jueves, 26 de abril de 2018

Sandratiren zaindariak




Mendeetan zehar, errege, artzain, merkatari eta erromesek erabili duten igarobide ezagun honen inguruan makina bat testigantza historiko aurkituko dugu.
Sandratiko haitzuloa, Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri eta Aratz mendien zainpean dagoen tunel edo pasabide naturala da. Errege kaltzada zaharrean eta aldi berean, Santiago Bidean kokatuta dagoen bide honek Goierriko harana eta Arabako lautada lotzen ditu, beraz Gaztela eta Europa arteko komunikabide garrantzitsua izan da betidanik. Elezaharrak dioenez, behin Karlos V.a Sandratiko haitzulotik igaro zen. Honek, ez omen zuen sekula inoren aurrean burua makurtu, baina Sandratiko atakan zaldiz zihoala, Araba aldeko irteera oso altuera txikikoa izanik, bertako gotorleku-zaintzailearen aurretik pasatzean, burua makurtu behar izan zuen.
Sancti Spiritu baselizatik Aizkorrira
Kotxeen pasoa eragozten duen buzdinezko langa pasa eta berehala, eskuinera, garai batean mikeleteen etxea izan zenaren ingurura heldu gara. Parez pare dugun aldapa pikoari heldu diogu eta berehala iritsi gara Sancti Spiritu baselizaren ondora. Garai batean, erromesentzat hospitale izan zen ermita hau txikia da, eta leku hau tenplariekin lotu arren ez zaio antzematen militarren aztarnik.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidea seinalatzen duten borobil horiak jarraituz aurrera egin dugu. Laster, aldapa gogortu egin da eta horrek gure erritmoa moteldu du. Tarteka geldiadiren bat egin eta balkoi natural honetatik Zegama aldera dagoen panoramikaz gozatzeko beta hartu dugu. Basotik atera eta gure gainean, haitz zorrotzetik eskegita  Aizkorriko Gurutze Santuko ermita ikusi dugu. Aiztontor Altuaren magaletik marrazten den xenda geroz eta estuagoa da eta aereo samar suertatzen da zenbait tartetan. Azken malda pikoari ekin eta Aizkorriko gailurraren ondoan dagoen ermitara heldu gara. Igoera bikaina!
Paregabea da tontorretik dagoen ikuspegia: Gorbeiako mazizoa, Urbasa, Ernio, Izarraitz, Aralar, Andia eta Durangaldeko mendiak ikusteaz gain, Pirinioetako gailurretako elurraren zuritasuna ikusteko beta izan dugu.
Aizkorritik Aratzera
Hamaiketakoa egin eta Aizkorriko gailurreria osatzen duten mendiei begiradatxo bat bota ostean, martxan jarri gara berriro. Etorritako bidetik atzera egin eta Oltza aldera jaisten den bidean barna berehala galdu dugu altuera. Pagadian murgildu eta berehala, Oltzara doan xenda eskuinera utzi eta Pagazuluetakolepora jaitsi gara. Urbiatik datorren bidearekin bat egin eta Gipuzkoako bira (GR 121) erakusten duten bide-seinale zurigorriak segitu ditugu. Laster, Zalduondotik datorren galtzada zaharrarekin egin dugu topo. Aurrerago, mendi maratoiaren zirkulu horiak berriro agertu zaizkigu eta hauek marrazten duten bidea jarraitzea erabaki dugu. Basotik atera eta lepora iristean, markak utzi eta aurrez aurre dugun Aratz alderako malda pikoari heldu diogu. Kostata baina igo gara Elurzuloko tontorrera. Arnasa errekuperatu orduko gertu dagoen Aratzera jo dugu. Mendi biluzi honen tontorra Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako mugan dagoen karaitzezko mazizoko punturik gorena da.
Aratzetik Lizarretako pasabidera
Abiapuntura itzultzeko unea heldu da eta igotako bidetik jaitsi beharrean, berriro mendi maratoiaren marka horiak ikusi eta jarraitzea erabaki dugu, ohiko bidetik hain zuzen ere. Mendean dugun haranean zehar erraz galdu dugu altuera eta egurrezko bide-seinaleen ondora iristean Lizarretako iturria bilatu dugu. Zintzurra freskatu ondoren, galtzadan barrena Lizarreta edo San Adriango pasabideran bila abiatu gara. Barruan murgildu eta garai batean inguru hauek izan zuten bizitza imajinatzen saiatu gara. Bertan, ermitaren ondoan dagoen panelean idatzita dagoena irakurri dugu. Itxuraz, inguru hauetan, historiaurre garaitik bizi izan da jendea, eta, are gehiago, ehortzia izandako gizaki baten aztarnak ere aurkitu ziren galerietako batean. Erromatarren garaiko aztarnak ere badira.
Erdi Aroan tunela erabiltzen zela jakina da, eta Gaztela eta Europa lotzeko bide garrantzitsuenetako bat izan omen zen. Bide horretan, gaur egun ere egoera onean dauden  zenbait galtzada egin zituzten. Ibilbide honek zituen arriskuei (lapurrak, eguraldia…) aurre egiteko pasabidea babestea erabaki zuten eta horrela harresiak zituen gotorleku bat eraki zuten. Pasabide honen inguruetan, beste eraikin batzuk ere izan ziren, hala nola Santa Trinidaden izenpeko ermita, gerora Sandrati bihurtua, eta gaur egun San Adrian dena.
Alde batetik bestera zeharkatu eta atzean utzi dugu gure historian hain garrantzitsua izan den tunel, haitzulo, pasabide berezi hau. Mikeleteen etxeraino jaitsi beharrean, eskuinera ikusi  dugun xenda nabarmena hartu dugu eta hau segituz abiapuntura iritsi gara.
Aizkorri eta Aratz, biak ala biak Sandratiren zaindari bikainak!


No hay comentarios:

Publicar un comentario