KETO OGIA
Bom dia Aran bailara ederretik! Opor txikiez gozatzen ari gara elurrari ongietorria eginez 🥰 Mendi egunak, lasaitasuna eta idazteko tartea.
Udazkena ere ederra izan da, anemiak jota eta hilekoarekin gorabeherak izan arren, egutegian markatuta neuzkan bertikalak egiteko gai izan naiz: Canfranc, Beriain, Canfranc, Tontorramendi, Anboto eta Karakate. Eta beti emaitza hobeak nahi ditugun arren (eta horrela izan dadila luzaro 😜), pozarren egindakoaz! Askotan ez degu merezi duen bezainbeste aupatzen geure burua 💪
Anboto bertikala
Tartean, sari banaketa ekitaldi bat, eskalada saioren bat eta gure mendi kuttunetara igoerak.
Valentzian eskalatzen
Karakate maitea
Bihotzeko Aizkorri
Itziarrek dieta egokitu dit nire bi gabeziei (anemia eta hileko minbera) aurre egiteko (zehaztasun gehiago nahi duenari gustora azalduko diot dieta) eta askoz irin gutxiago jaten ari naiz. Tartean ogia ere kendu det, gluten gabekoa, noski. Irinik gabeko ogia probatzen ari naiz, keto ogia, haziekin egindakoa. Batzuek eskatu dezue errezeta eta hemen doa. Oso da erraza!
🥖 Keto ogia:
🥚 6 arrautza
💧 150 ml ur
🥜 100 gr intxaur (nik armendola)
🥜 100 gr linaza
🥜 100 gr ekilore pipak
🥜 50 gr sesamo haziak
🥜 100 gr kalabaza haziak
🧂 Gatz pixka bat
🍶 Legamia (nik soda)
🧂 Espezieak: curcuma eta jengibre pixka bat
Hazi guztiak birrindu irin bihurtu arte. Arrautzak irabiatu eta gehitu irina, gatza, ura eta legamia orea osatzeko. Labean 50 bat minutuz egin, 180 graduan. Gainetik ekilore pipak jartzen dizkiot nik. 🥖
Kontatuko didazue gustatzen zaizuen ala ez. Bitartean, mendiaz eta sukaldeaz gozatzen jarraituko degu 🥰
ALPEAK ETA GOSARIAK
Oporrak amaitzear eta ikasturte berria hastear dela, urteko lehen 8 hilabeteon gogoeta egiteko gogoa daukat gaur. Negua eta udaberri hasiera izugarriak izan dira, inoiz baino gehiago eskiatzeko aukera izan det. :-)
Garmo Negro
Aspe
Altitoy
Infiernos
Maladeta
Anetorantz
Anetotik itzuli eta eskiak erantzi genituen hurrengo denboraldira arte. Udaberri-uda denboraldia hasi genuen. Berriz ere dortsalak! Izugarri pozik, oso gutxi entrenatuta (eta tartean lesioren bat izanik) horren lasterketa ezberdinak amaitzeko eta gozatzeko gai izan naizelako.
Elgoibarko itzulia
Zegama-Aizkorri bertikala
Txindoki bertikala
EH Mendi Erronka
Nahaste Borraste
G2H (Ehunmilak)
Horrela iritsi dira oporrak eta horrela urteko hitzordu handia: Alpeak. Pirinioetara nahi baino irteera gutxiago eginda udan eta sokarekin ibili gabe, ezin sinetsita egin ditugun jarduerekin.
Gran Paradiso
Arista Rochefort
Arista Entrevés
Duffourspitz (Monte Rosa)
Sentimendu guztiak oraindik bor-bor, eta eskerrak eman besterik ezin det egin. Bizitzari, lagunei, familiari eta neure gorputz eta buruari zoriontsu egiten nauten amets guztiak betetzen laguntzen didatelako. Zorteduna naiz!
Askok galdetzen didazue elikadura nola eramaten dudan honelako ekintzetan, eta egunerokotasunetik kanpo. Zorionez, gero eta leku gehiagotan lortzen det glutenik eta esnekirik gabeko jana, baita garaieran ere! Horrez gain, ezagutzen nautenek badakite oso gutxtan jaten dudala etxetik kanpo, eta nahiago dudala taperrarekin atzera eta aurera ibiltzea.
Esaten dute gosaria dela eguneko otordurik garrantzitsuena eta hainbat aukera jarri nahi nituzke hemen. Udan gehiegikeriak egin badituzue, agian lagungarri izango zaizkizue egunerokotasunera itzultzeko.
Amaitu aurretik, esku artean eduki ditudan eta orain dauzkadan liburu zoragarri batzuk.
Gogoratu: nada ez tan terrible, eta bizitza oso laburra da ametsak zerrenda hutsean uzteko ;-) Viva la vita!
MERA PEAK
Namaste! Himalaiatik bueltan gaude, Euskal Herriko garaiera egokitzen ;-)
Uda zoragarria izan da aurtengoa, Pirinioetan eta Alpeetan. Kataluniako eta Aragoiko Pirinioetan hainbat amets betetzeko aukera izan det: Carros de Foc hirugarren urtez lagun artean, Palas mendia estreinakoz, Infiernoak enegarrenez baina neronek bakarrik igotzea (nire lehen hirumilakoa bakarrik!!!), Llosas-Aneto eta Maladetako ertz zoragarriak, eta abar.
Mahoma pasalekua (Aneto)
Carros de Foc (Aiguestortes, Kataluniako Pirinioak)
Colomina aterpetxea (Kataluniako Pirinioak)
Palas (atzean Balaitous)
Arrieleko lakuak
Infiernos
Llosas-Aneto ertza
Aneto
Torre de Marfil (Cerler)
Maladeta ertza
Astebeteko lanaldiaren ostean, Chamonixera joan ginen. 10 bat urte dira jada Alpeetara joaten hasi nintzela. Eskiatzera, alpinismo pixka bat egitera edo dortsala jantzita lasterketaren batera. Mendien paradisua iruditzen zait beti.
Cosmicos aterpetxea
Cosmicos ertza
Les Gaillands (Chamonix)
Mont Blanc
Travesia Pointes Lachenal
Alpeetatik bueltan, lehenik eta behin, dortsalari beldurra kendu eta hiru mendi lasterketa egiten ausartu nintzen. Bi urtean lehen aldiz dortsala soinean! Beriaingo kilometro bertikala, Canfrancekoa eta Aratzekoa egin nituen. Sentsazio gazi-gozoekin baina oso pozik asko entrenatu gabe ere bihotza azkartzen zela ikusita :-)
Alpeetako egonaldia oraindik ahaztu gabe neukala, baina, mendi garaietarako gogoz sentitu nintzen. Eta halaxe, egun batetik bestera, lagun batekin hitz egin eta Nepalerako bidaia prestatu genuen, 5 emakumek.
Ederra bezain gogorra izan da. Gure arteko giroa eta ikuspegia azpimarratuko nituzke. Gogortasunari dagokionez, berriz, garaiera (eguraldi txarra tarteko aklimatazio egun gutxiago egin behar izan genituen) eta hotza. Etxeko epelarekin asko akordatu naiz, eta dalbat-a gustuko daukadan arren, hemengo janarekin ere bai. Sukaldean aritzeko gogo biziz etorri naiz eta buelan hainbat errezeta probatu ditut, quiche edo barazki-pastel zoragarri hau, tartean. Adi osagarriei!
-Kipula
-Porru bat
-Ziazerbak
-100 gramo anakardo
-120 ml olo esne
-Patata bat (aukeran)
-Kalabazina (aukeran)
-Hostopila (glutenik gabekoa)
-Oliba olioa
-Piperbeltza
Zartagin batean oliba olio pixka bat jarri eta egin kipula. Erantsi patata, kalabazina eta porrua. Bitartean, birrindu olo esnea eta anakardoak makinan. Barazkiak horitzen hasten direnean gehitu ziazerbak eta egin beste pixka bat. Gehitu esne eta anakardo orea eta jarri hostopilaren gainean. Sartu labean eta egin 30 minutuz 180 graduan. Zaporea izugarri gustatzen zaigu etxean!
Horixe gaurkoz, Karakateko eta Aizkorriko garaierara egokitzen jarraituko degu, baina Himalaiako eta mendi garaietako ilusioak ere mahai gainean direla ;-)
Katmandu
INEFABLE
Urriellu, Naranjo de Bulnes
-Zer, Ainhoa, astirik gabe zabiltza? Aspaldi ez dezu errezetarik idatzi blogean!
Gizon jator batek esan zidan joan den astean, Karakatetik jaisten ari nitzela.
2020a pandemiaren urtea izan zen askorentzat; kirofanoaren urtea izan zen niretzat, dudarik gabe. Mugarria nire bizitzan. Txikitatik uste izan det kirola eginez, burua landuz eta elikadura zainduz gaixotasunen kontra babestuta egongo nintzela. Horrelakoa da bizitza, parez pare jartzen dizkizu zure beldurrak gainditzeko arrakalak.
Errezeta berri mordoa probatzen ari naiz azken aldian, tartean, barrita osasuntsuak egiteko errezetak ere bai. Adi honi!
Osagaiak:
-Bi banana
-Fruitu lehorrak (nik: anakardoak, almendrak, paxak, goji baiak, datilak)
-Arroz puztua
-Eztia
-Koko olio pixka bat
-Ziropa pixka bat
-Olo zahia
Bananak zenbat eta helduago, orduan eta gozoago. Txikitzeko prozesadorean sartu fruitu lehorrekin batera orea egin arte. Gehitu koko olioa eta ziropa, eta nahasi. Ontzi handi batean, gehitu arroz puztua eta olo zahia, eta nahasi. Ondoren, gainetik, nahi beste osagai erantsi ditzakegu: fruitu lehorrak, eztia, polen pipitak...
Zabaldu ontzi zapal batean eta sartu labean 20-25 minutuz. Kontuz fruitu lehorrak erre gabe. Txokolate urtua gehituta, sublime! Grasarik gabeko cacaoa koko oliotan urtuta egiten det nik.
Barritak egiteko hamaika modu daude. Sojazko jogurrekin egindako beste izozki-barrita hauek ere oso goxoak atera dira. Jogurrak, ziropa eta ezti pixka bat nahasi, eta gehitu fruitu gorriak eta pipak. Sartu hozkailuan gogortu arte.
Hortzik hautsi nahi ez badezu, jan baino pixka bat lehenago atera beharko dituzu zatiak hozkailutik!
Duela gutxi ikasi nuen "inefable" hitzaren esanahia. Hitzez azaldu ezin dena. Hitz horrek ezin hobeto laburtzen du mendian sentitzen detena.
Eduard Punset idazle, politikari eta dibulgatzaile handiari pare bat galdera egiteko aukera izan nuen behin, duela hamarnaka urte, Bilbon eman zuen hitzaldi baten harira. Galdetu nion zein den zoriontasunaren sekretua. "La ausencia del miedo", esan zidan.
Gizakia bizitzara etorri dela barrua zerk mugiarazten dion deskubritzera, ikigai-a, "la razón de ser", eta hori aurkitzen duenean, orduan aurkitzen diola bizitzari benetako zentzua. "Como el surfista que espera la ola", esan zidan. "Si todavia no lo has encontrado, tienes toda la vida para encontrarlo".
Anboto, familiarekin
Neure buruari hitz eman nion bila eta bila arituko nintzela, nire ikigai-a aurkitu arte. Frustrazioa ere sentitu izan det inoiz, bilaketa horretan, galduta. Urko lagun psikologoarekin askotan hitz egiten det honetaz guztiaz. Pixkanaka ohartu naiz, oso agerikoa dela nire olatua zein den. Nire argazki bilduma ikusi besterik ez dago.
Europako Mendietan izan berri naiz lagun batekin, Urriellu handia eskalatzen. Bat etorri ginen mendian gaudenean ateratzen dela gure esentzia, orduan garela zoriontasun betean, orduan ematen dugula onena. Osasuna da niretzat.
Urriellu, Naranjo de Bulnes
Liburu zoragarri batekin amaitu nahi det gaurko errezeta: Bajo los cielos de Asia, Iñaki Ochoa de Olzarena. Hark idatzitakoak bertatik bertara banengo bezala irudikatu eta sentitzen saiatu naiz: nekea, hotza, gosea, bakardadea, beldurra, maitasuna, poza. Muturreko sentimendu guztiak. Gau asko alaitu dizkit, negar eginarazi eta pentsarazi ere bai. Baina batez ere, era batera edo bestera, mendian jarraitzeko gogoa eman dit, bizirik nagoen bitartean.
Annapurnan hil zen naparraren erreskate hunkigarria kontatzen duen dokumentala ere ikusgarria da oso.
Siempre alguien quiere saber la razón por la cual abandonamos nuestra sociedad de dinero, confort y seguridad para hacer algo tan poco provechoso como subir para después bajar, y a veces ni eso. “Bajo los cielos de Asia”, Ochoa de Olza.
ENDORFINAK
Aste Santua ate joka, eta mugak itxita. Eskerrak Euskal Herrian mendi artean bizi garen! Askok eskatu didazuenez. gaztarik gabeko gazta tartaren errezetarekin nator gaur. Coco-tarta esaten diogu etxean.
Osagarriak:
🍰 Oinarria:
150 gramo almendra
100 gramo datil
Koilarakada bat koko olio
🍰 Orea:
200 gramo anakardo
120 gramo datil
400 ml koko esne
Limoi zuku pixka bat
🍰 Gainaldea:
Fruitu gorrien marmelada
Oinarria egiteko, osagarri guztiak nahasi eta txikitu behar ditugu. Birrintzeko makina erabiltzen det nik. Datilak aurrez beratzea komeni da. Orea ontzi batean zabalduko degu sardeska baten laguntzaz. Ondoren, satu hozkailuan trinkotzeko.
Orea egitea ere oso erraza da: osagarri guztiak nahasi eta birrintzea da kontua. Oinarria egiterakoan bezala, anakardoak eta datilak aurrez beratzea komeni da, pare bat orduz. Orea osatuta daukagunean, atera ontzia hozkailutik eta gehitu oinarriaren gainera. Sartu berriz hozkailuan.
Gainaldean edozer bota dakioke tarta honi. Guk fruitu gorrien marmelada bota diogu, ahabiak eta mugurdiak kanela pixka batekin egosita egindako marmelada.
Osagarri ugari dituen tarta izan arren oso erraza da egiten. Alde "txar" bakarra, adikzio bihur litekeela. Dena den, ohiko gazta tarta baino osasuntsuagoa dela esango nuke. Mendi buelta eder batean askatutako endorfina kopuru bera askaraziko dizu tarta honek, seguru!
Oharra: energia aurrezteko, egin hainbat pastel elkarren segidan. Labea martxan jarri aurretik, zer kozinatuko dudan erabakitzen det nik, eta ondoren, pastel bat bestearen atzetik egiten det.
MOUNTAIN OBSESSION
-Oraintxe bertan, zer egingo zenuke mugarik izango ez bagenu?
-Pirinioetako aterpetxeren batean lagunekin ardoa edanez afaldu, menditik bueltan.
-Très bien!
Aitz Txiki
Aspaldi nago ezer idatzi gabe eta, urte berri on!!!! Gaur ogia egiteko beste errezeta batekin nator, arbendola edo almendra irinarekin egindakoa! Erdi bizkotxo erdi ogi aterako zaizue. Adi osagarriei.
🍞 4 arrautza
🍞 300 gr arbendola txikitu (alternatiba: 150 gr arbendola + 150 gr artobeltz irin)
🍞 50 ml arroz esne
🍞 Bikarbonato pixka bat (edo legami ekologikoa)
🍞 Gatz pixka bat
🍞 Limoi zuku pixka bat
🍞 Ekilore pipak
Lehenik eta behin, bereizi gorringoak eta zuringoak. Nahasi zuringoak limoi zuku tanta batzuekin eta jo elur itxuran. Txikitu arbendolak, nik birrintzeko makinan egiten det. Ontzi batean nahasi osagai lehorrak: almendra eta artobeltz irina, bikarbonatoa eta gatza. Gehitu esnea eta arrautzen gorringoak. Azkenik, gehitu oreari zuringoak elur itxuran. Orea laberako ontzian sartu eta apaindu ekilore pipekin. 180 graduan 35-40 bat minutuz edukitzen det egosten. Gogoratu espezie eta haziak gehitzea zaporea pizteko: curcuma, jengibre, mahaspasak...
Denbora asko daramadanez errezetarik igo gabe, gaur bi jarriko dizkizuet. Granola etxean egitea oso erraza da, eta ohiko granola eta zerealak baino askoz osasuntsuagoa. Nik neuk sarri egiten det, mendira eramateko. Aukeratu fruitu lehorrak (nik hauek erabiltzen ditut: arbendolak, anakardoak, gogji baiak, mahaspasak, arroz puztua...), zabaldu laberako ontzi zapal batean eta busti gainetik coco olioarekin eta eztiarekin. Egosi 20 minutuz 180 gaduan eta kito! Kristalezko ontzi batean gordetzen det.
2020a ezberdin amaitu nuela badakizue askok, 2021a ere ezberdin hasi det ondorioz. Osatze bidean nago eta pixkanaka indarra hartzen. Etxeko mendietan ahalik eta gehien gozatu eta burua entrenatzen. Eta, noski, negua mugaz josirik doanez, udaberri-udako ametsen zerrenda osatzen ari gara, buru-belarri. :-)
Aizkorri
Proiektu berriak ere ate joka dauzkagu, sare sozialetan elkarrizketa interesgarriak egiten saiatuko naiz zuzenean. Zuen ekarpena ere lagungarri izango zait bide horretan. Gogoratu: zaindu pentsamenduak, zaindu elikadura eta zaindu gorputza.
Amaitu berri ditudan eta esku artean dauzkadan liburu batzuk:
MENDIZALETASUN ETILIKOA
Russel-Margalida ertza (Aneto-Maladeta)
-Zortzigarren marianitoa hartu det. Se nos esta yendo de las manos.
-Nik enegarrenez ikusi ditut Russel-Margalidako argazkiak.
-Mendizaletasun etilikoa.
Vallibierna
Kaixo, mendizaleok! Zer moduz hasi dezue bigarren alarma egoera? Guk Euskal Herriko mendietan ase ditugu Pirinioetarako geneuzkan asmoak. Tres bien! Birusaren bigarren olatuan surfeatzea, ez daukagu besterik.
Txindoki
Alluitz-Anboto ertza
Larunbatean Alluitz-Anbotoko ertza egin genuen lagun batek eta biok. Sei bat aldiz osatua det, eta joaten naizen bakoitzean are ederragoa iruditzen zait. Atzo, berriz, ekaitzak hartua zuenez Aizkorri, Txindokira joan ginen. Euskal Matterhorn!
Menditik bueltan, sagar tarta prestatu genuen arratsalde euritsua alaitzeko. Espectaculo hau ere! Adi errezetari, askok eskau diguzue eta.
Osagarriak:
🍰 Bi errezil sagar handi (ez badira oso handiak 3)
🍰 70 gramo arroz irin
🍰 Oliba olioa
🍰 100 ml arroz-esne
🍰 Canela hautsa
🍰 Bi arrautza
🍰 Agave ziropa
🍰 Bikarbonato pixka bat (edo labean egosteko hautsak)
Ontzi sakon batean nahasi bi arrautzak gatz pixka batekin eta ziroparekin. Gehitu olioa eta esnea, eta nahasi. Ondoren, gehitu irina pixkanaka, orea osatu arte. Zuritu sagarrak eta moztu fin-fin. Bitartean jarri berotzen labea, 200 graduan. Gehitu sagarra prestatu dugun orera eta laberako ontzi batean jaurti. Gainetik edozer bota dakioke, guk canella hautsa bota diogu baina anakardo eta datil marmeladarekin probatuko dugu hurrengoan. Labea bero dagoenean, egosi 40 bat minutuz.
Mussales (Tena bailara)
Salenques-Tempestades (Aneto), Russel-Margalidatik
Udazken eta negurako mendiko ametsak zerrendatzen hasiak ginen, baina, ez dakigu datozen asteburuetan Pirinioetara joateko aukerarik izango dugun. Nolanahi ere, Euskal Herrian mendi zoragarriak dauzkagu, grina asetzeko. Bide arruntez harago, ertz eta bide ezkutuak deskubritzen saiatuko gara gu. Madril, Valentzia edo Galiza balitz bezala, Nafarroara ezin joateak, horrek sutzen gaitu gehien.
Que vida aquella, de dulce patxaran y rancheras, en la bella y diversa navarra.
