Hernialde eta Alkiza
herri artean, Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratu zuen eleberri ospetsuan
oinarritutako ibilbidean, euskal literatura eta natura uztartzen dituen
parajeak ezagutuko ditugu. Juan Martin donostiar gazteak, Hernialdetik Alkizako
barnetegira, euskara hobetzeko asmoz, egunero egiten zuen bidea ezagutuko dugu.
Hernialdeko udaletxea
eta Jasokundeko Ama Birjinaren elizaren aurrean dagoen plazan emango diogu
hasiera ibilaldiari. Plaza honetan ikusiko dugu lehen aldiz ibilbidearen
bide-sinbolo berezia izango dena: lau
hortzetako sardea. Ibilbide osoa oso ondo seinaleztatuta dago, eta,
bide-seinale hauekin batera, eleberriarekin zerikusia duten zenbait gune
ikusiko ditugu.
Gurutze-bidean zehar,
Txingurri bailara aldera abiatuko gara. Lehen bidegurutzera iristean,
Lizarbakarrera zuzentzen den bidea utzi (PR-Gi 80), eta, lau hortzetako sardeak
erakusten digun norabidean jarraituko dugu. Laster iritsiko gara lehen gune
berezira, kalbarioaren ondoan etzanda dauden enborren ondora. Eleberriko
pertsonaien protagonisten izenak agertzen dira; Ixabel indigena eta Juan Martin
kalekume euskalduberriarrenak (316 m, 10 min).
Lehen gune berezi hau
atzean laga ondoren, galtzada zaharrean zehar jarraituko dugu hurrengo bide
tartea. Basoan murgilduko gara, eta, pista zabal eta erosoan zehar, bi herrien
arteko mugan dagoen lekuan, bigarren gunera helduko gara. Zutik jarritako
zortzi enborretan dauden eleberriaren paragrafo eta esaldi batzuk irakurri ahal
izango ditugu. Bakoitzean agertzen den QR kodearen bidez, hiztegi eta bestelako
erreferentziei buruzko informazioa jaso daiteke (291 m, 20 min).
Alkizako lurretan
barneratu eta Arana bailara iritsiko gara. Lehen baserrien ondora iristean,
Arritzagako informazio gunea ikusiko dugu. Erdi etzanda dauden sei enborretan,
eleberriaren hiztegiarekin zerikusia duten hainbat hitz eta esamolde agertzen
dira (233 m, 40 min). Mandabe errekaren gainetik pasa, errepidean zehar metro
batzuk bete, eta, Urruzola upategia aldera igotzen den bidea hartuko dugu. Lau
hortzetako bide-seinaleek erakusten duten bideak mahastian barneratuko gaitu,
eta, ataka bat gainditu eta gero, lurrezko pistan barrena aurrera egingo dugu
(305 m, 1 h).
Kilometro erdi
pasatxo bete beharko dugu Etxabetxiki baserriaren ondoraino iristeko. Aurrera
eginez, Hernio-Gazumeko mazizoaren magalean dagoen Alkiza herriaren ikuspegi
osoa edukiko dugu, ederra oso. Zementuzko bideak, Santiago ermitaren eta, honi
atxikita dagoen hilerriraino eramango gaitu. Gertu dugu herrigunea, eta etxea
artean ibiliz, San Martin eliza eta udaletxearen aurrean dagoen plazara
iritsiko gara (334 m, 1 h 25 min).
Plazan, ibilbideari
buruz argibide-taularen dagoen lekutik Arana bailararen ikuspegiaz gozatu
ondoren, Anoetara jaisten den errepidean zehar beteko dugu hurrengo tartea.
Herritik atera aurretik, lau hortzeko sardea duen bide-seinaleak errepidea utzi
behar dugula erakutsiko digu. Xendaren hasieran, ibilbide honen azken
informazio gune berezia ikusiko dugu. Zutik jarritako egurrezko lau enborren
goiko aldean eleberriari buruzko informazio desberdina irakurri ahal izango
dugu (324 m, 1 h 35 min).
Xendak errepideraino
eramango gaitu. Errepidean zehar jaisten jarraitu, eta, gure eskuinera Antzieta
baserri utzita, Alkizara igotzeko hasieran erabili dugun ibilbidearekin bat
egingo dugu. Hernialdera bueltatzeko bidea, dagoeneko ezagutzen dugu (307 m, 2
h 15 min).
Powered by Wikiloc
No hay comentarios:
Publicar un comentario