Gangotri sakratuan, Garwhal indiarreko Himalaya muturren, Ganges ibaiaren iturburuan altxatzen da Thalay Sagar malkartsua. 6.904 metro luze, lehen mailako erronka da alpinistentzat, eta leku gurtua bertaratzen diren erromesentzat. Hormatzar honen gailurrera heltzea da Alex Txikon lider duen expedizioaren helburua; Ekaitz Maiz, Felix Criado, Txus Lizarraga, Adrian Legarra eta Daniele Nardi izango ditu sokakide.
Thalay Sagar mendiaren ipar pareta eskalatzea da espedizioaren helburua, kapsula estiloan arituz. Hala, horman gora egin eta biziraun ahal izateko beharrezko material guztia kargatu beharko dute eurekin: sokak, gainerako materiala, hamakak, janaria, ura, arropa… Espedizioaren aurreneko fasea hau guztia hormaren oinarrira hurbiltzean datza. Ondoren, eskalatzeari ekingo diote eta, ondo bidean, 10-12 egunetan hel daitezke tontorrera. Thalay Sagar mendiaren ipar pareta 1.400 metro luze da, eta gradu ezberdineko zailtasunak ditu izotzean, haitzean eta baita terreno mixtoan ere. Goikaldean, gainera, arroka hauskorragoa izan daiteke. Sokakideek ez dute bide jakin bat buruan; aitzitik, nahiago izango dute erabakiak bertatik bertara hartu. Edonola ere, faktore meteorologikoa zeharo baldintzagarria izango da espedizio honetan, eguraldia oso aldakorra baita zonalde honetan: montzoia (eurite garaia, ekaitzak altuera garaietan) amaitu berri da, eta iraila bukaeran iritsiko dira lehenengo elurteak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario