Irakurriko
mendigunean, Ezkain lepoak bi mendi ezagun lotzen ditu: Irakurri eta Iruñarri
edo Elazmuño. Inguru hauek garai bateko transhumantziaren lekuko izan dira
mendeetan zehar eta bertatik ibiliz gero, monumentu megalitiko desberdinak
ikusi ahal izango ditugu. Leku desberdinetatik iritsi gaitezke bertara, baina
artikulu honetan, Ezkurra herritik igo eta ibilbide zirkular bat egitea
proposatzen da. Ibilbide osoa, zuhaitzen enbor, adar edota harrietan kolore
gorria duten marka desberdinekin (marra, biribil, gezi…) balizatuta dago.
 |
Maldan gora |
 |
Irakurri |
Ezkurra
haranean dagoen izen bera duen herrian emango diogu hasiera gaurko ibilbide
zirkular honi. Herriko pilotalekutik abiatu, errepidea zeharkatu eta gorago
dagoen latsarri zaharraren ondotik igotzen hasiko gara. Lehen seinaleak ikusi
eta maldan gora jarriko gara berehala. Baztaneko bordaren ondotik pasa eta
sigi-saga luzeak egiten dituen bide erosoan zehar erraz iritsiko gara pagadi
baten ondora. Ezkain lepora zuzentzen den pista hemen utziko dugu eta cahirn
batek (eta kolore gorriko seinaleek) pagadian murgiltzera gonbidatuko gaitu.
Berehala, Maloko Harria trikuharria ikusiko dugu eta orbela zapalduz basoaren
gain aldera igotzen jarraituko dugu. Pagaditik ateratzean, Irakurriko tontorra gero eta gertuago ikusiko
dugu. Garo artean marrazten den bidezidorrean zehar, Olegiko lepora doan pista
zeharkatu eta tontorrera igotzeko azken maldari ekingo diogu. Erpin geodesikoa,
kohete itxurako buzoia eta pilotari baten irudia duen beste bat. Ikuspegia oso
zabala da eta gertuko mendiak ez ezik, urrutikoak ere ederki begiztatuko
ditugu.
 |
Trikuharria |
 |
Arriurdiñeta |
Igotako
bidetik atzera egin eta Olegiko lepora jaitsiko gara eta bertan Ezkaingo lepoa
izena duen harrespila edo mairubaratzaren
ondotik pasa eta gero, Olegiko gainerantz joko dugu. Beherago ikusi dugun Ezkaingo
lepo zabalerantz abiatuko gara segidan eta bertan Olegiko mairubaratzaren
aurriak ikusiko ditugu. Aurrez aurre izango dugun Arriurdiñeta edo Iruñarriko
tontor aldera joko dugu eta azken malda
bide erosotik gainditu ostean, beste aldetik, antena erraldoiaren mantentze
lanak egiteko egin zuten errepidera jaitsiko gara. Bertatik ehunen bat metro
bete eta berehala ikusiko dugu Iruñarri zutarri bikaina. Gaur egun zutarri honek duen ospea dela eta, mendi osoak Iruinarri edo
Iruñarri izena du. Elezaharren arabera, Sansonek harritzar hau Donostiako Igeldo menditik edo Beruete
udalerriko Otsolako larretik hona jaurti omen zuen, aldiz,
beste batzuen esanetan Errolan edota jentilak izan omen ziren. Beste harritzar edo zutarrien kasuetan aipatu ohi den
bezala, harkaitza bere jaurtiketa ibilbidean motz gelditu eta Euskal
Pirinioetako txoko honetan erori omen zen.
 |
Iruñarri |
 |
Iruñarri |
Kondaira zaharren lekukoa atzean utzi eta marka gorriek erakutsiko
diguten norabidean jaisten hasiko gara pagadian zehar sartzen den pistatik. Bat
batean, seinale gorriek eskuin aldera jo (erne ibili!) eta bide jakinik gabe
pagadia zeharkatuko dugu. Sargenelleko borda behean ikusiko dugu, baina gu
bertaraino jaitsi gabe, bide balizatuak errekaren ondora gerturatuko gaitu. Hau
zeharkatu eta bide nabarmenak Ezkurra herriraino eramango gaitu galtzeko batere
arazorik gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario