viernes, 21 de marzo de 2025

Legarreako leizea

Powered by Wikiloc

 


Ibilbide honek Legarreako leizeraino igotzea du helburu. Gaztelun, 1936eko uztaileko matxinada militarraren ondorioz, Nafarroak bizi izan zuen krimenik bortitzenetako baten eszenatokia izan zen paraje naturala bisitatu eta 80 urtez, isiltasun itxi batek gorde dituen Sagardia-Goñi familiaren nondik norakoak ezagutu.     

 

Gazteluko Santo Domingo eliza

Gazteluko Santo Domingo elizaren ondotik abiatu, herriko kale nagusia zeharkatu eta bertako herri ostatuaren ondoan dagoen iturri-garbitokira iritsiko gara. 1888an eraiki zuten Kubara emigratutako gazteluar batzuk eta, 2008an, auzolanean eraberritua izan zen. Bertan, aspaldian behiak ferratzeko erabiltzen zen estira ikus daiteke. Haritzaldea, Sanjulur, Argiñazpi eta Otxartegiko baserri eta borden ondotik pasatzen den porlanazko errepide txikian barna igotzen jarraituko dugu. Joaneseko bordaren ondotik igaro eta gure mende izango dugun ikuspegi eder eta paregabeaz gozatzeko aukera izango dugu.


 

Kopako borda

Mendi aldera ateratzen den lurrezko pista baten ondora ailegatzean, errepidea utzi eta Kopako bordaren ondora iritsiko gara. Bide nabarmenak, pagadian murgildu eta Legarreako leizearen ondora eramango gaitu. Pago batean azpian leizea (burdinazko-barrez itxita), Sagardia-Goñi familiaren omenez Mikel Iriarte eskultoreak egindako oroimenezko eskultura eta azkenik, inguru honetan izandako gertakizun krudelak jasotzen dituen argibide-taula.

 

Legarreako leizea

Nafarroan krimenik lazgarrienetako bat gertatutako leize honetan bota zituzten Juana Josefa Goñi eta haren zazpi seme-alabetako seiren gorpuak. 1936ko abuztuaren 30ean, Gazteluko Juana Josefa Goñi Sagardia, 38 urteko emakumea bere seme-alabekin batera desagertu zen. Hamabost egun lehenago etxetik eta herritik kanporatuak izan ziren lapurreta txikiak egitea egotzita. Tarteko egun horietan mendian bizi izan ziren adarrez egindako txabola batean, Pedro Sagardia aitaren zain. Aita eta seme nagusiena gerrako frontera derrigorrez bidalita zeuden eta ezin izan zuten lagundu. 


Sagardia-Goñi familia

Gau horretan norbaitek txabola erre eta familia leizera bota zuen, ziurrenez aurrez erahilda. 2016ko irailean, Aranzadi Zientzia Elkartearen indusketa lanei esker, gorpuzkiak leizetik atera izanak baieztatu zuen kontakizuna egia zela, baina ez dago behin betiko adostasunik motibazioei buruz, aurreiritzi sozialak eta politikoak nahasten baitira. Urtebete geroago, 2017ko irailean, Sagardia-Goñi familiaren omenezko ekitaldi bat egin zen leizean bertan, eta, ondoren, Gaztelun, gorpuzkiak senideei eman eta herriko hilerrian ehortzi zituzten. Azpimarratzekoa da Jose Mari Esparza idazle eta historialariak egia azaleratzeko egindako ahalegina.

 

Mikel Iriarte eskultoreak egindako oroimenezko eskultura

Memoria Historikoaren Leku izendatutako paraje honetatik aldendu eta Irisoko bordaren ondoan dagoen porlanazko errepidera iritsiko gara. Mendiko bide zahar honetatik, Zamargiñeneko bordaren ondotik pasa eta Legasa herriraino jaitsiko gara. Herrian sartu gabe Bidasoako bide berdetik hirurehun bat metro bete ondoren, ezkerretik, Gaztelura zuzentzen den pista hartuko dugu. Baserri artean hedatzen den bide honetatik abiapuntura helduko gara, Gazteluko elizaren ondora hain zuzen ere. Tarte bat izanez gero, interesgarria da gertu dagoen herriko hilerrira joan eta Sagardia-Goñi familiaren hilobia bisitatzea.


Familiaren hilobia Gazteluko kanposantuan

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2025/01/legarreako-leizea.html

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario