Karakate da etxean esnatu, etxean gosaldu, eta irteera ordua baino 15 minutu lehenago jaistea herriko plazara. Agurtzea herrikoak eta kanpotik etorritakoak, eta sentitzea ingurukoen urduritasuna eta poza. Karakate da ikustea ama dendatik plazara datorrela, minutu bateko irteera bertatik bertara bizitzeko. Agarre parera iritsi eta ikustea lagunak eta haien seme-alabak txaloka.
Karakate da Julen Ansolaren sentimenduz beteriko argazkiak. Aitzolek maitasunez prestatutako babak. Ikustea elkarrekin urteko 365 egunetan Karakatera igotzen den jendea eta soilik azaroko larunbat seinalatuan igotzen dena. Pitxintxuk egindako txapela eta Mausitxako gazta. Karakate da ikustea 64 urteko aita aspaldiko ametsa betetzen; familia osoa dantzan jarri arren ingurukoek esandakoari entzungor eginda. Piruktisima ere Karakate da. Eta ikustea herri bat ilusioz gainezka: 50 minutuko mendi-ekitaldi batek nola eman dezakeen horrenbeste zeresan, aurretik eta gero. Lagun bihotzeko batek iaz esan zuen: urte osoan zehar egiten duguna Karakaterako prestakuntza besterik ez da, hau munduko txapelketa da.
Jendetza batu da aurten ere Karakaten. Ibon Iparragirre bera ere gurekin izan da. Gorakoan Alberto Zerainekin akordatu naiz. Egona zen Karakateko igoeran, Pakoren garaian. Himalaiara joan aurretik egin genuen afarian hitz egin genuen Karakateko igoeraz. Esan zidan: hemen banaiz, joango naiz. Nanga Parbaten, Mazeno ertzean, dago oraindik.
Mendi lasterketak goraldian daudenetik puri-purian dago mendiaren eta lehiaren arteko eztabaida. Nik neuk ere badut horren inguruko iritzia. Gustuko ez ditudan gauza asko ikusten ditut lasterketetan: besteak beste, mendizaletasunetik gutxi daukaten jokamoldeak. Baina gauza on asko ere ikusten ditut: mendizaletasunera bildu den jendea eta lagun berriak, esaterako. Nik uste dut lehia ez dagoela mendian edo mendi lasterketetan. Lehia gizakiongan dago, eta horrenbestez, gizakiak ukitzen duen arlo gehienetara iristen da lehia. Oraintsu lagun batek esan dit: bai loramen bai, himalaismoan ere bai, alpinismoan ere bai, eta perretxiko batzen. Ia denean dago lehia. Besterik da norberak nola bizi duen. Horixe da gakoa.
Larunbatean bai, erlojuaren aurka joan ginen Karakate gainera. Aurretik batzuk, atzetik besteak. Errekor denboretan batzuk, eta iristea soilik amets zutela bestetzuk. Euskaldunok sortzez gara apustu zaleak. Baina bihotzez diot, Karakate lehia baino askoz gehiago da. Hala sentitzen dut nik, eta hala adierazten didate inguruko lagunek.
Larunbatean aitarekin egin nuen beherako bidea; oinez, kontu-kontari. Egunero bezala Karakateko iturri sendagarrian edan genuen ura, eta Agarreko aska ederrean oinetakoak garbitu. Bertako antoxinak leku berean segitzen du gaur, lore gorri batez apainduta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario