domingo, 7 de septiembre de 2025

Axitako gaztelua

 

Axitako gazteluaren aurriak

Axitako gazteluak Larraungo iraganbide estrategikoa kontrolatzeko eraiki zuten, eta bide batez gertu zeuden Orarregi eta Garañoko gazteluekin komunikazioa izateko. Biaizpeko Harratea izenez ezagutu aurretik, bertakoek Axitako malkorrak edo Axitarte izenez izendatzen zuten paraje hau.  Hemen deskribatuko dugun ibilbide zirkularra guztiz balizaturik dago (SL-NA 131) eta itzuli osoa burutzeko bide-seinale zuri eta berdeak jarraitu besterik ez dugu. Gotorlekua zegoen muinora doan bidea balizatu gabe badago ere eta arrisku guneak daude.

Etxeberritik abiatu eta berehala seinaleak


Arakilgo Etxeberri herrixkan emango diogu hasiera gure ibilbideari. Herriaren goi aldean eskuinetik ateratzen den porlanezko pistatik kanposantu txikiraino igoko gara. Porlanezko pista amaitzean, langa pasa eta bide zaharrari helduko gatzaizkio haritz gaztez osatutako basoan barneratuz. Abiapuntura itzultzeko erabiliko dugun xenda eskuinera utzi eta sigi-sagan altuera irabaziko dugu. Toki laua igaro eta mendilerroaren bizkarrera ailegatzean, bide-seinaleak utzi eta eskuinetik ateratzen den bidezidorra hartuko dugu.
 
Azken maldan

Gaztelura iristen

Ehiza-postu batzuen ondotik hedatzen den zidorrak harizti txikia zeharkatu ondoren, basotik atera eta malda gogortu egiten da. Bide-seinalerik gabe haitz artean marrazten den xenda ikusgaitzetik lehen balkoira iritsiko gara eta gure mendean Larraun ibaiak zeharkatzen duen ibar estua ikusiko dugu. Aire-ikuspegi zoragarria bezain zorabiagarria. Hemendik tontorreraino dagoen distantzia txikia da, teknikoki ez da zaila baina leku airetikoetara ohituta dagoen jendearentzat soilik gomendagarria, are gutxiago bustita badago. Tarte batzuetan eskuez baliatuz lortuko dugu kaskora igotzea, Axitako gazteluaren aurrien ondora alegia. Indusketen arrastoen ondoan Nafarroa Bizirik ekimenaren oroitarria.
 
Axitako gaztelua

Axitako gazteluan ere euskaraz bizi!

Gaztelu honen izena 1.210 urtean agertu zen lehen aldiz, Antso VII.a Azkarrak “Castelum de Aycita” aipatzen zuelarik inguruko hainbat herritako foruetan. Juan de Eraso ezkutariak esanda, gatazka zibiletan beaumontarrek 1.462an konkistatu zuten gaztelua eta mendi erdi beranduago, 1512an suntsiturik zegoela agertzen da dokumentuetan, Nafarroako konkista gertatu eta aste gutxira. Gazteluak hiru maila  zituen eta oraindik bertan ikus daitezke gazteluaren eta dorrearen hondakinak. Harriz eta zurez eraiki zuten gaztelua, eta sarrera leku helezinean dago, amildegiaren ondoan.
 
Ahizpa handiaren pareta bertikalak

Larraun ibaiaren paraleloan doa bidea

Balizatutako ibilbidera itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu eta lepora ailegatzean, GR 20aren seinale zurigorriak bazter utzi eta eskuinetik beherantz joko dugu egurrezko hesolak erakusten digun norabidean. Bide zabala, Haitz Nagusiaren iparraldeko malkarrean hedatzen den  pagadian murgildu, Arrantzaleen ibilbidea gure ezkerrera utzi eta Larraun ibaiaren ondora eramango gaitu. Behatoki moduko batera ailegatzean, Axitarten Bi Ahizpeko pareta bertikalen ikuspegi bikaina izango dugu eta baliteke eskalatzaileren bat edo beste bertan izatea. Bidezidorra, ibaiaren paraleloan eta pareta bertikalen azpitik zabaltzen da eta jarri berri dituzten baranden laguntzaz kontrako ibaiertzera doan egurrezko zubiaren ondora iritsiko gara. Geureari eutsi eta seinaleei jarraiki, berehala pinudi batera heldu, aldapa pikoa igo, azerien iturriaren ondotik pasa  eta kanposantutik gertu ikusitako bidegurutzera igoko gara, herritik gertu.


 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/axitako-gaztelua.html




No hay comentarios:

Publicar un comentario