sábado, 1 de marzo de 2025

Ituren eta Zubieta uraren bidetik

Powered by Wikiloc


Iturengo etxeak

Uraren bidea, Donezteben hasi, Elgorriaga eta Iturengo lurrak zeharkatu eta Zubietan amaitzen da. Ibilaldia Ezkurra ibaiaren ondotik hedatzen da, oinez zein txirrinduz egiteko oso aproposa. Hemen proposatzen dugun ibilaldia, berriz, Uraren bidearen zati bat besterik ez da, Ituren eta Zubieta herriak lotzen dituena hain zuen ere. Inauterietan bi herri horietako joaldunek egin ohi duten lez, bi herrien arteko joan-etorria egingo dugu, baina kasu honetan Ezkurra ibaiaren beste aldetik.


Iturengo Marizeneko zubia
 

Herrian bi dira jatorrizko egitura mantendu duten Erdi Aroko zubiak, Marizeneko zubia eta Latsagakoa. Herriko sarreran dagoen Marizenekoan emango diogu hasiera ibilaldi honi. Erdi-puntuko arkua duen zubiak Ezkurra ibaiaren beste aldera igarotzen lagunduko digu eta bertan, Zubietaraino jarraitu beharreko bidea erakutsiko dizkiguten bide-seinaleak. Pista zabala jarraituz berehala helduko gara gisu-labe (kisulabe) baten ondora. Garai batean, Euskal Herriko etxeak eraikitzeko kareharria erabiltzen zen eta karobiak ziren material hori eskuratzeko labeak. Karobiak (Iparraldean eta Nafarroan gisu-labe izenez ezagunak), mendian egindako zuloak ziren eta horietan botatzen zuten kareharria egosi eta kaltzio oxidoa (karea) bihurtzen zuten, hauts moduko gai zuria.

 

Aurtitz

Gisu-labea atzean utzi eta Latsaga auzora helduko gara. Etxe-armarridun ederren artean zabaltzen den bidetik aurrera egingo dugu antzinako bide harriztatuarekin bat eginez. Aldapa irristakor batetik Latsagako zubira jaitsiko gara, Iturengo Erdi Aroko bigarren zubiaren ondora. Iturengo Latsaga eta Aurtitz auzoak lotzen dituen zubia eskuinera utzi eta Uraren bidetik aurrera egingo dugu. Bidea baso eta ibaiaren artean marrazten da eta, tarte batzuetan aldapa txikietan gorabehera ibiliko gara.

 

Latsaga auzoko etxeak

Hiru auzoen arteko muino batean dagoen Toursko San Martin eliza ikusiko dugu eta aurrerago, Aurtitz auzoaren ikuspegi osoaz gozatzeko aukera izango dugu. Auzoaren gainetik, Mendaurreko tontorretan Hirutasunaren (Trinitatea) ermita agertuko da. Borda baten ondotik igaro eta ibai aldera gerturatuko gara segidan. Baso misto eta larre artean hedatzen den bide zabal eta erosoan zehar  erraz egingo dugu aurrera. Ibaiaren beste aldean, XVI. mendeko San Anton ermita ikusiko dugu, Aurtitz eta Zubieta lotzen dituen errepidearen bazterrean.

 

Zubietako errota ekomuseoa

Landako bidetik jarraituz gertu ikusiko dugu Zubieta herria, eta bere goialdean nabarmentzen den Jasokundearen eliza. Baratza eta arto-soroen artean, etxe zaindu eta ederrak dituen Malerrekako herri honetan murgilduko gara. Ezkurra ibaia harrizko zubitik igaro eta zaharberritutako garbitegiaren ondotik zabaltzen den egurrezko pasarelara jaitsiko Zubietako errota ekomuseora ailegatzeko. Errepidean beste gisu-labe (kisulabe) bat dago. Zubietako “Errota” toponimoaren lehen erreferentzia  1547 urteko da, baina errota 1785ean eraiki zen, eta gaur egun martxan jarraitzen du. Ekomuseoak hiru zati ditu. Lehenak errotazainaren lanean murgiltzen du bisitaria, garia eta artoa nola ehotzen diren ikusiz. Segidan, erakusketa txiki batek, ehotze, zurezko artisautza eta usadiozko nekazaritzarekin lotutako tresna etnografikoak erakusten ditu, eta, azkenik, audio batek herriko usadioen berri ematen du.

 

Zubieta

Abiapuntura itzultzeko etorritako bidetik atzera egingo dugu eta, Iturena iristean, herriko etxe ederren artean, XVIII. mendeko udaletxea eta jauregia ikusi ahal izango ditugu. Behe Erdi Arotik izan da jauregi honen berri. 1712an, Ameriketan egondakoa eta “urrezko astoa” izengoitiz ezaguna zen Juan Bautista Cortajarenak jauregia eta horren ondasunak erosi eta gero, eraikina bota eta orain dagoena jaso zuen 1715erako. Marizeneko zubira heldu aurretik, Malerrekako herrietako arkitektura herrikoiaz eraikkitako  etxe artean ibiliko gara. Etxe horietako batzuk XVII. mendekoak dira, eta beste batzuek, berriz, elementu gotikoak dituzte.

 

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2025/01/ituren-eta-zubieta-uraren-bidetik.html 



No hay comentarios:

Publicar un comentario