sábado, 5 de abril de 2025

Menditxiki: Mendata eta Sakonetako flyscha

 

Mendatagainetik flyscharen ikuspegi zabala

Zumaiak, Itziarrek, Debak eta Mutrikuk osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta haren zati interesgarrienetako batean murgilduko gara, paisaia protagonista bakarra den lurretan, hain zuzen ere. Lau kilometro luze den ibilbidearen zati honetako paisaia liluragarrian, Mendatako portuari lotuta zegoen Itziarko Talaia ere bisitatuko dugu, labarren ertzetik aurrera egiten dugun bitartean. Zumaiatik Mendatako puntaraino hedatzen den kosta zati honetan “flysch” egiturak azaltzen dira, Erdi eta Goi Kreatzeoko kareharriz, margez eta, neurri txikiagoan buztinez osatuak. Ibilbide erraza eta ondo balizatua da; Gipuzkoako Biraren (GR-121) marra zuri-gorriek eta, bereziki, inguru hau ere zeharkatzen duen PR-Gi 5001aren zuri eta horiek erakutsiko digute zer bideri jarraitu behar diogun.
 
Mendatagainetik Mendata eta Sakonetako paraje ederrak

Ibilbideari hasiera emateko abiapuntu desberdinak ditugu: Elorriaga auzoa, Errota Berri jatetxea edo Itsaspe auzoa.  Azken honetatik gertu dagoen aparkaleku txikitik abiatuko gara. Mendatako kalara jaitsi aurretik, Mendatagainako muinora igoko gara horretarako bereziki landutako bidetik. Ikuspegi paregabea duen begiratoki honetatik egingo  dugun bidea ikusteaz gain, Kantauriko marearteko zabalgune handienetakoaz gozatzeko parada izango dugu.

Sakonetara jaisten
 
Etorritako bidetik atzera egin eta, aparkalekuaren ondoan dagoen hesia pasa eta gero,  porlanazko pistan barna jaisten hasiko gara. Lehen bihurgunera heldu eta ezkerretik, zelai txiki batean marrazten den xenda hartuko dugu. Egurrezko zubitxo batek Mendatako erreka gainditzen lagunduko digu. Aurrera eginez Mendatako kalara gerturatuko gara eta flischaren gertuko lehen irudia izango dugu. Geoparkean dagoen flyscharen garrantzia eta irudiak zabaldu zirenetik, paraje hauek bisitari ugari jaso izan ohi dituzte. Honek orografian eragin negatiboa izan du, bidearen zenbait tartek higadura handia jasan dute eta horren ondorioz, bide berri bat ireki da zenbait tartetan.
 
Itziarko talaia

Mendatagainari bizkarra eman eta aurrez aurre izango dugu aldapa txikiari aurre egingo diogu moldatutako bide horietako batetik. Gain txiki batera heltzean, bide nagusia utzi eta eskuinetik zabaltzen den maldan metro batzuk gorago, Itziarko Talaia izandakoaren hondarrak ikusiko ditugu. Eta, bertan, talaia honi buruz azalpen hau irakurriko dugu: «Balearen arrantza Erdi Arotik jarduera garrantzitsuenetakoa izan zen euskal kostaldean. Inguruko herrien artean egiazko lehia izaten zen balea nork harrapatuko, eta itsasoan zetazeoa bistaratzea zen lehen urratsa lasterketan ateratzeko. Talaia hau, Mendatako portuari lotuta zegoen. Itziarko biztanleek eta Itxaspeko baserriek abantaila txiki bat izan zezaketen dorre honetako seinaleak ezin baitziren bistaratu Deba, Mutriku eta Ondarroako herrietatik».

Sakonetako flyschean
 
Balearik ez dugu hemendik begiztatuko; beraz, maldan igotako xendatik bide nagusira itzuliko gara. Aurrera segi eta berehala iritsiko gara Sakonetako lurretara. Labarren  gainetik marrazten den xendan barrena itsas ondoraino jaitsiko gara. Inork nahi izanez gero, Sakonetako puntara igotzeko aukera izango du, baina betiere kontu handiz. Zubitxo batek Sakonetako erreka gainditzen lagunduko digu eta metro batzuk aurrerago atsedengune bat ikusiko dugu. Garai batean, Zentral Nuklearra egin nahi izan zuten hemen, eta, zorionez, herritarren presioagatik lortu zen gaur egun gozatzen dugun ingurune paregabe hau zegoen bezala uztea.
 
Portutxiki

Atsedena hartu aurretik, artadi eta baratza baten ondotik marrazten den bide aurrera jarraituko dugu Portutxikiko behatokira iristeko. Lurraren historiako pasarteak gordetzen dituen paisaia ikusgarria agertuko zaigu begien aurrean. Panoramika zabala bezain erakargarriaz gozatu eta gero, etorritako bidetik abiapuntura itzuliko gara, baina merezi du Sakonetan pausatu eta itsasertzeko babestutako biotopo hau gertuagotik ezagutzea, beti ere kontuan izanik erreserba gune batean gaudela. Horretarako,  bidean dauden informazio-tauletan agertzen den araudia irakurri eta errespetatzea ezinbestekoa da.
 
 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko


Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario