viernes, 19 de septiembre de 2025

Agorregi: burdina eta ura (SL-Gi 4001)

 

Agorregiko burdinola

Ordubete pasatxo irauten duen ibilbide honek, Pagoetako Natura Parkeko bihotz etnografikora eramango gaitu, Iturrarango Parketxera eta Agorregiko burdinolara hain zuzen ere. Ingurune hau, ehunka urteko tradizio baten lekuko garrantzitsua da, eta bertan dauden eraikin desberdinak bisita gidatuen bidez ezagutu daitezke.  

Iturraran baserria eta interpertazio zentroa 

Jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen XVIII. mendeko Iturraran baserriaren aurrean emango diogu hasiera ibilaldiari. Gertu dagoen aparkalekura jaitsiko gara lorategi botanikoko lorez eta zuhaixkez inguraturik. Aparkalekuaren ondotik ateratzen den bidezidor atsegin bat jarraituko dugu burdinazko bide-seinaleek erakusten duten norabidean.
Atsedenlekua atzean utzi eta pista zabaletik altuera galtzen hasiko gara. Bihurgune batera ailegatzean, uhate bat zeharkatu eta lorategi botanikoaren lurrak utziko ditugu (164 m, 10 min). Pago eta haritzen artean hedatzen den bide erosotik berehala iritsiko gara Agorregiko burdinola eta errotaren ondora (109 m, 20 min).
 
Agorregiko burdinola 

Agorregiko errota 

Burdinola eta erroten multzoa
Euskal Herrian oso garrantzitsua izan zen energia hidraulikoaren erabilera Erdi Aroan eta garai horretakoak dira Agorria burdinolaren lehen erreferentzia historikoak. 1530 urtearen inguruan, Errenazimenduak ekarri zituen zenbait aurrerapenen aurrean lehiatu ezinak burdinolaren itxiera ekarri zuen. Gaur egungo instalazio hidraulikoa 1754an hasi zen eraikitzen eta bere jabea Joaquin Lardizabal Laurgaineko Jauna izan zen.

Hauspoak sortutako sugarrak

Agorregikoa zen burdinola nagusia, eta, bertan lortzen zen burdina, beste burdinola txikietara eraman ohi zen lantzeko. Hiru ziren lanerako behar zituzten lehengaiak: burdin harria, egur-ikatza eta ura. Francisco Ibero arkitekto azpeitiarrak ibai arroaren ur baliabide urriak ahalik eta gehien aprobetxatzeko sistema iraultzaile bat diseinatu zuen. Bi kilometro inguruko luzera zuen ubide sare sistema bat antolatu zuen. Ubideak maila banatatik doaz eta Giltzarriturritik eta Mendierrekatik bildutako ura antepara bikoitzera heltzen zen ubideen bitartez.

Agorregiko hauspoa

Errotarriak

1985ean hasi eta 1991n bukatu ziren birgaitze lanak, eta XVIII. mendearen erdialdera eraiki zeneko diseinuari jarraituz, martxan jartzea lortu zuten. Burdinola eta errotek osatzen duten multzoa, XVIII. mendeko burdingintza ulertzeko adibide bikaina da. Parketxeak, gaur egun,  bisita gidatuen bidez, aukera ematen du burdinola eta errota martxan ikusteko. Orain, ia 300 urte bezala, energia hidraulikoak higiarazten duen hauspo itzelak sua indartzearekin batera, mailu handi bat metala nola kolpatzen duen ikus daiteke, eta energia bera erabiliz, burdinolaren aurrean dagoen errota martxan jartzen da.

Elordiko errota

Burdinola eta bere ondoan dagoen errotari bizkarra eman, eta, ibaiaren paraleloan zabaltzen den pistatik aurrera egingo dugu. Berehala Arginberri errotaren ondotik igaroko gara. Metro batzuk aurrerago Elordiko errota ikusiko dugu (90 m, 30 min). Agorregiko sarrera nagusia gurutzatu eta, bide zabal eta erosotik, egun txakurtegia den Manterola baserri eta burdinolaren hondarrak ezkerrean utziko ditugu. Txakurren zaunkak eta baserria atzen utziko ditugu aparkalekuraino jarraituz (63 m, 45 min).

Burdinazko seinalea

Bertara ailegatu bezain pronto, ezkerrera egingo dugu bide balizatuaren marka zuri eta berdeek  erakusten diguten norabidean. Maldan gora marrazten den lurrezko bide zabaletik eroso beteko dugu bidearen hurrengo tartea. Aurrerago, Lukun atsedenlekutik datorren altxonbidearekin (GR-35) bat egingo dugu (99 m, 55 min). Pistatik aurrera egin eta berehala, aldapa gogortu egiten da ibilera mantsotuz. Bidegurutze batera heltzean, lorategi botanikoan berriro sartzeko uhatea igaro eta minutu gutxi batzuk beranduago abiapuntuan izango gara (189 m, 1 h 10 min).
 
Iturrararan parketxeko sarrera

Iturraran Parketxea
Gaur egun, Iturraran baserria Pagoetako Natura Parkeko Interpretazio Zentroa izateaz gain, bisitarientzako harrera gunea da. Bere jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen  baserri dotore hau XVIII. mendekoa da. Iturrarango lehen erregistroak XV. mendekoak dira, baina 1711ko sute batek suntsitu egin zuen. Zaharberritu ondoren, gaur egungo itxurari eutsi dio. 1984an, Gipuzkoako Foru Aldundiak finka eta baserria erosi zituen, eta zaharberritu egin zituen.

Interpretazio Zentroko irudia 

Interpretazio Zentroko irudia

Baserrian, Pagoetako ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutzera emateko erakusketa iraunkor bat dago. Gainera, jendearentzako hezkuntza eta kultura jarduerak antolatzen ditu, hala nola tailer didaktikoak, bisita gidatuak eta hitzaldiak.

Lorategi botanikoko landarea

Lorategi botanikoko lore bat

Iturrarango Parketxearen inguruan Lorategi Botanikoa dago, 25 hektareako azalera duena, eta horietatik 10 espezie autoktonoek osatzen dituzte. Lorategia 1986an sortu zen, eta bere bildumak 6.000 taxon inguru ditu, batez ere munduko hainbat eskualdetako zuhaixkak eta zuhaitzak. Harrigarria da pentsatzea Euskal Herrian hain leku desberdinetako espezieak landatu daitezkeela, baina bertako mikroklimari esker, euri ugarirekin eta izotzik ezarekin, landare horiek kontserbatzea ahalbidetzen du.

Lorategi botanikoko landarea

Lorategi botanikoko zuhaitza eta bere fruitua

Lorategia 8 gune handitan banatuta dago, bakoitza bere ezaugarri propioekin. Bisitak errazte aldera, 3 km baino gehiagoko luzera duen bidezidor sare bat sortu da. Taxon guztiak behar bezala etiketatuta daude, haien familiari eta jatorriari buruzko informazioarekin. 2003az geroztik, urtero, apirileko azken asteburuan, Landare Berezien Azoka egiten da, eta bertan, herrialde desberdinetako mintegi-bildumazaleek beren bildumak erakusten dituzte. Parketxetik gertu, helburu didaktikoak dituen erlategi bat dago, eta, bisita gidatuen bidez, erleen bizimodua ezagutu eta erlauntzen egitura eta antolakuntza ikus daitezke.


Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario