jueves, 13 de marzo de 2025

La Vanoiseko glaziarrak

 


La Vanoiseko Parke Nazionala, mendi garai, haran malkartsu eta glaziar bikainez jantzitako ingurune ederra da. Paradisu natural hau Saboiako eskualdeko Tarentaise eta Maurienneko haranen artean hedatzen da eta bertan dauden bost erreserba natural eta 28 herrik, marmota, basahuntz alpetar eta sarrioen bizilekua den Parkeko bihotza babesten dute. Paisaia ikusgarriak marrazten diren lurralde honetako basa-fauna babesteko, bereziki basahuntz eta sarrio alpetarrak, 1963an Parke Naturala izendatu zuten, Frantziako lehena eta Europako mendebaldeko handiena. 3.000 metroko garaiera duten mendien magaletan zehar ehundik gora laku eta hogei glaziar baino gehiago barreiatzen dira. Paisaia harmoniatsua, poema mutua.



1.etapa

Porte de l’Orgère aterpea (1.938 m) – Péclet-Polset aterpea (2.475 m)

Desnibela: 858 m (igo) 321 m (jaitsi)

Denbora: 4 ordu



Egunsentiaren lehen argiak Aiguille Doraneko tontorrean islatzen hasi orduko, Orgèreko aterpea utzi eta maldan gora abiatu gara. Behe lainoak ibarra hartu du eta isiltasuna da nagusi ilaran jarritako mendilagunen artean. Sigi-sagan igo dugu aldaparen lehen zatia eta izerdi tantak kopetatik irristatzen hasterako eguzkiaren izpiek laino mehea zulatu eta mendi magaletako loreek distira berezia hartu dute. Zeharkaldiaren azken egunean igoko dugun Masseko lepoa eta Rateau d’Aussoiseko gailurra behatzeko geldialdi txiki bat egin dugu. Malda leundu da eta Tête Noireko mendiaren magalean marrazten den xendan zehar jarraitu dugu tarteka marmoten txistu ozenak entzuten ditugularik. Bigarren Mundu Gerrako obusen zatiak han hemen barreiaturik. Eskuin aldean Lac de la Partie utzi eta aurrez aurre dugun Chavière leporantz igotzen hasi gara. Lepora iristean, zintzurra freskatu eta metro batzuk gorago dagoen muino batera igo gara Mont Blanc mendiaren zilueta urrutian bilatzeko asmoz. Bidera itzuli eta beherantz egin dugu. Tarteka elurra zapalduz kanposantu itxura duen cahirrez osatutako zelai batera heldu gara. Leku bitxia. Gertu ikusi dugu aterpea eta gogotsu ekin diogu azken metroak betetzeari. Péclet Polset aterpean lekua hartu eta kanpoko mahai batean bazkaldu dugu. Gertu, Pointe de l’Echelleko gailurreria eta bertatik esekitzen den Masse glaziarra.  



Atsedena hartu ostean, motxilak aterpean utzi eta gertu dagoen Blanc lakura jaitsi gara. Zirku bikaina osatzen duten mendi hauen artean izkutatzen den Gebroulaz glaziarraren bila abiatu gara maldan gora. Soufreko lepora iritsi aurretik basahuntz alpetar bat oso gertutik ikusteko parada izan dugu. Ikuskizun paregabea. Lepora igotzean, Péclet eta Polset gailurretatik hedatzen den Gebroulaz glaziar ikusgarriaz gozatu ahal izan dugu, baita Roc du Soufre mendi bitxiaz. Aterpera itzultzeko tenorea.




2.etapa

Péclet-Polset aterpea (2.475 m) -  La Valette aterpea (2.590 m)

Desnibela: 884 m (igo) 769 m (jaitsi)

Denbora: 5 ordu 30’

 


Eguraldi ona lagun martxan jarri gara aterpearen ondotik ateratzen den pistan barrena ibar aldera jaitsiz. Roc de la Pêche aterpetik gertu dauden mendi magal pikoetan bazkatzen dauden behiek Alpeetako postal polita osatzen duten bitartean, bide bazterretan dauden hamaika lore eta landarek gure ibilaldia edertzen dute. Aterpearen eskuin aldetik Chalet de Nants aldera doan bidea hartu beharrean, Les Prioux etxaldera jaitsi gara. Seinale nabarmen batek erakutsi digu La Valettera igotzeko jarraitu beharreko bidea. Aterpera jakiak garraiatzen dituzten bi mandok aurreratu gaituzte eta malda gogortzen doan neurrian, taldea sakabanatzen hasi da. Bide maldatsuaren bazterrak garbitzen ari diren langileak agurtu ostean, Chalet de Nantsera heldu gara. Taldea berriro elkartu eta gogotsu abiatu gara gorantz. Aterpera iritsi aurretik talaia paregabe honek eskaintzen digun ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izan dugu. Aurrez aurre, Roc de la Pêchetik Petit Mont Blancera hedatzen den gailurreria eta behean, berriz, Doron de Chaviere errekak zeharkatzen duen ibar hestu eta berdea. Laster heldu gara La Valetteko aterpea osatzen duten egurrezko hiru etxetxoen ondora. Arropak ikuzi, taldeari argazkiak atera eta egurrezko mahaiaren bueltan bazkaltzen dugun bitartean arratsalderako plana egin dugu.



Aterpean lekua hartu eta gero, taldekide batzuk itzuli txiki bat egitea erabaki dugu. Gertu dugun Pic de la Vieille Femmera igo gara segidan la Valette lakuraino jaitsiz. Bide jakinik gabe, belardian zehar Roc du Tambourrera igotzen hasi gara. Gain aldera iritsi aurretik elurretako loreak (Edelweiss) ikusi ditugu han hemen barreiaturik. Tontorretik Pralognan-la-Vanoise herria gure mendean, eskiatzeko pistak, basoak, zelaiak… Alpeetako leku asko bezala ingurune polita, erakargarria. Hurrengo egunean beteko dugun ibilbidearen zati bat aztertu ondoren, aterpera itzultzeko xenda hartu dugu. Bidean, marmota jolasti batzuekin egin dugu topo.



3.etapa

La Valette aterpea (2.590 m) – Col de la Vanoise aterpea (2.527 m)

Desnibela: 1.117m (igo) 1.180 m (jaitsi)

Denbora: 5 ordu



Hotza esnatu da eguna eta behe lainoak ingurua estali du. Gosaldu, motxilak bizkarreratu eta gogotsu abiatu gara maldan behera. Roc du Tambour mendia inguratu eta Petit Marchet mendiaren ezker aldetik Pas de l’Ânera heldu gara. Bidegurutzean ezkerretik jaisten hasi gara, baina berehala bidea leundu eta Pralognan-la-Vanoise herria inguratzen duen paisaiaz gozatuz aurrera egin dugu. Kate batzuen laguntzaz paso delikatu batzuk gainditu ondoren, Gran Marchet zirkuaren sarreran atseden txiki bat hartu dugu. Basahuntz alpetar eta sarrioz osatutako talde bat gertu daude. Zerua saretzen hasi da eta eguzkiaren izpiek zirkuaren bazterrak koloreztatzen hasi dira. Abiatu orduko, zirkuaren hormetatik jausten diren ur-jauzi ikusgarrien ikuspegia lagun izan dugu geroz eta pikoagoa den aldapa igotzeko. Grand Marchet lepora iristean indarrak berreskuratzeko geldialdi bat egin dugu atzean utzi dugun zirkuari so eginez. Ibarrez aldatu eta Petite eta Grande Aiguille de l’Arcelingo orratzen azpitik zabaltzen den bide hautsitik egin dugu behera kontu handiz. Seiehun metroko altuera galdu ostean, herrira zuzentzen den xenda utzi eta eskuinetik ateratzen denari heldu diogu. Errekaren ondotik doan bide erosoa jarraituz eguzkiaren izpiek distira berezia ematen dioten Arcelin glaziarra ikusi ahal izan dugu. Lehorra dagoen Assiettes lakua zeharkatu eta gero, gertu ikusi dugu La Grande Casse menditzarra eta honen glaziar ikusgarrien mendean dagoen Col de la Vanoiseko aterpe zaharra. Garagardo freskoa lehenbizi eta ondoren motxilatik ateratako janaria jan dugu. Batzuk dutxatu eta atsedena hartzen duten bitartean, lau kidek glaziarretara gerturatzea erabaki dugu.



Etorritako bidetik atzera egin eta berehala maldan gora jarri gara Réchase glaziar aldera. Bidea nahikoa nabarmena da eta erraz egin dugu gora. Laku txiki baten ondora iristean, Xabier eta biok aurrera egitea erabaki dugu elurretan bidea irekiz. Hiru milako kotan dagoen lepo txiki batera iristean Roche Ferran glaziar tzarra agertu zaigu. A ze ikuskizuna! Harri tartean eseri eta itsaso zuri zabalari begira geratu gatzaizkio, biak mutu. Haize hotzak mugitu arazi gaitu eta etorritako bidetik itzuli gara aterpera.          



4.etapa

Col de la Vanoise aterpea (2.527 m) – Arpont aterpea (2.310 m)

Desnibela: 295 m (igo) 512 m (jaitsi)

Denbora: 4 ordu 30’



Gaur eguraldiak ez du aitzakiarik, iragarpenak guztiz bete dira eta eguzkia da nagusi zeru urdinean. Gogotsu abiatu gara Rond eta Col de la Vanoise lakuen ondotik marrazten den bide zabala jarraituz. Ibarraren bukaeran erreka zeharkatu dugu ezkerrera La Leisse harana utziz. Xenda erosoak Bigarren Mundu Gerran erabilitako bunker handi baten ondora eraman gaitu. Geldialdi txiki bat egin eta gero, GR 5eko (GR de Pays du Tour de Haute Maurienne) bide-seinaleek erakutsi digute jarraitu beharreko bidea. La Rocheure ibar luze eta ederraren ikuspegi zabala lagun dugularik aldapa txiki bati ekin diogu. Gora iristean, bide bazterrean eseri eta Dôme de Chasseforet mendiaren magaletatik hedatzen den glaziar bikainari so geratu gara. Berehala jarri gara martxan eta maldan behera metro batzuk bete orduko Lozières lakuen ondora jaitsi gara. Eguraldia lagun atseden luzea egitea erabaki dugu, botak kendu, uretan freskatu, belarretan etzan, igelei argazkiak atera… aukeran! Indarrak berreskuratzean bidera itzuli eta glaziarren urtzaldiek sortutako erreken gainetik pasa ondoren aurrera egin dugu. Arpont aterpera jaisten hasi aurretik sarrio bat (Rupicapra rupicapra) atera zaigu bidera. Aterpean lekua hartu eta kanpoan dagoen egurrezko mahaiaren bueltan bazkaldu dugu. Marmota familia batzuk bizi dira aterpearen inguruan, eta horietako batzuk mendizaleengana gerturatzen dira janaria bilatuz. Marmotakume lotsagabe bat metro batera hurbildu, eskainitako gaileta hatzaparretan hartu eta belarretan eserita jateari ekin dio guk argazkiak ateratzen dizkiogun bitartean. Egun bikaina eta paraje ederrak!



Arratsaldez taldekide gehienak ez dira animatu eta azkenean bakarrik Xabier eta biok Arpont lakurantz igotzea erabaki dugu. Malda pikoari aurre egin eta berehala iritsi gara harkaitz artera. Bidea nabarmena da eta erraz heldu gara Arpont glaziar eta lakuaren ondora. Harkaitz batean eserita denbora apur bat pasa eta gero, etorritako bidetik aterpera itzuli gara.



5.etapa

Arpont aterpea (2.310 m) – Plan Sec aterpea (2.316 m)

Desnibela: 1.212 m (igo) 1.206 m (jaitsi)

Denbora: 5 ordu 30’



Eguraldi goibela dugu gaur, bezperako egunak izan zituen distira eta argitasuna erabat itzali eta desagertu dira. GR 5 ibilbidea jarraituz, Haute Maurienneko eskualdeko lurren gainetik hedatzen den bidea  hartu dugu. Maldan behera jarri, Arpont laku eta glaziarretik indar handiz jaisten den ur-korrontea igaro eta St-Laurent kaperaren ondora iritsi garenerako euri tantak areagotzen hasi dira. Kapak jantzi eta ilaran jarrita egin dugu aurrera. Bidea oso erosoa da, baina ezin izan dugu laino trinkoak estaltzen duen paisaiaz gozatu. Termignon herrira jaisteko bidea ezkerrera utzita, maldan gora abiatu gara ilaran, isilik. Luzea gertatu zaigu, baina Roc de Corneilles mendiaren magalera heltzean eguzkiak zerua zulatu du eta horrek asko animatu gaitu. Kapak erantzi eta sigi-sagan leporaino jaitsi gara. Aussois herriraino zabaltzen diren malda pikoetan burdinezko hesolez landutako bidea hartu dugu. Grasse Combe ingururaino jaitsi, herrira doan bidea utzi eta GR 5aren seinaleak segituz eski pistetara gerturatzen hasi gara. Zerua berriro goibeldu da eta berriro jantzi behar izan ditugu kapak. Bidegurutzera heltzean Plan Sec aterpera iristeko egurrezko hesolak seinalatutako norabidea jarraitu besterik ez dugu behar izan. Egurrez eta harriz egindako hiru etxe alpetar ederrek osatzen dute aterpea, inguru polit eta paregabean kokaturik. Horietako batean lo egiteko lekua hartu ondoren, aldamenean dagoen bestean sartu gara, jangelan hain zuzen ere. Piztuta dagoen tximiniaren inguruan arropak lehortzen jarri ondoren, mahaiaren bueltan eseri  gara aterpeko arduradunari eskatutako potage-a eta omelette-ak jateko. Kanpoan hotz dago eta eguraldiak bere aurpegi txarrena erakusten duenez zaila dugu arratsaldez beste plan bat egiterik. Azkenean amore eman dugu eta motxilatik ateratako liburuak hartuz irakurtzeari ekin diogu. Eguna luzea gerta ez dakigun mus partidak ere antolatu ditugu. Afaldu eta ohera.



6.etapa

Plan Sec aterpea (2.316 m) - Porte de l’Orgère aterpea (1.938 m)

Desnibela: 916 m (igo) 1.294 m (jaitsi)

Denbora: 5 ordu 30’



Bapo gosaldu ondoren eta eguraldi ona lagun, gogotsu ekin diogu azken etapari. Gauean elurra egin du eta goialdeko bazterrak zuritu ditu. Gure mendean urdin turkesa kolorea duten Plan d’Amont eta Plan d’Avant lakuak ditugularik egin dugu aurrera. Pont de la Séteria aldera jasiten ari garen bitartean Le Rateau d’Aussois mendi garaiaren maldetan igo beharreko xenda bilatzen ahalegindu gara. La Fournache aterpera doan bidea eskuin aldera utzi eta berehala iritsi gara zubira. Joan Mari eta biok aurrea hartu diogu taldeari eta erritmo biziagoa markatuz tartea erraz zabaldu dugu. Lehenengo malda pikoak gainditu ostean, Barbier lepora doan bidearekin bat egin dugu. Eguraldi txarra eginez gero, bide honetatik (GR 5) errazago iritsiko ginateke Orgèreko aterpera, baina gaur eguraldia lagun dugu eta Masseko lepora igotzea erabaki dugu. Gauean egindako elurrak zaildu egin digu igoera, lurra bustita dago eta tarte batzuetan izoztuta dago. Lepora heltzean atsedenaldi txiki bat egin dugu Rateau d’Aussois tontorrera igotzeko bide egokiena zein izan daitekeen hatz puntarekin marrazten dugun bitartean. Hasieran izan ezik, ez da bide nabarmenik eta haitz artean ibili gara kontu handiz. Poz handia izan dugu gailurra zapaldu dugunean, argazki batzuk atera, talaia eder horretatik ikusten den paisaiaz gozatu eta poliki poliki hasi gara lepora jaisten. Behera heldu aurretik, taldeko beste lau kide abiatu dira gorantz. Denak elkartzean, etaparen azken zatiari ekin diogu, mila metroko desnibela duen jaitsiera luze eta ederrari. Bidearen erdian taldearen argazkia atera dugu eta Aiguille Doraneko orratzaren azpitik pasatuz iritsi gara helmugara.



Arratsaldez, aterpetik ateratzen den Sentier Nature osatzeari ekin diogu. Ibilbide erraz eta atsegin hau aterpearen azpiko aldetik atera, malda jaitsi eta basoan murgiltzen da. Balizatuta dago. Bide erosoak Masseko lepotik datorren bidearekin bat egiten du pista nagusira heldu aurretik. Guk, erreka aldera jaitsi gara, behiak eta marmotak elkarrengandik gertu bizi diren zelaietara. Belarretan zabaldutako bidea jarraitu dugu borda dotoreen artetik eta aterpera igotzeko azken malda igo dugu. Finitu da!

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/la-vganoiseko-glaziarra-inguratuz.html




 

No hay comentarios:

Publicar un comentario