Refugio Cap de Llauset
ALPINISMO BISEXUAL
San Adriango koba, Aratz-Aizkorri (Argazkia: Jorge-Dihinx)
Egun on! Zer moduz doa, uda? Nirea amazing! Mendiko ametsen zerrenda gero eta luzeagoa da, baina betetako ametsak ere gero eta gehiago dira. :-) Alpeetan eta Pirinioetan izan gara oporretan. Bi astez lan egitea egokitzen zaigunez, Euskal Herriko mendietan ari gara asetzen.
Aurten ez dago lasterketarik, eta, mendian ez degu barritarik jaten, benetako jana baino ez. Gaurkoan krepak egiteko errezeta errez batekin nator, esnekirik eta glutenik gabekoa, noski.
Osagarriak:
60 gramo artobeltz
Banana heldu bat
2 arrautza
Canella hautsa
Olio ttantto bat
Artobeltza ontzi batean jarri, urez tapatu eta beratzen utzi hainbat orduz. Nik goizean jarri nuen eta arratsaldean egin nituen krepak. Artobeltza landare bat da izatez, nahiz guk zerealtzat hartu, landarearen haziak dira kontsumitzen ditugunak. Ikusi Elena Corralesen blog hau artobeltzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko.
Gorbeia
Artobeltza beratuta, samur dagoenean, gehitu bi arrautza eta banana heldu bat eta birrindu orea egin arte. Zartagin batean coco edo oliba olio pixka bat jarri eta bota orearen zati bat. Egin kontu su altuan egin behar direla krepak, baina gertutik zainduta, erre ez daitezen. Burbuilak ateratzen direnean buelta eman beste aldetik egiteko.
Krepak izugarri goxoak dira, gosaltzeko nahiz askaritarako. Oso erraz prestatzen dira eta hauek ez daukate ez esnekirik ez glutenik. Gaziak eta gozoak egin genituen atzo:
Krep gozoak:
- Laktosarik gabeko jogurt naturala barruan. Gainetik, eztia eta fruitu gorriak.
- Algarroba kremarekin eta marmeladarekin ere probatu ditugu.
Krep gaziak:
- Indioilar edo urdaiazpiko xerrak, aguakate eta garbantzu hummusarekin. Gainetik gomasio pixka bat.
- Mexikar erako takoak ere egin izan ditugu: oilasko zatiak eta barazkiak sartu, eta jogurt saltsarekin edo azenario hummusarekin busti.
Gure amak esaten duen bezala, etxean egindako gozokiak, tea eta gustuko liburu bat, planazo! Une honetan, liburu hauek dauzkat esku artean:
Artobeltzarekin eginiko errezeta gehiago nahi badituzu, ikusi hemen.
Txindoki
Gogoratu, ezer espero ez dezunean, dena iristen da. ;-)
IKIGAI ETA TXOKOLATE BROWNIEA
Badakit bai, denbora igaro da azken errezeta ekarri nuenetik. Badakizue non egon naizen? Mendian. Oinez eta buruz. Nago, obsesio bihurtzen ari ez ote zaidan. Anyway, hemen garete, errezeta eder batekin. Txokolate zalea bazara, adi brownie osasuntsu honi!
Osagarri hauek erabili ditugu:
▪️ Hezurrik gabeko 10 datil
▪️ 2 babana heldu
▪️ 60 gr kakao hauts (nik koiperik gabekoa, desgrasatua)
▪️ 190gr fruitu lehor (nik almendrak eta anakardoak erabili ditut)
▪️ 60ml oliba olio
▪️ Canella hauts pixka bat
▪️ 2 babana heldu
▪️ 60 gr kakao hauts (nik koiperik gabekoa, desgrasatua)
▪️ 190gr fruitu lehor (nik almendrak eta anakardoak erabili ditut)
▪️ 60ml oliba olio
▪️ Canella hauts pixka bat
Ilunabarra Getaria eta Zumaia artean
Lau bat orduz beratzen ipini ditut datilak eta fruitu lehorrak, bigundu daitezen. Birrintzeko makina potentea izanez gero, ez duzu beratzen ipintzeko beharrik izango. Birrindu osagai guztiak ore mardul bat lortu arte. Bitartean, jarri labea berotzen, 160 graduan.
Jarri orea ontzi txikietan. Nik coco hautsa bota diot gainean. Egosi 20-25 minutuz. Denbora hori igarotzen denean, atera labetik eta hozten utzi ontzitik atera aurretik.
Untzillaitz, Atxarte
Alkimista irakurtzen hasi naiz orain gutxi, konfinamenduan osatutako zerrendan enegarren liburua. "Zerbait desio duzunean, mundua lerrokatu egiten da, desio hori lor dezazun". Liburu hau nire eskuetara iristea ere, ez da kasualitatea. Ezagutzenek ondo dakite segundo bakoitza azkena balitz bezala bizi dudala. Ez det bizitza bestela ulertzen.
Palomares ertza, Kantabriako mendiak
Alkimista irakurtzen ari naizela akordatu naiz nola Urkok behin azaldu zidan, japoniar kulturaren arabera, izaki guztiek "ikigai" bat daukagula. Japoniarrez "bizitzeko arrazoia" edo "izateko arrazoia" esan nahi du "ikigai"k:
- iki > bizitza
- kai > desio edo espero duzuna gauzatzea
Ikigai teoriari buruzko informazio gehiago, hemen.
Duela urte batzuk Eduard Punset katalan zientzalari eta pentsalaria etorri zen Bilbora. Bost minutuz pare bat galdera egiteko aukera izan nuen, beste ehunka kazetariren artean. Zoriontasunaren sekretua zein zen galdetu nion.
-"La ausencia del miedo" esan zidan. "Tienes que encontrar aquello que te hace vibrar, como el surfista que espera la ola. Si no lo has encontrado, tranquila, tienes toda la vida para ello".
Untzillaitzeko plaka horiak
Punseten hitz haiek iltzatuta dauzkat buruan, eta ordutik nire ikigai-aren bila dihardut. Askotan, ordea, sentitzen det, muturren aurrean daukadala, bila ari naizela, eta hor dagoela. Uste det, bizitza bera dela nire ikigai-a, bere osoan.
Egunak daramatzat janagatik elikatu gabe, lo eginagatik atseden hartu gabe. Bizitzak desio dudan gauza asko ekartzen ari zaizkidalako: maitasuna, mendiko ametsak, laneko erronkak, osasuna, eta batez ere, lagunak. Gainezka egitera iritsi naiz. Halakoa izaten ari da lagun eta maitasun oldea, nire baitara egoteko beharra sentitu det, bakar-bakarrik.
Mendiko ametsen zerrenda
Egin browniea, egin zure ametsen zerrenda, eta eraiki zure ikigai-a. Denok gara gure bizitzaren alkimistak.
Palomares ertza
WASAPP-A ETA KALABAZIN PASTELA
Ostiral on!
Aurreko post-ean (Covid-19) azaldu nizuen nola ari naizen pasatzen konfinamendua. Ba al dakizue zein izan den nire azken errezeta? Wasapp-a itzaltzea. Lau egun egin ditut hura itzalita eta, ez dakizue nola aldatu zaidan egunerokoa! Egunak 24 ordu baino gehiago izan ditzakeela ohartu naiz.
Egunsentia Karakaten
Amaitu berri dut "Donde tus sueños te lleven" liburua. Amaizing! Bai, Pablo Motosen hitzaurreak atzeraka ematen die askori, baina zinez merezi du irakurtzea liburua. Istorioa Himalaian kokatuta dagoelako, pertsona orok inoiz edo behin bizitzen dugun depresio garai bat delako muina, eta batez ere, erakusten duelako neurri handi batean gure esku dagoela iluntasunean argi egitea.
Konfinamenduko askari bikain bat
Ohe burua liburuz beteta daukat, beste bi ere erosi berri ditut Pitxintxun. Liburuekin ere, mendiarekin bezala, obsesionatzen ari oten naizen... Pantailan zenbat eta gutxiago, naturan eta paperean orduan eta gehiago.
Karakateko koloreak, euria egin berritan
Sukaldean ere izugarri ari naiz gozatzen. Azken egunotan pastelaren errezeta egokitzen aritu naiz, eta etxean bozketa egin ostean, hauxe garaile!
Osagarriak:
🍰 Kalabazina 95 gramo
🍰 Kalabaza
🍰 Azenarioa
🍰 Sagarra
🍰 Platanoa
🍰 Arroz irina (250 gramo)
🍰 Bi arrautza
🍰 Bikarbonatoa
🍰 Agave ziropa
🍰 Kanella hautsa
🍰 Txokolate beltza
🍰 60 ml oliba olio
Auguille de Marbrees, Italiako Alpeak (2019)
Ontzi sakon batean nahasi osagarri lehorrak: irina, bikarbonatoa, kanela hautsa... Beste ontzi batean nahasi osagarri likidoak: oliba olioa, ziropa, arrautzak eta barazki-frutak. Pastel honen sekretua kalabazina eta sagarra dira baina azenarioa eta platanoa ere gehitu izan ditut eta izugarri goxoa ateratzen da. Nik neuk sagar oso bat birrintzen det eta ondoren beste baten erdia laukitxotan gehitu, birrindu gabe.
Bi ontzietako osagarriak elkarrekin nahasi eta orea egin. Mahaspasak, mugurdiak eta ahabiak ere gehitu izan ditut nik, birrindu gabe, osorik. Eta gainealdean coco-hautsa bota. Labea 180 graduan berotuta dagoela, 55 bat minutuz egosi.
Asteburua ate joka daukagula, zer plan egingo duzu? Guk argi daukagu: Karakate, bizikleta, liburuak irakurri, film ederren bat ikusi, kozinatu eta arno pixka bat edan. Liburu gomendagarri batzuk doazkizu hemen. Gozatu!
******************************************************************************************************
KONFINAMENDUARI, OGIA
-Zer moduz konfinamendua, Ainho?
-Ba egia esan, zoragarri!
-No me jodas, Ainho.
-Ba... egia da, labur geratuko zait konfinamendua...
-En fin.
Limone Extreme, 2018 (Argazkia: Igone Campos)
Elkarrizketa hori izan dut egunotan lagun batekin baino gehiagorekin. Zer gertatzen zaigu? Ez al gara gai bizitzaren ikasketa barneratzeko? Bizitzan denok behar omen degu une batez STOP egitea. Istripu bat, lana galtzea, lesio bat. Bizitzak badaki gu nola geldiarazi. Orain ere bai. Aukera hau baliatu ordez, zergatik egiten diogu aurka etengabe? Mal.
Korrika, 2019
Mendira joateko irrikaz nago. Bai, izugarri amesten det mendiarekin. Horixe botatzen det faltan gehien. Beste gauza batzuk ere bai, baina edozer emango nuke mendira joateagatik.
Hala ere, etxezaleontzat, bizitza maite dogunontzat, izugarri garai oparoa izaten ari da. Esango dizut zer ari naizen egiten lanik ez dudan egunetan?
-Lo
-Entrenatu (nahiz indoor kirola gorroto dudan)
-Meditatu
-Dantza, bakarrik eta lagunarekin
-Abestu
-Afari oparoak bizilagun jatorrekin
-Arnoa edan
-Bete nahi ditudan ametsen zerrenda idatzi
-Mendiko argazkiak ikusi
-Lagunekin presarik gabe hitz egin
-Irakurri
-Infusioak hartu
-Etxea apaindu (garbitu ez, apaindu)
-Ingelesa ikasi
-Filmak ikusi
-Maitatu
-Errezetak irakurri
-Idatzi
-Neure burua zaindu
-Barre, neurri gabe
-Barre, neurri gabe
Eta noski, kozinatu. Neuretzat eta ingurukoentzat. Ogia egiteko hainbat errezeta probatzeko aukera izan det egunotan eta uste det gustukoena aurkitu dudala. Arroz irinez eginiko hauxe. Egin kontu osagaiei!
🍞 110 gr ur
🍞 Gatz apur bat
🍞 10 gr Psylliumpsyllium (Glutenaren ordez erabiliko degu psyllium hautsa. Beherakoaz bazabiltza ez zaizu komeni)
🍞 Bikarbonato pixka bat (limoi urarekin aktibatuta) (ekodendako legamiarekin ere probatu det eta ondo ematen du)
🍞 Maca hautsa (gustatuz gero, ukitu ederra ematen dio)
Nahasi arroz irina, gatza eta psyllium hautsa. Aktibatu bikarbonatoa limoi uretan. Bi nahasteak nahasi, eta orea egin. Hasieran ore apurtua izango da, baina oratu eskuez. Jarri musika (Hauxe adibidez, Guantanamera), eta oratu abestiak iraun bitartean (kar, kar). Egin bola bat, eta utzi ontzi batean trapu batez estalita, bi edo hiru orduz.
Denbora hori igarotzen denean, oratu berriz eta eman ogi luzetxo baten forma. Ez ahaztu, labanaz mozketak egin, barnealdea hobeto egin dadin labean. Berotu labea 250 gradura eta bero denean, sartu orea eta egosi 20-25 minutuz 220 graduan. Voilá!
Bai, nik ere, egoera hau amaitzea nahi det. Baina ez lehengora itzultzeko. Ikasketa batekin atera nahi det honetatik. Nork egin dezala bere hausnarketa. Ni inoiz baino bizizaleago naiz konfinamendua hasi zenetik.
********************************************
GOSARI
ASKOTARIKOAK
Saharako
egonaldia hitz batez laburbildu beharko banu, hauxe aukeratuko nuke:
lasaitasuna. Astebetez, ezagutu berri nituen lagunekin nahi
beste orduz hitz egiteko aukera izan nuen.
Ez dut sekula ahaztuko sentsazio hori. Deseroso sentiarazten ez
gintuzten mila isilunerekin nor bere baitara murgilduta, eta eroso
sentiarazten gintuzten milaka elkarrizketa partekatuta.
Ezinbestean
elikadura kontuak ere atera ziren mahai gainera. Batez ere, nire
jateko moduarekin zur eta lur zeudelako euskal babarrunzale,
txuletazale, ogizale, gaztazale amorratu maiteak (kar, kar).
Neure
sen txaposoari jarraituz, saiatu nintzen haien ohiturak aldatzen. Ez
det uste ezer lortu nuenik. Hala ere, gogoan daukat goiz batean,
gosaltzen ari ginelarik, hauxe bota zidala lagun bihotzeko batek:
kafesnea eta tostadak, ez? Zer gosaldu behar dut orduan, loramen? Ezin nuen
aukera pasatzen utzi, eta askotariko gosarien zerrendatxo bat egin
nion.
Etxeko erreginarekin, Mahyuba Mahfri
Zuek ere eskatu didazuenez, hauxe da, Tindoufeko hareagunean
egindako proposamen sorta:
🍚 Arroz-esnea:
lehenengo mendiko errezetan aipatu
nizuen bezala, arroz-esnea da nire eguneroko gosaria, era guztietako gehigarri goxoekin osatzen det: banana,
maca, canella hautsa, sagarra...
Baina, tarteka, aldatzeko gogoa sortzen zait, eta hamaika aukera osasungarri dauzkat:
🍚Smoothie-ak: laktosarik gabeko jogurt naturala oinarrian, eta gainetik, mugurdi eta ahabi marmelada, arroz malutak, sagar konpota, maca hautsa eta polen pinportak.
🍞 Askotariko tostak: glutenik gabeko ogia, oliba olioa, indioilar paparra, aguakatea eta gomasio hautsa gainetik. Gomasio hautsa aurkikuntza handia izan da. Mendiko egonaldi eder batean lagun mendizaleek eginiko oparia. Gatzaren ordezkoa, gatza eta sesamo haziekin eginiko bizigarria. Japoniar sukaldaritzan oso erabilia.
🍌 Banana xerrak, canella hautsarekin gainetik.
ᅠ
🍳 Bi arrautzaz eginiko tortila. Askotan, indioilar paparrarekin edo perretxikoekin.
🍳 Galeper arrautzak. Propietate asko dauzkate. Egosita jateko, nahiz uretan frijituta, ogi gainean, izugarri goxoak dira.
🍞 Askotariko tostak: glutenik gabeko ogia, oliba olioa, urdaiazpikoa edo indioilar paparra, azenario xehetua eta gomasio hautsa gainetik.
🍌 Irabiakiak: uste det lehen ere esan dizuedala, zukua baino hobe da fruta osorik jatea, edo bestela, frutak birrintzea. Bai, haurrei bezala. Nik batido edo irabiaki asko hartzen det. Gosaritarako, askaritarako, eta bazkaldu aurretik ere bai.
Hesteak garbitzeko, bazkal aurretik irabiaki bat hartzea gomendatu zidan Itziarrek. Mila osagarri zeuzkan: brokolia, fruitu gorriak, apioa, anana, mango, kurkuma, jengibrea, azenarioa, sagarra, wakame alga eta tartean berakatz beltza. Berakatz beltza oso ona omen da hesteetako parasitoak garbitzeko. (Itziarren webguneko atal honetan antzeko batido asko aurkituko dituzu)
🍏 Irabiaki berdea: sagarra, azenarioa, apioa, espinakak, kale...
🍌 Banana irabiakia: arroz-esnea eta banana birrindu, eta canella pixka bat gehitu.
Izan zintzoa eta aitortu: ez zenuen uste halako gosari osasuntsu oparoak egin zitezkeenik. Gosaltzeko ilusioa berpiztu zaizu, eta hemendik aurrera, pozik esnatuko zara, azukrerik gabeko gosari zoragarri batez gozatzeko. Ez al da ala? (kar, kar)
********************************************************************************************************
********************************************************************************************************
PORRU PUDINGA
Araotz
Kanpoan ez denez giro, mendi buelta bat egin ostean, plan ezin hobea da sukaldean aritzea. Porruekin eginiko puding-aren errezetarekin nator gaur. Oso erraza da, eta goxo-goxoa. Osagai hauek beharko ditugu:
🥗 Bi porru handi
🥗 Patata handi bat
🥗 Bi arrautza
🥗 200 mililitro arroz-esne
🥗 Gatz pixka bat
🥗 Pipermin pixka bat
Moztu porrua xerratan eta patata laukitxotan. Zartagin batean jarri olio pixka bat eta bero dagoenean bota porru-xerrak. Egin 5 bat minutuz. Gehitu patata eta egin beste 5 minutuz. Bi osagaiak eginda daudenean, nahasi arrautzekin eta esnearekin eta birrindu. Oreari gatz pixka bat eta pipermina bota.
Labea 180 graduan dagoela egosi orea 25 bat minutuz, eta kito!
Bilboko Kafe Antzokian zoragarri ematen dute jaten. Hantxe probatu nuen lehen aldiz porru-pastela edo pudinga, eta, maitemindu egin nintzen. Ordutik, sarri-sarri egiten dugu etxean. Azkenekoz Alluitz-Anbotoko ertza egitera joan ginenean, horixe izan zen gure jatekoa. Porru puding-a eraman genuen motxilan!
Alluitz-Anbotoko ertza
********************************************************************************************************
MARMELADA
Salam, Euskal Herria!
Saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik bueltan. Bidaia ederra bezain gogorra izan da. Ikasgai mordoa ekarri det handik: oso pribilegiatuak garela, gauza on asko dauzkagulako, eta oso geurekoiak, benetan baloratzen ez ditugulako.
Tindouf (Aljeria)
Jatekorik apenas daukan herri batetik etxera itzuli, eta, hozkailua bete jaki goxo aurkitu det. Ez al da eskertzekoa? Azukrerik gabe etxean egiten degun marmelada errezeta errezarekin nator gaur.
Itziarrek gomendatuta konpota eta marmelada egiten hasi nintzen etxean, eta egia esan, aurkikuntza handia izan zen, frutak egosita eta epel jatea oso ona baita sabelerako. Osagai hauek beharko ditugu:
🍎 Sagarrak
🍏 Mugurdiak
🍎 Ahabiak
🍏 Canella makila
🍎 Jengibre hautsa
🍏 Gatza (aukeran)
Lapiko txiki batean hiru hatz ur jartzen ditut, canella makilatxoa egosten jarri eta bota sagar bat txiki zatituta. Ondoren gehitu mugurdiak, ahabiak eta jengibre hauts pixka bat. Jaitsi sua eta egosi. 10 bat minuturen buruan samur-samur egongo dira. Canella makilatxoa kendu eta birrindu egiten det azkenik.
Batzuek gatz apur bat botatzen diote, zaporea indartzeko. Nik neuk bietara egiten det, gatzik gabe ere oso goxoa geratzen da. Fruta kantitatea egin nahi dezun marmelada kopuruaren arabera aukeratu. Sagar konpota egiteko prozesua berbera da, baina ahabirik eta mugurdirik gabe, eta noski, sagar gehiagorekin.
Hala konpota nola marmelada izugarri gustatzen zaizkit jogurtarekin jateko. Nik neuk laktosarik eta azukrerik gabeko jogurta jaten det, esnekiek ez didatelako onik egiten (bide batez, aurki idatziko det hemen coco esnearekin jogurt goxo bat egiteko errezeta!). Esnekiek eragiten diguten kalteari buruz gehiago jakin nahi badezu, irakurri Itziarren artikulu hau. Ogi gainean jateko ere izugarri goxoak dira biak, konpota zein marmelada!
Saharauiarrak euren lurretatik bota zituzten, eta, basamortuko infernuan bizi dira, hamadan, errefuxiatu izaera aitortuta, laguntza humanitario apurrarekin. Astebeteko egonaldia ez da ezer euren infernuan, baina gutxienez, begiak zabaltzeko balio izan dit niri. Bai, XXI. mendean, oraindik ere bada bizitzeko eskubidea ukatu zaion jendea. Saharar errefuxiatuek ez daukate ezer, ez dira bizi, biziraun egiten dute.
Shukraan, Tindouf!
#freesahara
********************************************************************************************************
OGI TERAPEUTIKOA
Al pan pan, y al vino vino!
Zelako gauza ederra den ogia, ezta? Gure etxean postrea baino nahiago ogi zati bat. Gure aiton-amonek eskuz egin eta jaten zuten ogiarekin zerikusirik ez, ordea, guk gaur egun jaten dugunak. Horretan datza egungo ogiaren arazoa.
Bisaurin, eguneko azken argiak
Itziarrekin lanean hasi nintzenean, bi gauza kendu zizkidan errotik: esnekiak eta glutena. Biek ala biek hesteak puzten dituzte eta horrek zaildu egiten du burdina xurgatzeko prozesua, anemiaren etsai, beraz (honen inguruan, Itziarren elkarrizketa interesgarri hau irakur dezakezu, eta beste artikulu hau ere bai). Eta, noski, garia, artoa eta legamia ere fuera (hauei buruzko informazioa, hemen).
Zelako mina eman zidan. Ogirik ez! Eskerrak azaldu zidan glutenik ez daukaten irin asko daudela, eta eskerrak eman zizkidan hainbat errezeta, ogia etxean egiteko (ikusi hemen errezetak).
Arto beltza eta teff irina erabiltzen ditut nik normalean. Itziarrek berak, lagunen batek eta han-hemen irakurritako errezetak neurera moldatzen ditut.
Itziarren errezeta hau ogia egiteko makinan egiten det. Osagaiak (ordena honetan nahasi):
🍞 380 ml ur edo arroz-esne
🍞 2 arrautza
🍞 4 koilarakada oliba-olio
🍞 Himalaiako gatz pixka bat
🍞 390 gramo arto beltz irin
🍞 Canella hautsa
🍞 Curcuma hautsa
🍞 Maca hautsa
🍞 Jengibre hautsa
🍞 Bikarbonatoa
Sartu osagai guztiak ogi-makinan eta aukeratu glutenik gabeko programa. 4 bat ordukoa izango da gutxienez. Ulertuko duzunez, ez da okindegiko ogi txuririk ateratzen, eta are gutxiago, baserriko garai bateko ogi ederra. Baina ogia da, eta ez ditu hesteak hondatzen.
Beste errezeta bat ere probatu det, ogia labean egiteko:
🍞 230 gramo teff irin
🍞 Bultzatzaile ekologikoa (nik ekodendan erosten det, impulsor ecologico)
🍞 10 gramo psylium
🍞 60 gramo ekilore pipak
🍞 2 koilarakada oliba-olio
🍞 280 mililitro ur
🍞 Himalaiako gatza
Ogi hauei azenarioa eta banana ere gehi dakizkieke, halakoekin, erdi ogi erdi bizkotxo modukoak egiten ditut nik.
Zapi batean estalita, ogiok luze irauten dute (hozkailuan agian hobeto). Nik neuk gosari eta askaritarako jaten det asko. Bestalde, mendira goazenean glutenik gabeko moldeko ogia eramaten degu, Itziarrek esan zigun Schar markakoa dela txarrenetan onena (kar, kar).
Gozatu ogiaz, eta ahal dela, beti, mendian eta konpainian!
********************************************************************************************************
AZENARIO HUMUSA
Izugarri gustatzen zait lagunekin afariak egitea, eta are, etxean. Egia da lana areagotu egiten dela etxean kozinatu behar degunean, baina, ez al da ederra zuk zeuk prestatutako platerekin lagunak gozatzen ikustea? Nire kasuan, mendiak eta gauza gutxik gainditu dezaketen sentsazioa da hori. Hain zuzen ere, gaur azalduko dizuedan errezeta lagun batekin egindako etxe-afari batean deskubritu nuen.
Anbotoko ertza, Alluitzetik
Lanetik irten eta bere etxean afaltzera gonbidatu ninduen. Sarrerako gisa, laranja koloreko ore bat eskaini zidan, glutenik gabeko ogi txigortuan busti eta jateko. Hainbeste gustatu zitzaidan, ordutik nire adikzioen zerrendan dago. Azenario patea edo azenario humusa zela esan zidan, Biblia Vegetariana liburutik ateratako errezeta.
Oso erraza da prestatzen, eta osagai gutxi behar dira, gainera:
😋 Hiru edo lau azenario (egin nahi dugun kantitatearen arabera)
😋 Oliba olio pixka bat
😋 Limoi erdi baten ura
😋 Berakatz ale bat
😋 Curry hautsa
😋 Pipermina
😋 Gomasio
Lehenik eta behin, egosi azenarioak. Nik neuk beti lurrenean egosten ditut barazkiak. Aspaldi irakurri nuen uretan egosiz gero, propietateak galtzen dituztela. Niri tente samar daudela jatea gustatzen zaidanez, lurrunetan egosteak aukera ematen dit egosi ahala nola doazen ikusteko.
Azenarioak egosita ditugula, ez zaigu ia ezer falta errezeta amaitzeko. Azenario zatiak ontzi batean sartu eta gehitu oliba olio pixka bat, limoi erdiaren ura, berakatz ale bat, curry hauts pixka bat eta pipermina. Birrindu dena. Orea sendoegia bada, gehitu ur pixka bat arintzeko. Gainetik gomasio pixka bat botata, izugarri humus goxoa ordu erdian prest!
Probatu ogi gainean zabalduta. Nik neuk etxean egindako ogia erabiltzen det, glutenik gabekoa, anemiarentzat ez delako komeni glutena jatea (hesteak hondatzen ditu eta elikagaiak xurgatzea oztopatzen du). Beste batzuetan, glutenik gabeko txitxirio natxoak edo ogi txikiak bustitzen ditugu humusean.
Ikusten duzuenez, azenarioarekin milaka errezeta presta daitezke, gozoak eta gaziak. Gorde azenario humus honen errezeta, aurrerago pizzan nola erabiltzen dudan azalduko dizuet. On egin!
Carros de Foc (Kataluniako Pirinioak)
AZENARIO PASTELA
-Tia Ainho, patela!
-Purea, Liher.
-Ex, patela!
-Dakort.
Holaxe ibiltzen gera. Mendizaleak oso gozozaleak zerate. Ilobak baino gehiagotan eskatu didazue azenario pastelaren errezeta (kar, kar). Liburuetan eta interneten milaka errezeta aurkituko dituzue. Nik horiek denak neurera egokitu ditut, esnekiak, legamia, azukrea eta glutena saihesteko.
Urbia, Aizkorriko bidetik
Erabiltzen ditudan osagaiak:
🍰 Arroz irina (160 gr)
🍰 Olioa (180 ml)
🍰 Arroz edo agabe ziropa
🍰 Bikarbonatoa
🍰 Bi arraultza
🍰 Canella
🍰 Bi azenario
🍰 Mugurdiak eta ahabiak (aukeran)
🍰 Sagarra
🍰 Arroz esne pixka bat
Nik neuk osagai guztiak nahasi eta birrindu egiten ditut. Olioa, irina eta ondoren azenarioa eta sagarra. Arraultzak elur itxuran joz gero, orea gehiago puzten da, hori zuk zeuk baloratu nola egin. Nik bietara egiten det. Ondoren, gehitu canella, bikarbonatoa eta agabe ziropa pixka bat. Beharra ikusten badezu, arroz esne pixka bat gehitu dezakezu. Azkenik, gehitu mugurdiak eta ahabiak, baina birrindu gabe!
Orea labean sartzeko moldea ondo aukeratzea oso garrantzitsua izan zen nire kasuan. Handiegia hartuz gero, orea finegia ateratzen zitzaidan eta erre edo lehortu egiten zen labean. Molde estu eta luzanga bat daukat orain, eta honekin primeran moldatzen naiz.
Labea 180 graduan berotuta dagoela, sartu orea eta 50 minutuan prest pastela!!!
Jakina, pastel honek ez dauka gozotegietan saltzen dituztenekin inolako zerikusirik. Nire kasuan, ezta nahi ere! Pastel hau janez, zaila da dijestio astuna izatea, eta benetan da goxo-goxoa. Portzierto, gure etxean beti hartzen degu tearekin lagunduta. Probatu, eta kontatuko didazu. On egin!
Altea
********************************************************************************************************
ARROZ ESNEA
Buruari buelta asko eman ostean (nor naiz ni elikaduraz hitz egiteko?), animatu naiz "mendiko errezeten" bilduma egitera. Askok eskatu didazue errezetak partekatzeko, eta lehenik eta behin, eskerrik asko, bihotz-bihotzez!
Ni ez naiz nutrizionista, ezta elikaduran aditua ere. Nire esperientzia laburrean ezagutu ditudan lagun eta profesionalen gomendioei jarraituz, ahalik eta elikadurarik osasuntsuena edukitzen saiatzen naiz, neure bizimoduari eta gustuei egokituta.
2018ko uztailean Mendia, elikadura eta osasuna testua argitaratu genuen Pyrenaicaren atari honetan. Nire egunerokoan funtsezko bihurtu diren zenbait oinarri jaso genituen testu horretan. Itziar Gonzalez de Arriba eta Urko Arozena lagun eta adituei esker, nire elikadura, egunerokoa eta osasuna nola aldatu diren azaltzen saiatu nintzen. Han jasotakoa da nire oinarria, eta haiek erakutsitako bidean aurrera segitzen dut.
Saiatuko naiz elikaduraren inguruan haiek eta bestek emandako gomendioak hemen zabaltzen, zuei ere lagungarri gertatuko zaizkizuelakoan.
Askok galdetzen didazue zer gosaltzen dudan eta horrekin hastea erabaki dut. Testu askotan aipatu dut harrituta nagoela zenbat azukre kontsumitzen dugun, eta are, konturatu gabe. Nik neuk ere, marmelada, kafea eta laranja zukua hartzen nituen aspaldi gosaritarako. Ohartu nintzen, ordea, gosaldu eta gutxira, buruak lehenengo eta sabelak ondoren, jateko gehiago eskatzen zizkidatela. Itziarrek azaldu zidan, azukrearen mendeko bihurtuak neuzkala gorputza eta burua. Alegia, jan berritan, azukre gorakada nabaritzen nuela, eta haren ostean, beherakada bortitza. Interesa baduzu, irakurri Itziarri eginiko elkarrizketa hau, eta kendu laranja-zukua gosaritik.
Arroza gosaltzea proposatu zidan berak. Bai, ondo irakurri duzu, arroza, egunero eta gosaritan (kar, kar). Harrituta geratu nintzen, baina probatu egin nuen, noski. Gaur arte, ez dut hutsik egin. Akabo azukrearekiko mendekotasun gosea eta akabo mendira joan aurreko digestio astunak.
Arroz-esne goxo bat prestatzen erakutsi zidan Itziarrek. Ez, noski, amonak txikitan prestatzen zigun azukredun arroz-esne mamitsua, baina arroz-esnea.
Hauek dira erabiltzen ditugun osagaiak:
🌾 Arroz integrala edo gorria
🌾 Artatxikia (mijo)
🌾 Arroz esnea
🌾 Canella hautsa
🌾 Kurkuma hautsa
🌾 Jengibre hautsa
🌾 Maca hautsa
🌾 Olo zahia (salvado de avena)
🌾 Sagar konpota
Etxeko hozkailuan beti daukagu arroza egosita, gure elikaduraren oinarria delako, eta plater asko prestatzeko erabiltzen dugulako. Badakizue arroz integralak eta gorriak (baita beltzak ere) zuriak baino denbora gehiago behar dutela egosteko, findu gabe daudelako. Hala ere, oso erraza da egiten: bota arroza lapiko batean eta ondoren gehitu ura, arroza erabat estali arte eta gehiago. Irakiten jarri, bor-borka hasten denean jaitsi sua eta 40 minutuz egosi. Ondoren, kendu ura, eta kito! Arroz-esnea eta gainerako osagaiak gehituta, gosari goxo eta oparoa egingo duzu. Eta nahi baduzu, berehala aterako zara korrika mendira, digestio astunik gabe. Eta gizentzeak kezkatzen bazaitu, zin dagizut marmelada, ogi, zuku eta bestelakoek askoz gehiago gizentzen dutela arroz-esne honek baino. Areago, gosari honekin, gorputza arindu baietz!
Arroz-esne gozoagoa nahi dugunean, arroza arroz-esnetan egosten dugu. Kontu izan, ordea, egosi bitartean esnea lurrunduz joango dela, eta horrenbestez, adi zaindu beharko duzula bukatzen denean esnea gehitzeko.
Errezetekin batera, tarteka osagai bakoitza zer den, zergatik eta zertarako gehitzen dugun azaltzen joango gara nahi baduzue. Oraingoz, errezeta honetan hartu kontuan arrozak integrala behar duela izan, esneak arrozarena eta azukrearen ordez, canella erabiliko dugula.
Gosari honi buruzko informazio gehiago hemen eskuratuko duzu.
Beti bezala, izugarri eskertuko nuke zuen galdera eta iruzkinak jasotzea. On egin!
No hay comentarios:
Publicar un comentario