegatzean asfaltoa utzi eta gure ezkerretik zabaltzen den lurrezko pista zabaletik gorantz egingo dugu altuera erraz irabaziz. Maidalenaren oinean dagoen zabaldira iristen garenean, errepidea gurutzatu egingo dugu. Inguru honetan ohikoa da parapentea egiten duen jende andana ikustea. Aurrez aurre dugun ermitarantz joko dugu segidan eta bertara igotzeko belardian marrazten den xenda hartuko dugu. Tontorrean, ermita ezagunaz gain, antena erraldoia eta mahai panoramiko bat ikusiko ditugu. Leku honetatik dagoen panoramika bikaina da, talaia paregabea Zuberoako lurrak ez ezik Orhitik Midi de Bigorreraino marrazten den mendikateen silueta behatzeko. Mendia ez da oso garaia, baina toki deigarria da jende askorentzat, batik bat Maidalenaren baselizak erakarrita.


Antzina Marie Maddalene d 'Aranhe bezala ezagutua izan zen (1470). Eraikina XV. mendekoa da erromatar aurreko tenplu pagano zahar baten gainean altxatuta, XIX. mendean aldatu eta 1961ean zaharberritu zena. Maidalena erromesak hartzeko lekua zen, Muskildiko San Antoni bezala. Joxe Migel Barandiaranek kontatzen zuenez, ermitan erromatar aldare bat kontserbatzen zen, Herascorrtsehe izeneko jainkoari eskainitako aldera bat omen zena: Fano Herauscorrtsehe sacrum. G(aius) Valerius Valerianus (Gayo Valerio Valerianok kontsakratu du Herauscorrtsehe orakulua). Beraz, ematen du aspaldian mendiaren tontorrean jainkosa honen tenplua zegoela eta mendiak jainkosaren izena hartu zuela. Gero, jentilen tenpluaren ordez Maidalena baseliza jarri zen eta berarekin batera mendiaren izena aldatu.


Abiapuntura itzultzeko tenorean, ermitari bizkarra eman eta, Iruri eta Atharratzeko lurren mugatik marrazten den xendatik jaisten hasiko gara. Tontorreraino igotzen den errepidea azken aldiz gurutzatu eta, zuzen jaisten jarraituko dugu. Bidea balizatuta dago eta hauen laguntza izango dugu ibilbidearen tarte honetan. Lehenik basoan eta gero belaze artean hedatzen den bidetik, azkar galduko dugu altuera. Laster, Atharratzeko lurretan murgilduko gara eta herrira zuzentzen den bide balizatua eskuinera utzita, ezkerretik ateratzen den pistatik egingo dugu aurrera. Bagaüle etxaldearen ondotik igaro eta gero, asfaltozko bide erosoak beherantz egiten du lehen tartean, baina gero aldapan gora  segi eta abiapuntura eramango gaitu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2020/02/maidalen.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario